Frantziako azken gerla (1939-45) ondoan, Ipar Euskadiko laborantza hasi zen mekanizatzen: lehenik trakturra; gero, honekilako arnesak. Urtetik urtera gaur arte, modernizagotuz joan da lan molde hau motorrezko tresneria azkarragoarekin...
Baserria, etxekoz-etxekotik merkaturateko mozkinak egitera eta artatzera behartua izan ere da: lurrarekilako eta hauzoekilako harremanak bestelakatu dira, herriko azturak eta ohidurak ere... Mekanikak sartu dira eta sartzen dira ugari etxaldeetan. Jendeak, batez ere gazteak, joan dira eta joaten dira sort-herritik kanpo lanketa ahal duten lekura. Mendi arteetan, Ibarretan zelaietan... ahuldu da haurren zalaparta. Ez da hautemaiten, gauean, gazten urratsik, bide eta xenderetan. Eta, xaharrak, etxe inguruan, itzulika dabiltza ihes doakioten biziaren ondotik. Bakarrik, oraino, hil zeinuak irauten du, danga-danga, heriotzea markatzen... mekanika sartu da eta sartzen da jendeak ohilduz eta bere marrumak inarrosten ditu mendi arroilak eta tontorrak. Galdu da mendiz-mendi zabilen irrintzina: giza abotsa! Bakarrik, oraino, hil zeinuak irauten du markatuz, tristeki, mekanikapean gertatu heriotzeak...
Din...
Dan...
Hil zeinuak
Din...
Dan...
Arrastirian
Dabila berria
Berri latza
Ahoz-aho
Lagun batetik bestera
Etxe batetik bestera
Hedatzen da berri latza
Itzulikatzen
Batetik bestera
Herri guzian
Eta herria baino urrunago
Heltzen da
Etxexuriko Piarraņo
Igande arrastirian
Ez zela etxean sartu
Bere aita xaharrak
Alorrean
Harrapatu zuela
Basa ahiaren pean
Bizkar hezurra hautsia
Aita xaharrak
Piarraņo, bere semea
Berrogeita bederatzi urte
Etxera ekarri zuela
Hila
Nolazpeit
Besoetan
Din...
Dan...
Hil zeinuak
Din...
Dan...
Arrastiri barrua
Din...
Dan...
Urratu zuen
Din...
Dan...
Tristeki...
Dan... Dan... Dan...
Hil zeinuak...
Domintxinen, 1979ko udaberrian