MANEX ERDOZAINTZI

EGUBERRITAN

Nere haur denboran: sukaldea, etxondoa, alorrak, oihanak, mendiak, kaleak..., denak ziren ikastola. Neska-mutilak , herrian zehar eta bidez-bide, goatzin kanta eta dantza, jauzi eta zalaparta. Etxondoko bazter haietan ere zerbait egiten ginuen, noiz nola, Ait-amen inguruan, ondotik edo... urruntxago. Neguko hotzak biltzen gintuen denak supazterrari hurbil eta Eguberritan bizitzeak bazuen halako ikatz gorri itxura bat!

Ikastolako haurren abotsak

Gure herriko bihotz alaiak...

Herrian zehar elkar lotuak

Zalu doatzi neska-mutilak...

Berek kantatu aire berriak

Denentzat dira hunkigarriak...

NEGU BELTZEKO EGUN TRISTEAK

GAINDITZEN DITU BOZKARIOAK!

Mahai gainean basa liliak

Goizean goizik amak bilduak...

Amak Aitari hunkiz begiak

Erran dizkio solas goxoak...

Aitak Amari hartuz eskuak

Ahanzten ditu egin nigarrak...

EGUBERRITAN BIHOTZ GOIBELAK

ALAITZEN DITU BOZKARIOAK!

1976ko Abendoan

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons