MANEX ERDOZAINTZI

AGUR, ESKUARA

Agur Eskuara, Eskual-endaren hizkuntza garbi maitea!

Ņiņi nintzelarik ohako gainerat kunkurturik,

bere hatsaz ninduela berotzen, Amak zerautan erakutsi

gizonaren lehen hitza: Ama.

Gizon eskualdunaren lehen hitza, hoin bero, hoin bethe, hoin legun ezpainen puntan:

Ama.

Geroztik: Ama eta bertze

Ene gogoa zabaldu-arau

Ene adimendua phiztu-arau

Ene izaitea izan-arau, gizaki direnen artean... eskuara- mintzoa jelgi zaut ahotik; jelgi kristaila bezain distirant; ithurri zilotik ur garbia bezain fresko, eskuara jelgi zaut ahotik... nunbeitik sorthua... jelgi ahotik eta ezpainetan murmurikan ichuri... norbaitentzat.

Agur Eskuara, Eskual-gizakiaren hizkuntza

Zer gisaz othe eskuara ene ahotik egun batez murmurikan aditua izan zen

Zer gisaz othe eskuara ene beharrietan egun batez firristan sarthu izan zen?

Ba othe Eskuara? Zendako ez beste hizkuntza zerbait,

Eta zer gisaz othe, Eskuara?

Emazte batek hartu ninduen besoetan eta erran nion "Ama". Ohartu nintzen emaztearen arpegian irri bat eta bere ezpainak ene ezpainetan musu egin zautan. Zer gisaz? Musu eni? "Ama" niolakotz erran?

Eta Emazte berak, ene "Amak", erran zautalarik "ene haur maite maitea" irri egin nion, ene beso ttipiak "Amaren" lepoan inguratu nintuan; ene esku ttipiek "Amaren" lepoa

pherekatu zuten eta ene espainez amaren ezpain beroak onsa (?).

Amak eni "Ene haur maite maitea"?

nik Amari "Ene Ama maite maitea?

Ni beinintzan Amaren haragitik zerbait

baitzen ene gorphutzaren sor-gunea...

Eta Eskuara baiginduen elgarren alderako amodioaren agerbidea.

Ni beinintzan amaren gorphutzaren osotasuna

Nik beinuen amaren baithan ezagutu biziaren hastapena

Eta Eskuara baiginduen elgarren alderako zorraren lokharria

Ni beinintzan Amaren sabeleko fruitua

Ama baitzen ene giza-semetasunaren ondoa

Eta Eskuara beiginduen elgarren arteko lokharria.

Agur Eskuara, eskual-giza-semeen hizkuntza.

Agur, agur Eskuara, ene hizkuntza maitea.

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons