MANEX ERDOZAINTZI

Noizbait ur xirripak zilatu zuen lur axala nunbaitik ere haritz baten azpian, eta ixuri zen deskantsuan. Ahurrean edan nuen turrustatik: ur ona gertatu zen! Bihotzean sortzen da olerkia. Gizaki bihotz guziak dira olerki sorgiak. Ene ustez segurik! Bainan nolako bihotza halako poesia. Bere sentsuen bidez bihotzak ditu hartzen munduko gertakarien, eta bakotxaren bizitzean agitzen diren zer guzien joera. Ixtripu baten ondorioez hil zitzautan anaia bat: zazpietarik bat, berrogoita bi urtetan! Gazte zen eta bizi nahiaren indarrak zeraman. Leku haundi bat bazuen ene bihotzean; kolpe batez leku hori hustu da! Zaukan leku hortan, zauri bat agertu zaut: ene arima gune minbera bat baratuko da, betikotz! Gune hortan sortu da olerki hau. Bada bide bihotzetik gogoraino! Bada bide gogotik luma ixurgiraino! Ur xirriparen gisa, noizbait olerki hau hasi da lumatik behera ixurtzen. eta paper baten zelaian, bere gisako hitz zonbaiten lerrokatzen! Ixuri arau biltzerat entsegatu, deusik galtzerat utzi gabe. Agortu denez? Ez dakit! Olerki ona gertatu izan denez? Zuk erranen, olerki zalea!

Gogoak eskuari:

Mogi hadi hortik, esku nagia!

Hea zalukara ibil hire erhi bareak

Ez baitezaket gehiago ohatu

bihotzak ixuri olerki burrusta.

Harrezak luma hori perestuki

Eta idatz nik erranak

Urrezko letretan...

Denborak ez ditzan utz galtzerat...

Eskuak gogoari:

Untsa gaur haiz erne!

Ala uste duk eguna ez dela aski luze izan hire manupean!

Gogo moldagaitza!

"Harrezak luma..."

Beti ber errepika: luma eta beti luma...

Sekulan ez pilota partidaņo bat!

Sekulan ez tresna bat lurgintzako!

Sekulan ez maiteen perekatzeko!

Sekulan! Sekulan!

...

Halere bere tema gaixtoa utzirik eskuak hartu zuen luma.

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons