MANEX ERDOZAINTZI

HEMENGO ELIZARI

Errepika 1

Eta gu ez gara libro

Ikusten duguna salatzera:

Herri zapaldua

Herri apurtua

Herri urkatua...

Eta gu ez gara libro

Sinesten duguna aitortzera:

Herri xutitua

Herri elkartua

Herri askatua...

Notable jauna Elizan soinulari

Gostuan dela nola ez da ageri:

Eskuak zalu aireak jotzeari

Begiak erne horko jendetzeari

Kasu eginez plantan egoteari

Badaki ere behatzen apezari

Irri bat lotzen aurpegi izkinari

Gogoz asmatzen ehun bat debrukeri!

Kalonje jauna elizan mintzalari

Talendu gaitza ba omen du ugari:

Hitz hautatuak noiz nola bederari

Balaka goxoz eskuin aberatsari

Maltzurkeriaz langile herrestari

Ederkikara lotzen da frantsesari

Deituz kartsuki puxanten Ortziari

Su bota dezon fededun bastartari!

Zenatur jauna elizan lendakari

Ahantzi ez da noizbait zela kantari:

Aintzin-gibelka lasai ibiltzeari

Ez baitzaio zer ohitua denari

Ele xuri-beltz ahalaz xarmegarri

Askiko zaio gure populuari

Behin lotu-ta lausengutza lanari

Nola eskapa Frantses-Espaņolari!

Obispo jauna hil-harrien zaindari

Thema gogorrez eman zen mezulari:

Axola handi betiko indarrari

Aulki goratik mintzo da jendeari

Nigar intziri enterramendukari

Hantxetan hara doan lehengoari

Mehatxu frango ta hanbat azpikeri

Gure herritar burrukalarieri!

Bankierro jauna elizan eskelari

Laņo-laņoki jartzen da otoitzari:

Eskuak bilduz luzean gorputzari

Begiak ņir-ņir goi bildutasunari

Estatu hortan hain baita hunkigarri

Ez da lotsati humiliatzeari

Bihotz barrutik eskatuz Jainkoari

Dezaion eman ongi eginen sari!

Jandarma jauna Elizan txixtulari

Bere gradoko lagunen ordezkari:

Sudurra luze krima senditzeari

Bidez-bidexka Ordrearen beilari

Nork egin duen zerbait tetelekeri

Ez da baratzen artaz notatzeari

Huxtu-lasterka hobendun ez denari

Milika-sino hauzoko sosdunari!

Makiņun jauna Elizan makilari

Uko egin du belaunikatzeari:

Urratsa zalu ibilki tratulari

Merkatu plazan nolako elekari

Izan daiteken gizon xuxenenari

Errainak hautsi ez zaio urdekeri

Haztamaztaka moltsa hanpatuari

Oheratzen da dei eginez loari!

Errepika 2

Baina libratuko gara

Ikusten duguna salatzeko:

Herri zapaldua

Herri apurtua

Herri urkatua...

Eta juntatuko gara

Sinesten duguna aitortzeko:

Herri xutitua

Herri elkartua

Herri askatua...

Notari jauna Elizan epailari

Jarraikia da igandetakoari:

Astegunetan segidako lanari

Neurrigabeko fortuna biltzeari

Gezur-ohointzaz hartzea duenari

Ez da gisala lege bihurrikeri...

Dohain ederrak ausarki eta jori

Agitzen dira holako batzueri!

Mediku jauna Elizan kontseilari

Ez da higatzen meza segitzeari:

Daki behatzen denekilakoari

Orok diote ez dela handikari

Solas goxoak eri den xaharrari

Ongi pagaraz kliantel kartsuari

Mia-miaka bular ingurueri

So baten sari neskatxa gordinari!

Nagusi jaunak Elizan predikari

Juntatzen dira fama onekoeri:

Gau-egunero beren zer egineri

Behar delarik belaunikatzeari

Izanagatik eginbidez ihaurri

Bihotz amultsu beharretan denari...

Tink hupatuak kapital bizkarrari

Ez dira lotsa etzidamukoari!

Zenbat holako Elizan saindulari

Eman dirade egiaren zedarri:

Jauntzi apainak usain on girgileri

Egunak oro lasai bizitzeari

Jende xumea aztaparka lurrari

Ezin eskapiz iheska hiltzeari...

Baina ondikotz jauneri kasta horri

Suerte on hau ez zaio lotsagarri!

Bertsu lerro hauk, kritika eta irri

Eskaintzen ditut hemengo Elizari:

Bota diotet ausarki biper gorri

Nahiz dakarten ahutra bat elorri

Izan laitezke askorentzat pizgarri

Gogo-bihotzez urratuz bide berri

Gerta gintezke lotuagoa elkarri!

Errepika 3

Eta libratuak gara

Ikusten duguna kantatzeko:

Herri xutitua

Herri elkartua

Herri askatua

Eta libratuak gara

Sinesten duguna ospatzeko:

Herri xutitua

Herri elkartua

Herri askatua!

Domintxainen 1977ko uztailan

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons