MANEX ERDOZAINTZI

Pentsamendua

PENTSAMENDUA izeneko sail honetan Manex Erdozaintziren testu argitaragabeen informazioa ematen duten hainbat fitxa-multzo biltzen dira. Sekula argitaratuak izan ez diren agirien fitxak beraz, zeinetan idazkia artxibatua dagoen tokiaren erreferentzia eta Manexek testu horretan agertzen duen gaiaren berri ematen baita.

Zergatik fitxa horiek?
Manex Erdozaintzi-Etxarten pentsamendua ezagutzeko ez da aski argitara eman ziren testu gutxiak aztertzea; gogoratu behar dugu Manexen idazki gehienek ez zutela sekula argia ikusi, alta bada, gauza pertsonal gisa, bere liburutegian artxibatuak geratu ziren. Idazki horiek gaitegi zabala aztertzen dute: erlijioa, politika, gizartea, herria… Manexen pentsamendua ezagutu eta ikertu nahi duenarentzat ezinbesteko gaiak. Xabier Lasak, Manexen biografia prestatu zuenean, argitaragabeko testu horiek guztiak artxibatzea izan zuen lehen lana, orduan osatu ziren sail honetan eskaintzen ditugun fitxak, eta orduan bezala, gaur ere fitxa hauek mesede handia eginen diote Manexen pentsamendua ikertu edo ezagutu nahi duenari. Horregatik eskaintzen ditugu hemen.

Zer informazio ematen dute fitxek?
Fitxen lehen helburua testuaren kokapen fisikoaren berri ematea da, alegia, agiria non dagoen gordeta jakinaraztea. Fitxaren kodeak ematen digu horren berri. Idazki guztiak, noski, Donapaleuko Frantziskotarren Komentuko Liburutegian zeuden, bertako artxibategietan bilduak; Kodeak, beraz, artxibategiaren zenbakia ematen digu lehenik eta artxibategiaren barrenean idazkiak duen zenbakia gero. Bigarren helburua idazkiak dakarren informazioaren berri ematea da: egileak sinatua ote dagoen, datatua ote dagoen, idatzita dagoen hizkuntza eta agiriaren luzaera. Azkenik aztertzen duen gaiari buruzko azalpen bat ematen da. Horretaz landa, agiria garrantzizkoa bada, bertan agertzen diren esaldi aipagarrienen transkripzio literala (hitzez hitzezkoa) ere ematen da.

Bukatzeko aipa dezagun momentuz lau multzo besterik ezin daitezkeela eskaini, erlijio-pentsamenduarekin lotuenak, hain zuzen: Predikuak, Euskal Herriko Erlijiosoak, Frantziskotar idazkiak, Herria eta Eliza. Inportanteenak dira, hain segur, baina beste hainbeste falta dira. Gure asmoa da sail hau eguneratzen joatea, prestatzen dugun heinean informazioa haziko da eta sail garrantzitsu honek gero eta zerbitzu gehiago eskainiko du.

Xabier Lasa Gorraiz

Kapituluak
Kapitulua
Predikuak
Frantziskotar idazkiak
Herria eta Eliza
Euskal Herriko erlijiosoak
Fededunak batasuna eta Argi bil taldea

 

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons