MANEX ERDOZAINTZI

BAKARTASUNA

Airea: "Mutil koxkor bat"

Bakartasunak inguratu nau mendi gune hertsi huntan

Beti bezala inganagarri bere soaldi eztian;

Nahi nau hezi eta nolazpeit berekin adixkidetu

Bainan enetzat ez du begirik soa argi dezakenik

Ez-eta ere nere bihotza jabal dezaken elherik.

Maltzurkeriaz egun bildu nau nun nahi daukan sarean

Ihes doana baitu segitzen edozoin gorde tokitan

Irri karkailaz trufan bezala tinkatu nau hiltzeraino

Bainan enetzat ez du eskurik aski indar dezakenik

Ene burua inganatzeko ez du izanen ahalik.

Halarik ere lotsarik gabe bihotzeraino sartu zaut

Ez niolarik ideki nahi errabian beretu daut

Zauri zahar bat berritu baitaut bakerik ez izaiteko

Ixtant berean ezin egonak ezarri nau airaturik

Odola kexu gogoa ilun nabil burua galdurik.

Begiak zaizkit dolorez hetsi argiaren dirdirari

Eta zabaldu ezinbertzean inguruko itzalari

Mendi gorenak ilundu dira iruzkia gordetzean

Bidea galdu eta ez jakin zangoak nun zeri finka

Gorputz guzia hasi zitzautan hotz-ikarretan jauzika.

Bizi-nahiak bultatzen gaitu barneko indar oldean

Berritzen ere jotzen gaituzten gertakari gaixtoetan

Zerbait laguntza eskatu nahiz memento lazgarri huntan

Oihu handi bat eman-ahala bota nuen asperetan

Oihartzun botzak zautan bakarrik ihardetsi debaldetan!

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons