Predikua edo homilia mezaren ospakizunean ematen den ahozko azalpen bat da; eta idatzitako predikuak, oro har, gero ahoz aldarrikatuak izateko pentsatzen dira. Manex Erdozaintzi-Etxartek idatzita utzi dizkigun predikuek baldintza hori betetzen dute salbuespenik gabe. Beraz, izkribu horietan izaera horri lotutako honako ezaugarri bereziak atzeman ditzakegu: - Luzaera motzekoak dira: minutu gutxi batzuetan azalduak izateko. - Idazkera Sakratuarekin lotuak daude: oro har, ospakizun liturgiko baten testuinguruan zabaltzen dira eta lehenago irakurri den Biblia edo Ebanjelioko pasarteari erreferentzia egiten diote. - Herriari zuzenduak daude: kasu batzuetan publiko berezia izan arren, jende arrunta da, oro har, predikua jasotzen duena. Ez dira idazki zailak, konplikatuegiak edo korapilatsuak, erraztasuna bilatzen dute eta ez dituzte ideia anitz batera ematen. - Bizitzarekin lotuak daude: idazki pastoralak dira. Egileak entzuleen bizitzan praktikotasuna izanen duen gai bat aipatzen du jokabide, eredu edo aholku bat emateko gogoz. Erlijio-pentsaera eta eguneroko bizitza lotzen saiatzen da. Manexek dioen bezala herriaren bizitzan barneratuak dauden auziak aipatzen ditu. - Politika-gaiak: Euskal Herriaren egoera, langileria, nazioarteko gatazkak (Kuba, Aljeria), kapitala... behin eta berriz errepikatzen dira predikuetan. Sailkapenean hizkuntzaren irizpidea hartu dugu kontuan. Izan ere, hizkuntzak lehen aukera bat egiten baitu gaiari dagokionez: ez da ber gauza entzuleria euskaldunari edo frankofonoari zuzentzea. Beraz, bi azpi-multzo hauek bildu ditugu: 1. Predikuak euskaraz 2. Predikuak frantsesez Gordetze fisikoari dagokionez, bi azpi-multzoak bi artxibategietan kokatu dira: - Artxibategi 1: predikuak euskaraz. - Artxibategi 2: predikuak frantsesez.
Azpikapitulua | Lehen fitxa | Azken fitxa |
---|---|---|
Euskarazko Predikuak | 1.001 | 1.065 |
Frantsesezko predikuak | 2.001 | 2.149 |
Komunione handietako predikuak | 2.151 | 2.158 |