MANEX ERDOZAINTZI

INGURUETAN edo AJACCIO-KO KARRIKETAN

(B aldakia: )

Cours Napoléon eta

Avenue du Premier Consul

Kurutzean

L'Ajaccio kafea

Izkin batean piramide bat bezala eraikia.

Goizeko hamarrak inguruan:

Bi gizon

Elkarren lagun

Bata adinetakoa, mustatxekin

Bestea zahartxago, mehar

Bedera xakurrekin

Mustatxadunak xakur gotorra,

Meharrak xakur ikilta bat.

Biak joaki dira hondartza aldera...

Gizon eta neska bat

Elkarren lagun

Ia

Gizona bizar luze zurpailarekin

Neska handiegi eta potzoloa

Itxura guzien arabera

Elkarren lagunak

Aurrean iragaten dira

Ia...

(A aldakia:)

Ene eskuin aldean

Beheraxago

Hirur gizon

Langile

Elkarrekin

Sable meta bat

Palatraka barneatzen

Ari ziren

Ziloka bat tapatzen.

Su gorrian Avenidan

Bi emazteki

Paratzen dira

Pasagian

Batek urtzain bat

Bota du erditsutan.

Ene aurrean

Eta inguruan

Barmana

Pantalun beltz atorra xuritan

Freskoki iresia

zigareta ahoan

Mustatxa mehe bat

Sudur azpian

Mahaiak antolatzen

Eta kadirak lerrokatzen ari da

Xerbitxu artetik.

Ez da euririk

Baina

Emazteņo bat

Bringo-bringoa

Pasatzen da

Avenida bestaldean

Paisola baten azpian

Aroa ilun da haatik

Beharba eurituko du.

Autoak eta autoak eta kamionak

Motoak eta oinetakoak

Alde hontatik bestaldera

Bestaldetik alde hontara

Pasatzen dira eta kurutzatzen

Kurukatzen eta joaten

Avenida barruetatik.

Parrez-par

Bistan dut

Souvenirs jouets magasin bat

Bat edo beste

Gizon ala emazte.

Artetan baratzen horgaindi

Oroitzapen eta jo(i)eriei begira

So eta so

Sudurra luzatuz

So eta so

Kristaila barruko

Oroitzapen eta jo(i)eriei.

Palmondoak

Batzu labur

Bertzeak gora

Avenidaren bi sahetsetan

Itsas alderaino

Maltso-maltsoa

Adarrak lurrari begira

Maltso-maltsoa

Avenidako mugimenduari begira.

Corsica Ajaccion, 1980ko ekainaren 10ean

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons