Herrian, askok bazakiten noiz sortua zen. Nik ez nuen sekula jakin. Baina, pundu honek ez du garrantziarik. Besteak bezala bizi zen, nik uste. Bazukeen bere etxea, bere emaztea, bere haurrak, bere artaldea. Besteak bezala lo egiten zuen, erran nahi dut noizbait, gauean, lo kuluska zerbait egiten zuela.Ez zen baitezpada loaren umea. Pundu honek izan lezake bere garrantzia. Besteak ez bezala, bere etxondotik hurrunago zarabilan. Mendian zehar zarabilan. Gaztainadiak eta haritz ondoak gustatzen zaizkion. Mendia berarekin zekarren. Ikasiak zituen txorien kantuak, hegaldak, mugimendu guziak. Bazakien txoriekin kantatzen. Txorien melodiak berarekin zekarzkien. Oren luzeak egoten zen ere Artetx errekako iturri sahetsean. Entzuten zuen uraren musika errekan behera galtzen. Ikasiak zituen uraren melodiak, goizetakoak, egunazkoak, eta gauazkoak. Uraren melodia arinak eta alaiak zekarzkien berarekin menditik jaustean eta murmurikatzen zituen. Besteak ez bezala berarekin zekarzkien txorien hegaldak eta erreka batetako ur xirripa baten melodiak. Herrian zehar zarabilan. Ainitzek leihotik behatzen zuten noiz etorriko zen, noiz iraganen zen. Mendiak maite zuen. Herriak ere ez zuen hastio. "Zato barneraino. Sar zaite ixtant bat". Ate inguruko harri pikatuak perekatzen zituen, ezkaratzean sartzean.
Harriok geure mendien bihotza
Harriok geure herriaren izerdia
Ez dizkitzuet hautsiko
Ez dizkitzuet salduko
Geure mendien pilpira
Geure herriaren intziria
Harriok iraun dezaten
Harriok mintza ditezen
Nahi ditut besarkatu...
"Zato, Xantxot, barneraino..."
Bere tokia egina zuen mahai buruan. Arnoa ez zuen hastio Xantxotek. Arnoak ere, Xantxot bere gizona zuen: bustitzen zizkion ezpainak, mihia zalutzen, zintzurra berotzen, barnea amultsuki sostengatzen. Berri asko zakien. Denek dazkiten berriak. Berri arruntak. Besterik ere bazakien. Nihork ez zazkien berriak. Gaztainadietan eta haritzen itzalean jakiten diren berriak. Edo Artetx errekako iturriak kondatzen dituen berriak.
Kantua galdu digute
Kantua galtzen digute
Artetx errekan gorde digute
Ttin-ttin... Hik bederen
Zuek bederen... ttin-ttin...
(Hustuz segitzen zuen txorien melodia alaia)
Lehen Karlos Handia
Orreagako errekan
Lehen Karlos Inperadorea
Orreagako harrian
Zabal zabala hautsi zen...
Ttin-ttin... Hik betiko
Zuek betiko... ttin-ttin...
(Hustuz segitzen zuen txorien melodia alaia)
Orain ere Euskaldunak
Madrileko karrikan
Pariseko karrikan
Orain ere Euskaldunak
Handi handi ibiltzen dira...
Zer uste dute ala tontoak garan?
Irri egiten zuen, halakoetan eta askotan, Xantxotek. Denek irri egiten zuten. Denek irri egiten ginuen.