MANEX ERDOZAINTZI

NON DIRA SANTIAGORATEKO BIDEAK...

Salvador Allende
Eta Txileko zapaldueri

Nondik norat

doatzi

ihes

ala zeren

noren

bila?

Ihintzean garbitu

zango zikinak eta

lana beltzen artetik agertu

iguzki printze bakarrek

xukatuak

Hor gaindi ziren nahasiak

berexiak banatuak eta urrunduak

atzoko beren etxe txarretatik haizatuak...

Lanik bazutenez

ogi poxi bat baratxuriz perekatua

bular agertuen goseaz nigarrez ari ziren haurrak antzakatzeko

lur xerrenga bat bederen

bazutenez

fabrikatik lekora izerdi sano bat

bizkarrean behera senditzeko

nihork ez zakien

Ez, omen, Jaunak

Ez eta berek

zerengatik

mahai gainean zuten azken ogi kaskoa

nonbaiteko txakurrek eraman zioten

eta nolaz egun

beren emazteak eta beren gizonak eta beren haurrak

nahasiak berexiak banatuak

beren trapurik gabe

hor gaindi zoatzin

atzoko beren etxe txarretatik

botaiak

Ez, omen, Jaunak

nihork nihon ez zakien...

Alta

ez ziren ez

jende gaixtoak

burua apal zoatzin gizonak goizetan

argi xirrintean

fabriketara, bide egitera, lur

haitzurtzera eta emazteak ere burua apal

hori ere segurenik bestetan bezala

edo bezalatsu

haurrak troxatzera, jatekoa prestatzera

bi solas hauzokoekin egitera

eta asterian sua piztera

Ba, Jaunak, ba.

Kasu

beharba

ez ote zenez

egun batez, lanetik etxeratekoan

zuzentasun minak

elkarretaratu zituelakotz

Santiagoko plaza nagusian

huxtuz eta oihuz eta kantuz

holaxet hasi zirelakotz

eta askatasun indar bat hor

Santiagoko plaza nagusian

bildu zutelakotz eta berekin etxera eraman...

Izarreri begira

sua piztua zuen amatxik:

gizonak emazteak haurrak

bildu ziren

ez ziren ez jende gaixtoak

gau hartan esnean broskaturik

beren ogi kaskoa jan zutenak

eta belauniko

ohera joan aintzin

itxindueri begira

askatasuna kantatu zutenak

ez ziren ez

jende zitalak

izarren dirdiraz beren Herria

argitu nahiko zutenak...

Biharamunean

1973ko irailak 11

berek ere ez zakiten

nongo ekaitzak

bezperan amatxik piztu sua hil zioten

eta zerengatik

mahai gainean zuten ogi ondarkina

Txakurrek eraman zioten

eta nolaz iguzkia ez zitzaien agertu...

Hor gaindi zoatzin nahasiak

berexiak banatuak eta galduak

atzoko beren etxe txarretatik

desjabetuak...

Nondik norat

doatzi

ihes

ala zeren

noren

bila

nondik norat

haztamuka

erasian eta nigarrez...

Non dira non

zuk, Jauna,

ba ahal dakizu

non diren

Santiagorateko bideak...

1973.ko Urrian

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons