HIRI BEHA ETA HI ENTZUTEAN...
Doatzi... Goatzi pasaian... Nonbaiteko kantuekin eta hitzekin eta aireekin. Doatzi, goatzi laster eta pasaian... Gau batez hemen, beste batez nonbait. Horrela etorri hintzen lagun andana batekin eta gure aurpegiak itzulikatu zintunan eta gure soak kurutzatu gure etxeko supazter inguruan. Erabili eta murmurikatu eta kantatu gintuen nonbaiteko hitzekin joan zunan, ixil-ixila, goibel eta uzkur, gure barneko mundua. Gure aurpegiak itzulikatu gintinan eta gure soak kurutzatu, hiri beha eta hi entzutean, ikatz gorri baten dirdiran. Hire eta gure sendimenduak, hire eta gure asmoak, hire eta gure arrenkurak... ahantzi gintinan hautsak ikatz gorria kukutzen duen bezala. Eta joan hintzen eta gazte andana, bederazka edo hirunazka, desegin zunan gaua goiz aldera egiten den bezala. Joan hintzen hire gitarra eta hire mandolina besapean. huen izena.
Gitarra eta mandolina
Biak aldizka eskuetan erabili hintuen
Batan ala bestean soinu goibelak atera hintuen...
Supazterrean bilduak ginen gau hartan
Suari hurbil so ahantzi batean
Elkarren ondoan hautsa eta itxinduak bezala
Elkarri tinki ginaudelarik eta hiri beha
Hautsa suari bezala enbor errearen azpian
Hi entzutez supazterrean ahantzi ginen gau hartan...
Zendako beste batzuk moldatu kantu horik?
Zendako beste batzuk lerrokatu hitz horik?
Zendako beste batzuk bildu aire horik?
Gitarra eta mandolina
Biak aldizka eskuetan erabiltzen hintuen
Batan ala bestean soinu goibelak ateratzen hintuen...
Hire begiko ņir-ņirra tristea
Gitarra ala mandolina hartzean eta inguratzean
Hire aurpegiko itxura iluna
Gitarraren gorputz meharra besarkatzean
Mandolinaren gorputz koxkorra tinkatzean
Supazterrean bilduak ginen gau hartan...
Nonbaiteko kantuak hautatzean
Nonbaiteko hitzak ekartzean
Nonbaiteko aireak kantatzean
Gitarra eta mandolina
Biak aldizka eskuetan erabili hintuen
Batan ala bestean soinu goibelak atera hintuen...
Supazterrean bilduak ginen gau hartan
Suari hurbil so ahantzi batean
Elkarren ondoan hautsa eta itxinduak bezala
Elkarri tinki ginaudelarik eta hiri beha
Hautsa suari bezala enbor errearen azpian
Hi entzutez supazterrean ahantzi ginen gau hartan...
Enbor egurrak su bihurtzean
Enbor egurrak hauts bilakatzean
Ikatz gorri gorri bat
Bakarrik gelditzean
Hauts metaren beroan...
Hire begiko ņir-ņirra tristea
Gitarra ala mandolina hartzean eta inguratzean
Hire aurpegiko itxura iluna
Gitarraren gorputz meharra besarkatzean
Mandolinaren gorputz koxkorra tinkatzean
Supazterrean ixildu ginen gau hartan...
Nonbaiteko kantuak hutsak bihurtzean
Nonbaiteko hitzak motzak bilakatzean
Nonbaiteko aireak hautsiak gertatzean
Hire eremu gordea
Bakar-bakarrik agerian
Ikatz gorria bezala
Hauts metaren beroan...
Zendako arren beste batzuk moldatu kantu horik?
Zendako arren beste batzuk lerrokatu hitz horik?
Zendako arren beste batzuk bildu aire horik?
* * *
So kolpe batez
Ikatz gorria hunkitzean
Hire mundu gordean
Mila sendimendu eta amets
Mila asmo eta xede
Hasten ditun harrotzen, eraikitzen eta bizitzen...
Hire mundu gordeak
Ikatz gorria biltzean
Bere kantuak hasten ditin murmurikatzen
Bere hitzak abiatzen ditin lerrokatzen
Bere aireak laguntzen ditin moldatzen
Hire mundu gorriak...
Bihar edo etzi
Gitarra ala mandolina hartzean eta inguratzean
Bihar edo etzi
Gitarraren gorputz meharra besarkatzean
Mandolinaren gorputz koxkorra tinkatzean
Bihar edo etzi
Hire mundu gordea
Mintzatzen eta
Kantatzen
Atrebituko denean
Bihar edo etzi
Ikatz gorri baten ņir-ņirra
Hire begietan dantzatuko denean
ikatz gorri baten beroa
Hire aurpegian itxuratuko denean...
Ahantziko ere ditun
Nonbaiteko kantuak
Nonbaiteko hitzak
Nonbaiteko aireak
Gitarra eta mandolina
Biak aldizka eskuetan erabiliko ditun
Batan ala bestean soinu alaiak aterako ditun
Hire kantuekin
Hire hitzekin
Hire aireekin
Ikatz gorrian moldatuak...
Supazterrean bilduko garen gau batez
Suari hurbil so ahantzi batean
Elkarren ondoan hautsa eta itxinduak bezala
Elkarri tinki agituko garen batez eta hiri beha
Hautsa suari bezala enbor errearen azpian
Hire lagun supazterrean ibiliko gaitun
Ikatz gorri bat hunkitzen
Enbor errearen azpian...
Eta gure mundu gordean
Mila sendimendu eta amets
Mila asmo eta xede
Hasiko ditun beharba harrotzen, erakitzen eta bizitzen
Beharba...
Mila kantu berri aterako ditinau
Gure hitzekin
Gure aireekin
Hiri beha eta hi entzutean
Ikatz gorri baten dirdiran
Eta gauak ez din iluntzerik izanen
Beharba...
1976ko Urrian