GURE ETSAIAK
Urrunekoak eta hurbilekoak
Ondotik eta zeiharka
Mugimendu ixiletan
Harat-honat dabiltza
Errabia kaldan
Zu begistatzen eta
Zu goaitatzen
Herra-minak jabetuak
Zure ondotik dabiltza
Lurrera noiz
Bota ahalko zaituzten
Noiz
Errainak hautsi ahalko dizkitzuten...
Beren txakurrekin
Beren salatariekin
Zu lore bati xoratua zagoelarik
Itsasoko aire gazitua milikatuz
Bizitzari oihuka zohalarik
Herioa golkoan
Ondartza bustian
Zure ondotik dabiltza
Zuk uste ez duzunean
Zuk deus ez dakizunean
Askatasunaren gutizia baizik...
Harat-honat dabiltza
Noiz beren armaren tiroan
Erailiko zaituzten...
Ibilki dira
Beren txakurrekin
Beren salatariekin
Zuk uste ez duzunean
Zuk deus ez dakizunean
Maitasunaren gustua baizik...
Etxeko mahai aintzinean leherrina
Ttottotzen zarelarik...ouf!
Eta larunbat-igandetan eta merkatu egunetan
Eta beste egunetan
Zeure lagunekin pinterdiņo bat
Alaiki edaten ari zarelarik
Hor gaindi dabiltza
Mugimendu ixiletan
Beren barrandariekin
Zure aurpegia miatzen
Urrunetik eta hurbiletik
Zure gorputz-enborra istudiatzen
Gauaz nola egunaz
Beren esku-mutilekin
Herioa golkoan
Zure itzulietatik dabiltza
Zure irri karkailak eta zure kantuak
Eta zure otoitzak
Eskarniatzen...
Izan dadin gaua
Izan dadin eguna
Zuk uste ez duzunean
Lur hotzean hedailo
Botako zaituzte...
Zuk
Bizia baizik ez dakizularik!
Donapaleun, 1984ko apirilaren 15ean