Aspaldi hontan haize hegoak zoratu zidan burua
Zenbait bertsotan behar nuela trebatu neure gogoa:
Hasi bainintzen eroturikan laxo-laxorik papoa
Segur ez nuen halere galdu usaiako lo gozoa!
Asko gaiekin kezkatu nintzen ezin jakin zein hautatu
Azken finean hauzi gogor hau honela nuen trenkatu:
Iparraldeko bertsolariak elkarrekilan juntatu
Bina bertsotan nahi nituzke alegeraki aipatu!
Ezin ahantzi dezakeguna Xalbador Urepeleko
Hainbeste bertso bota baitzuen Euskal Herri guzirako:
Bizitzeak jo bihotz zaurtuak amultsuki soleitzeko
Artaz lotu zen ele lan hontan jeinurekin jokatzeko!
Lagunartean nola etxean bakean nihoiz egonki
Goizetik arrats bihotz kezkati zerabilakan tristeki:
Mezu berri bat nahiz moldatu ahal balitzan alaiki
Ezinbestean ele zorrotza sortzen zitzaion saminki!
Larrazkeneko heriotzeak ebaki zion bihotza
Euskal Herria soan bildurik erori baitzen hil hotza:
Pena handitan oihartzun baten xutik ematen gabiltza
Behin betikotz ez dadin suntsi odolean sortu hitza!
Neurri oneko gizon pollit bat atera zaigu Ahetzen
Aurpegi gorri begi erneak mintzoa finki botatzen:
Izpiritua zalu ta laster orotara du bihurtzen
Nolaz ez ditu zangoak ere arabera erabiltzen!
Ostatuetan berdin plazetan forma gaitzean ibilki
Hemen gaindiko gertakari bat ez baitzaioke eskapi:
Izan liteken lazgarriena berpentsaturik artoski
Arralleriaz alde onera itzulikatzen badaki!
Urteak joan fama handitan doa Mattinen izena
Batzarre honek dakarkiola egoki zaion omena:
Herri batekin eginikako loturarik estuena
Ez baita segur honen obretan izan daiteken txarrena!
Urruņa herrin erroak sano eginak ditu Txanpunek
Gutartekotzat deraukagula hemen diote ainitzek:
Aberastasun holako baten ekarle diren horiek
Goraipatuak izan ditezen merezi dute guziek!
Zelai neurriko gorputz nasaia ibilera doi pizua
Nongo plazolan ez da miretsi itxura honen betea:
Nola ditxoka berdin bertsotan derabilan talendua
Ez da oraindik (oraingoz) behar gabeko solas batzutan galdua!