MANEX ERDOZAINTZI

Alegera dira

Alegera

Igande bezpera

Delakotz

"Baso bat arno edaten baginu?"

Ostatuan sartzen dira

Sartzen dira eta jartzen

Arnoaren gozoa

Eta gozoaren beroa

Arnoa edaten dute hurrupaka

Eta hurruparen xirrinta

Begietan pindarra

Bihotzean pilpira

Sortzeraino

Gauerditan

Alegera dira

Alegera

Igande bezpera

Delakotz

"Maite zaitut o zoin maite!"

Tinkatu dira tinki-tinkia

Karrikan behera jautsi

Eskuak eskuetan, koropilatuak

Gaua-gauari buruz

Zuhaitzen ilhuneraino

Emeki, emeki

Hitzak murtxatuz

Amodiozko

Elheraino

Gauerditan

Alegera dira

Alegera

Igande bezpera

Delakotz

Amak lisatu zaiak Mirentxu'k

Ohe gainean pausatu ditu

Ellande'k oinetako berriak

Mirentxu'ri erakutsi eta goititu

Etzan dira biak

Besarka, eta

Besarka lokartu

Ametsak kundatuz

Lillurean

galtzeraino

Gauerditan

Ikatz gorriak bildu ditu

Amak hauts pean

Eta gorde

Eta gorde

Bihotzean

Ikatz gorriak

Eta sua

Ixiltasunean

Igan da

Bere gorputz

Nekatua

Etzan du

Gauerdi

Irian

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons