MANAGUAKO BIDEAK...
1979.ko uztailaren 20-ko iraultzaren oroitgarri
Airea: Hara non diran... (Iparraguirre)
Indar gaitzeko kanoi horiek mendietatik jautsiak
Soropiletan lerrokatuak utzirik bide luzeak:
Azken batean ixiltzen dira tiro ta bonba zarratak
Jin ditezela gure deskantsu gau zohardien ametsak.
MANAGUA hiri etsaien pean presondegi bat iduri
Atzo goizean oraino ere karrikak oro intziri:
Oldar indarka irekitzen da askatasunez igeri
Goazen plazara elkarren soinu buru-bihotzak dantzari.
NIKARAGUAko ontasun-jale herresta triste zitalak
Ameriketan lasai dabiltza behin-betikotz zainduak:
Galdu anaien odol errekan busti ditugun eskuak
Hemen dirade iraultza lan hau bukatu arte batuak.
Gauean barna irrintzin luze harri kozkorren azpitik
Azkar dabila denen pizgarri mendi-zelaien artetik:
Neska mutilak arin-arina atzartzen dira pausutik
Uzta berriak laster biltzeko atzo uzkali lurretik.
Aizkorri eder xoragarria gau-erraietan sortua
Etorri zaiku laņo-laņoki ihintza gozoz bustia:
Burruka baten izerdi lodiz indarberritu Herria
Bere buruaz jabetuko da gogor finkatuz gaurkoa.
Ipar haizeak ohiltzen ditu azken lanoak zeruan
Aro ederrak iraunen duke eguzkiaren betean:
Bake poxi bat espero dugu gure jendalde hauetan
Jakin dezagun gizona nor den gerlagabeko bizitzan.
Zuhaitz handien itzalpeetan gauaz bildu freskura
Zainak suspertuz dohakigula gorputz guzian behera:
Bizi berri bat hel dakigula amesten dugun mundura
Haurren jostetak irri-kantuak bihotz alaien pilpira.
Herri hontako langileria bihurtu baitzen gudari
Beharko diren ekaiak lantzen ez da izango urduri:
Itxaropena gorri ta beltza gazte gordinen ageri
Hiri-plazako baztergietan loretuko da nabari.
Aitatxi lerden Amatxi erne elkar lagunduz umilki
Etxaintzineko aulki xumean ttottotzen dira polliki:
Beregan duten histori peza itzulikatuz ximenki
Arbasoenak eta gureak konda ditzazten xeheki.
Izengabeko menperatuak ez izateko geroan
Gure lurretik etsaiak oro atxik ditzagun kanpoan:
Askatasuna lortu dugunok gostarik gosta burrukan
Herri-poema zizelatua urra dezagun harrian.
1979ko uztailaren 20a