MANEX ERDOZAINTZI

Kartak mahai gainean pausatuko dituzu

Eta saiatuko zara zeure geroa zilatzen

Irri eginen duzu kartak itzulikatzean

Zeure erhi punttetan kartak erabiltzean

Eta oraino ainitzetan, halako arralleria moduan

Bainan askitto serios

Lagunen eskuko lineak ikuska

Bizitzaren ildoak ateratzen saiatuko zara

Artoski eta serios arralleria izkinean

Bizitzaren itzuli-inguruak segitzen

Ibiliko zara

Eta ongi dakizu

Deus ez duzula jakinen

Zeure eta besten bizitzako ildoetan

Deus ez duzula ateraturen

Badakizu joko bat dela xoilki

Karten harat-honakatzea

Eskuko ahurrean lineak irakurtzea

Joko liluragarri bat dela

Badakizu!

Eta uste duzu halere

Halako batez egia bihurturen zaitzula

Kartak eta lineak

Zeure bizitzaren erraietan kokatuko direla

Eta egia bihurtuko zaizkitzula;

Kartak pausatzen eta itzulikatzen

Segitzen duzu

Eskuko lineak irakurtzen

Saiatzen zara

Halako arralleria moduan!

Irri egin genuen...

Jakinen zenuen

Sinesgaitz nintzela.

[1981]

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons