MANEX ERDOZAINTZI

Bideetan zehar hainbeste ibili ondoren

Hazta, hunki, jasta

Hainbeste eguzki eta zerugain

Lanoen haraindian hurbildu ondoren

Hitzak murmurikatuz

Bata bestearen ondotik

Hitzak ahozkatuz eta deus

Bideetan errautsa

Eta zerugain haietan oihartzun mutua

Eta deus hitzaren ondotik

Madarikazio eta blasfemio baizik

Trufa, ele gaixto

Flakezia

Eroriko handi bat

Behin eta noiz arte

Nongo leihor bustian

Entzungo nuen intziri haren ondotik

Abiatuko nintzenean

Nintzeneko

Denak ixilduak

Gauean

Denak eroriak

Ni han iragatean

...........

Min baten ziztada

Bihotzean

Intzirika hoa

Ezpainak zukatuak

Lur legorrean

Begiak lanbrotuak

Gau hestuan

Hoa bihotza nongo kolpeaz

Minberatua

Etsitua

Hasperen eta nigar

Itsas marrumaren haraindietan

Gauean

Noradino hoa?

Itsasoko uretan zifli-zafla

Aurreratzen haizenean

Gorputza hoztua

Itsasoko uhainetan neure gorputz hoztua

Dabila lazo-lazoa

Etsitura eta nigar ororen artetik

Doa eta dabila banoki

Uhainek eramana

Izarrekin dantzan

Neure aurpegi gazitua milikatuz

Berotasun izpi bat senditzen dut

Errainetan barna uhainen pereka gozoa

Kilika burtxoratua

Itsasoaren marruma minberan

Leihorretik urruntzean

Bizi apur baten bila

Joaten naizeno leihorra ahanztean

Eta bertako solas faltsuak

Uhainen mugimendu lazoan

Orotatik trenkatua, eta laxatua

Askatasun betearen haizeak

Bultatzen naueno urrunaren eremu izkinetaraino

Hedatuko naueno zabalaren juntadura gaitzetaraino.

Hire aurpegi tristea

Itsas gazian garbitua

Hire begien dirdira

Izarretan kokatua

Leihorrean harat

Uhainak eramanak

Norat hoa

Nere bihotzeko sentimenduaren

Sentimentu hautsia

Nere pentsamenduaren

Pentsamendu flakoa

Uhainak daramalarik

Noradino hoa?

Azkenean zer pasatu zitzaukan

Burutik eta bihotzetik

Zer gertatu zitzaukan

Hire bizitza han harat eramateko

Itsasoaren hedaduran lasaitu ustez

Gutarteko eremuak utzirik?

Gure haragitik berexirik...

Atzo, gaur eta bihar

Dena zen gau-egun luze sukartsu bat

Borroka batetik bestera

Neure buruaren bila

Batzu bestek engainatua

Neure irudi ororen artetik beti haizatua

Nor nintzen

Azkenean ezin jakin

Nor norentzat banintz

Batzu eta bestek ongi irri egiten zuketen funtsean

Lanegiten nuelarik

Harriak bata bestearen ondotik

Pikatzen, neurri onera eramaten, eta zizelatzen nintuelarik

Eta bata bestearen gainean begi kolpe batez

Finkatzen nintuelarik

Eta etxe bat edo artegi bat edo banuki bat

Ateratzen nuelarik lurretik

Neure eskuetan sortzen nuelarik

Murru pareta eder bat harri pikatuz asentatua

Nor nintzen norentzat ez nakielarik

Jakin gabe neure izerdi lodia

Nork xurgatu zuen

Gaua etorri zenean

Oro gertatzen zukan

Nihora heltzen ez den bide batean bezala

Hainbeste ibiltari

Batzu ondotik jarraikitzen zitzaizkan

Eta han nonbait itzaltzen

Beste batzu

Ez jakin zer gisaz

Itzal mehe bat bezala

Irudimenean geratzen zitzaizkala

Bihotza urratzeraino, azkenean

Konturatu arte fantoma batzu zirela...

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons