MANEX ERDOZAINTZI

ZURE BEGITARTEAREN HONAINDIAN

Emeki-emeki zeru zohardiak

Inguratu eta bildu gintuen bortu gain hartan

Izarrak kondatzeaz burtxoratuak eta

Gure pentsamenduen zabalaz izituak

Leize ilun baten aurrean izan baginte bezala...

Olan sartu gintuzun, ixil-ixila

Gure pentsamendu leize aurrean beldurrak hartuak

Izarigabeko zeru zohardi zabalak

Huxatzen bagintu bezala

Ola hertsi baten murru parata beltzen bilgialat

Bortu gain hartan...

Eta geure gorputzen izateak

Galdu genituen memento bat

Ilunpearen babesean

Gorde eta ahantzi genituen

Memento bat!

Ordoki eta nabak gauean berdintzen direlarik

Zeru zohardiaren ixiltasunak baretzen dituelarik...

Burutik behera dohakit

Leize zulora botatu harrien pirripita lasterra

Eta barruan galtzen den soinu ozen baten musika...

Leize beraren barne beldurgarrian

Dohazkit

Nere atzoko lanak, urratsak, eneguak

Nere amets eta bihotz ikara zoroak...

Eta han nonbait desegiten dirade!

Ala ilunpea urruntzeaz

Ala mugimendu zerbaiten intziriaz

Bizia sentitu beharrez ala

Nik dakita, beste zerbaiten gutiziaz

Hurbildu zinen supazter ondora

Eta hasi zinen hautsa harrotzen:

Hauts-puloa, polliki-pollikiņo kitzikatu zenuen...

Mugimendu ixil batean

Su-hazi pikor baten bila

Hautsa mugimendu lasaiez barreiatu zenuen:

Su-hazia hasi zen polliki-pollikiņo ilunpea urratzen...

Eta gero, abar xeheak ezarri zenituen

Pausatu ere, ttartteka, egur mehe zenbait:

Sua

Su eder bat

Abiarazi zenuen mugimendu lazo batean

Eta sua

Dantzan hasi zen

Olako murru paratetan

Eta suak

Zure begitartea argitu zuen

Eta berexi zuen

Ilunpetik

Eta animatu zuen

Gauaren ixilean

Zure begitartea...

Haizearen arina zenuen gorputzean

Eguzkiaren dirdira begietan

Iratzeen usaina larruan...

Bele-erroiak eta buitriak

Ardi hil baten haragiaz aseak

Harroka zuloetan antzakatzen direlarik...

Mendi bazterrak gauaren ixiltasunaz

Jabaltzen direlarik...

Eta su-lamaren argiak

Zure begitartea

Ilunpetik ateratzen duelarik...

Bihotzeraino dohakit

Zure mugimendu bilduen hunkia:

Harrotzen eta, polliki-pollikiņo, arrapizten dizkidatzu

Maitasun baten hazi kukutua...

Gutizia xoil bat

Desira bero bat

Bizia

Bizitzea...

Haizearen arina zenuen gorputzean

Eguzkiaren dirdira begietan

Iratzeen usaina larruan...

Atzoko nere ahaideak, lagunak, adiskideak

Nere desira eta bihotz pilpira nahasiak

Zure begitartearen haraindian

Urruntzen dirade!

So egiten zenidan...

Etorri nitzaizu

Abere kolpatu baten antzera

Neure bizitzaren bide hautsiak

Daramazkit bihotzean

Gorputz nekatu honen

Hezur inguruetan koropilatuak...

Flakezia handi bat sentitzen dut

Ez jakin zergatik

Akidura astun bat

Hezur inguruetan geratua...

So egiten nizun

Abere flakatu baten antzera...

So egiten zenidan...

Haizeak, lanoak, trumoiak,

Euriak, elurrak...

Oro ditu mendiak jasaiten, irensten...

Mendiari ez zaio endurtzen

Bere zabalaren oparotasuna...

Mendiaren zabaleran

Ez da onoatzen eguzkia

Ez da etsitzen ilargia...

Etorri nitzaizu

Abere flakatu baten antzera...

Emeki-emeki zeru zohardiak

Inguratu eta bildu eta tinkatu gintuen

Bortu gain hartan

Gau barruan

Bagenizin okupazio:

Suari begira

Geure besoak kurutzatu genituen

Mendiak zelaiekin egiten diren bezala

Suari begira

Gure begiak ihes zohatzin

Eguna gauaren barrura dohan bezala

Gure eleak zohatzin

Beren segeretu eta guziekin

Txinkak bezala

Gure pentsamenduak zohatzin

Airean ilaņak bezala...

Suari so eta beha

Elkar goaitatzen eta

Ezin aurkituz

Bagenizin okupazio

Orduan!

Gutizia xoil bat

Desira bero bat

Bizia

Bizitzea...

Ordoki eta nabak gau zohardi betean gordeak direlarik

Bele-erroien eta buitrien karrankak ahantziak direlarik

Su baten dantza arina murru paratetan erortzen delarik

Eta su-haziaren dirdira ahula ilunpean galtzera dohala

Zure gorputzaren mugimendu murritzak loan baretzen dirade...

Ixiltzera dohakit, aldiz, polliki-pollikiņo,

ezpainetan

Maitasun galde baten ele minbera!

Xuberoko Bortuan, 1977ko irailean

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons