MANEX ERDOZAINTZI

EUSKADIKO KARRIKAK

Karrika beltzak

karrika ilunak

Plaza Nagusietarateko

karrika apurtuak!

Hartu zizkiguten denboratik

Zaintzen zizkiguten denboretan

oligarkoek eta jauntxoek eta eskuindiar orok

zenbat solas, zenbat tratu, zenbat irri

gure bizkar

karrika beltzetan

karrika ilunetan

karrika apurtuetan

patxadan ibilki ziren denboretan

harmen puntan zainduak atxikitzen zituzten

Plaza Nagusietan!

Guretzat bilakarazi zituzten

karrika arriskutsuak

Plaza Nagusietarateko

karrika harmatuak

parias eli baten antzeko

ikusten gintuzten denboretan

oligarkoek eta jauntxoak eta eskuindiar orok

uxatzen, zafratzen eta tirokatzen gintuzten denboretan

parias eli bat ginen denboretan

karrika zilokatuetan

karrika bihurrietan

Plaza Nagusietan gaindi harrapatuak eta zanpatuak

indarka akulatzen gintuzten denboretan

guretzat bilakarazi zituzten

kartzelarateko karrika madarikatuak!

Karrika beltzak

karrika ilunak

Plaza Nagusietarateko

karrika gartzelatuak!

Baina

parias eli hau ohartu zenean

sortzen ikusi zuen lurra berea zuela

uzinetan eta lurgintzan eta artzaingoan eta arrantzan

ari eta ari zen langileria berea zuela...

Parias eli honek erabaki zuenean

hauk guzien izerdi beltzak

itsasoan galtzea ez zuela merezi

hauk guzien indarrak eta lanak eta biziak

pantza handi horik bazkatzen xahutzea

ez zuela balio...

Parias eli honek erabaki zuelarik

burruka gogor bat abiatzea eta eramatea...

Lili gorriak

lili xuri ta beltxak

lili perde ta horrailak

askatasunaren margoak

hasi ziren loretzen

iraultzaren hildoetan

Euskadiko karriketan!

1976ko Uztailan

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons