NORK ERRANEN DIT?
JOANES GALASTEGI
Berrogoita hirugarren urtean
Herioak beretu zuen
Urriko asteri batez
Bere etxekoak arto biltzen ari zirela
Viet-Namen gerla
Eta, nik uste, ongi oroit baldin banaiz,
Ez zen lurra baratu bere usaiako itzulian
Segitu zuen bere mugimendu maltsoan!
Azken hatsa eman zueneko
Jestu banal batean
Eta pollikiņo
Begiak hetsi ziozkan
Norbaitek.
* * *
Begien zolan
Sua sortzen den gunean
Ezin negurtuzko
Barnatasunean
Asmoak, sendimenduak, oroitzapenak
Trebukatzen eta galtzen daitezkeen gunean
Begien zolako eremuan
Lanbro batean
BIZIAREN
ETA
HERIOAREN
ARTEKO
BORROKA
Begiak hesten direlarik
Jestu banal batean
Pollikiņo
Begiak perekatzen direlarik
Umilki
Azken aldikotz
NORK
ERRANEN DIT
BIZIA
ALA
HERIOA
NAGUSITU DEN?
* * *
Usaiako nigarrak ixuri ziren
Hauzokoak bildu ziren eta ibili
Eta, ongi oroit baldin banaiz, herritar asko
Eta kartierrekoak ere
Usaiako sar-jalgi eta otoitzen egiten.
Goiz batez, hamarrak irian,
Joanes Galastegi
Berrogoita hirugarren urtean
Eraman zuten, bizkarrean, hauzoko gizonek
Elizaraino
Hobiraino
Eta ehortzi.
Lurra botatzen delarik
Pollikiņo
Lurra botatzen delarik
Umilki
Gizon baten gorputza inguratzeko
Azken aldikotz
NORK
ERRANEN DIT
BIZIA
ALA
HERIOA
NAGUSITU DEN?
* * *
Familiakoek
Hitz hauk idatzi-arazi zituzten
Hil harrian:
"HEMEN DAGO
LURRAREN GORDEAN
JOANES GALASTEGI
(1922-1964)
GIZONEN LURREAN
BIZIA
NAGUSITUKO DELAKO
ESPERANTZAN"
* * *
Familiakoek
Ahaideak
Herritarrak
Eta herritik kanpokoak
Eguneroko bizitzeari berriz lotu ziren...
Nik dakidalarik
Lurra ez zen baratu bere usaiako itzulian
Segitzen zuen bere mugimendu maltsoan!
1971ko Urrian