"OI EGUBERRI GAUA..."
Gaur ethorri zauku Jainkoa
Gaur Jainkoa gizon egin da
Bethleemeko bas-herrian harpe zilo bat, hotz eta zabal
Bethleemeko ostatuak denak betheak, Jainkoarentzat ez tokirik.
Bihotzak hetsiago; Jainkoaren beharrik ez dugu!
Untsa gira egun guziko bizi ez-deusean
Untsa jan eta edanean.
Gau hotza, bihotzen idorra.
Alta gau ederra Gizonentzat eguberri gaua
Eguberri gaua Jainkoa gizondu den gaua
Jainkoa haragitu den gaua
Bethleemeko kharbian
Ichil ichila Mariak eman dako eguna
Ichil ichila izan da gerthakari bat, nehork ezagutu ez duena.
Ichil ichila Eguberri gauean, kharbe barnean
Ilhunaren erdian sorthu da
Gizonen eroslea
Zeruko Aitaren ospatzaile
Sorthu da; munduan sorthu da; gizonen artian gizon egin da.
Jainkoa.
.................
Bethleemeko egoiliarrak ohean ziren, beroki.
Argirik ez zen, bazter guziak ilhun
Zelhai zolan artzainak lo, arthaldea sahetsean
Denek lo, gochoki, Eguberri gauean.
Aingeruek adierazi dute bere mintzoa:
"Ospe Jainkoari zeru gorenetan"
Ospe eta kantu egin gaituen Jainkoari
Ez deusetik atheratu gaituenari
Bere hatsaz egin gaituenari
Amodioz bere iduriko
"Ospe jainkoari zeru gorenetan"
Gero Gizona bihurtu Jainkoari
Izan da lehen bekatua
Gizona Jainkoaren ganik behechi
Irustasuna galdu
Amodiozko lokharria hautsi.
Gizonaren hutsa, huts izigarria, ezin izartua
Gizonak ezin antolatuzko, zeren Jainkoari egin kolpe.
Gizona urguluz Jainkoari bihurtu
Jainko izan nahiz, Debruaren maltzurkeriari behaturik.
Ordutik Gizonak bere izerdiaz du bizia irabazten
Bere izerdiaz lurra lantzen, zerbait sorarazten,bere hazkurritzat.
Bere izerdiaz bizian bakharrik, irustasuna bilduko.
"Ospe Jainkoari zeru gorenetan"
Bainan Jainkoa beita Gizonaz urrikitu
Abraham hautatu du, emandako familia bat zabala
Haur alde bat zeruan izar den bezanbat
Itsas bazterrean sable den bezanbat
Ezin khundatuak
(...)