Ibarla bas-herriko umea naiz.
Haren erraietan sortua
Harizpe baten itzalean haunditua.
Hor egin ditut ene erroak
Eta xurgatu izan dut eskual odola,
Ene zainetan doala bihotzeraino
Nizan guzia haziz eskual libertateaz.
Eskual libertateaz?
Ene Ait'Amen ahotik bildu izan dut
Eskuararen jakia.
Eskuara bihotzaren mintzoa, bihotzaren elea.
Eskuara mahain inguruan partekatu ogiaren axal gorria.
Eskuara supazter xokoko otseen gaueko kantua.
Ene etxeko murruek betidanik
Entzun izan duten mintzaira.
Hezurrak ere eskuarak dauzkit moldatu.
Zortzi haurride gira, zortzi mutiko, zortzi gizon.
Lurreko umeak, eta lurreko izerdiaz daukagu gorputz guzia hazia, hezurretaraino
Lurra daiola: aztaletik kaskoraino bihotzean barna
Lurra gu baitan arimaraino, gu lurra baitan mamiraino lurraren izerdia gu baitan, gure hatsa lurra baitan, lurraren erraietan.
Gure lurrak egin gaitu eskualdun, gure lurra dugu begiratu gei eskualdun.
Gure lurra dugu nahi gure libertatearen zimendutzat.