MANEX ERDOZAINTZI

ASKATASUNAREN AMETS ZOHARDIA...

I

Hodei beltzak

Hodei beltzak

Jautsi dira

Mendi kaskoetatik behera...

Euskadiko bide zaharretan

Askatasuna

Izitua galdu da...

ZER ZUEN APARTEKORIK GURE HERRIAK?

Euri eta zitzer erauntsiak

Hodei beltz harmatuak

Lehertu dira

Hirietako karriketan...

Euskadiko plaza inguruetan

Askatasuna

Funditua itzali da...

NONGO MADARIKAZIOAK JO ZUEN GURE HERRIA?

Hodei marrumak

Hodei garrasiak

Baderabiltza

Itsas hertzetik zelai barruraino...

Euskadiko leize ziloetan

Askatasuna

Ezindua amildu da...

NORK ZUEN ERABAKI GURE HERRIA SUNTSITZEA?

II

Euria eta zitzerra

Ez baitziren atertzen

Hodei harmatuak

Eta hodei marrumak

Ez baitziren jabaltzen

Madarikazioak ez baitziren ixiltzen...

Askatasuna

Berebaitaratu zen eta

Oroitzen hasi zen...

Txabi, Poeta, Iharra,

Mikelon eta Txikia eta Txapela

Eta Euskadiko xenderetan hil dizkiguten

Iraultzaileen zerrenda luzea

Nere haurrak ziren

Maliziarik gabeko

Nere semeak ziren...

Eta Txiki eta Gotzon Otaegi eta Jesus Maria Zabala

Hedailo errautsean odol hustuak utziak

Nere semeak ziren

Beren aita-amak eta beren haurrideak

Beren hauzokoak eta beren herrikoak

Nere haurrak diren bezala...

Beren aita-amak eta beren haurrideak

Beren hauzokoak eta beren herrikoak

Esplotatuz eta zapalduz eta umiliatuz

Hiltzen dituzten bezala, egunero, beren legearen izenean

Hil dizkidate beren justiziaren izenean!

ZERTAZ HOBENDUN ZEN GURE HERRIA?

Askatasuna

Oroitzen ari zen oraino eta

Kezkatzen hasi zen...

Bat, biga, hirur eta... ehun

Berrehun-eta-berrogoita bost

Besteak beste...

Espainiako presondegietan sakatuak

Nere haurretarik dira

Eta min dut bihotzean

Eta sofritzen dut

hezurretan...

Maite zuten primaderako loreen usaina

Arrats apalean maite zuten iguzkiaren pereka

Itsas barean eta mendi kaskoetan...

Aitatxiren kondaira behatzen zuten, harrituak eta xoratuak.

Negu minean supazter xokoan

Eta lasterka egurtegian kukutzen ziren

Amatxik erasiak hastean...

Lagunkinak ziren nere haurrak eta maitagarriak

Plazaz-plaza eta ostatuz-ostatu zoatzilarik

Lagunkinak ziren lanean eta jostetan

Kantuan eta dantzan berantzen zirelarik gauaren luzean

Presondegietan zurmintzera kondenatu dizkidaten

Nere izerdiaren haurrak

Eta min dut erraietan...

Beren aita-amak eta beren haurrideak

Beren hauzokoak eta beren herriko lagunak

Baserrietan eta uzinetan eta eskoletan

Heziz eta alienatuz eta burtxoratuz

Xurgatzen dituzten bezala, egunero, beren legearen izenean

Ebakitzen dizkidate beren justiziaren izenean!

NONGO MADARIKAZIOAK JO ZUEN GURE HERRIA?

III

Hodei beltzak

Euri eta zitzer erauntsiak

Hodei harmatuak

Lehertzen dira

Euskadiren

Hego eta Iparraldean...

ZER ZUEN APARTEKORIK GURE HERRIAK?

Askatasuna

Kexatu zen eta

Erabaki zuen Xutitzea...

Hego eta Iparraldea

Nere lurrak dira

Mixel, Peio, Arantxa eta Terexa

Nere seme-alabak diren bezala...

Hego eta Iparraldeak

Burrukan diraute

Iņaki eta Miren

Arrosa eta Ellande

Eta nere beste seme-alaba guziek

Burrukan dirauten bezala

Mendi-zelaietan eta itsasoaren zabalean

Baserri eta uzinetan eta eskoletan

Nere seme-alaba guziek

Burrukan dirauten bezala

Esplotatuak eta alienatuak eta umiliatuak

Ez izateko

Xurgatuak eta zapalduak eta madarikatuak

Ez izateko...

Beren aita-amak eta beren haurrideak

Beren hauzokoak eta beren herrikoak

Egunero burrukan dirauten bezala

Hego eta Iparraldeko

Nere lurretan

Gure lurretan

Jende libroak izateko...

OI GAU ZOHARDIA NERE BEGIEN AMETSA

ETA LARRAZKENEKO HAIZE EPELAREN HUNKIA

SOIN HEGIETATIK BIZKARREAN BEHERA

ETA IGUZKIAREN BEROA NERE AURPEGI BUSTIAN...

JOANGO NAIZELARIK BIDEZ-BIDE ETA KARRIKAZ-KARRIKA

NERE HERRI LANGILEAREN URRATSEAN

NERE HERRI LANGILEAREN BIHOTZEAN

NERE HERRI LANGILEAREN ERRAIETAN...

HASIKO NAIZELAIK KANTAN ETA DANTZAN

NERE HERRI LANGILEAREN PLAZETAN...

OI ZAU ZOHARDIAREN BETEA

NERE BIHOTZEKO AMETSA!

Batekoak hamarrekoa dakar

Hamarrekoak ehunekoa dakar

Ehunekoak milakoa dakar

Eta milakoak

Miliunak, miliunak eta miliunak dakarzki...

Hego eta Iparraldean

Euskadik

Milakoan

Miliunak, miliunak eta miliunak dakarzki

Nere izerdiaren seme-alabak

Beren aita-amekin eta beren haurridekin,

Beren hauzokoekin eta beren herritarrekin

Hitzartzen direlarik

Juntatzen direlarik

Burrukarako

Iraultzarako

Amodiorako

Zin egiten dutelarik

Beren legearen izenean

Beren justiziaren izenean...

OI AMETS ZOHARDIA NERE GOGOAREN AMETSA

ETA LARRAZKENEKO HAIZE EPELAREN HUNKIA

SOINHEGIETATIK BIZKARREAN BEHERA

ETA IGUZKIAREN BEROA NERE AURPEGI BUSTIAN...

JOANGO NAIZELARIK BIDEZ-BIDE ETA KARRIKAZ-KARRIKA

NERE HERRI LANGILEAREN URRATSEAN

NERE HERRI LANGILEAREN BIHOTZEAN

NERE HERRI LANGILEAREN ERRAIETAN...

HASIKO NAIZELARIK KANTAN ETA DANTZAN

NERE HERRI LANGILEAREN PLAZETAN...

OI AMETS ZOHARDIAREN BETEA

NERE GOGOAREN AMETSA!

1976ko Urrian

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons