MANEX ERDOZAINTZI

AMETS BAT ETA BESTE...

- Neure laguna, neure lagun izengabea,

Zendako habila begiak bustirik?

- Nondik dator haize epelaren pereka?

Sortu nindukan bizitzeko eta...

Neure begiak ez dituk argiari ireki

Gauak sortu nindikan eta...

Berean bildu nik eta neramak!

- Gauaren neure laguna, neure lagun izengabea,

Zendako habila begiak lanbrotan,

Egun hemen bihar beste nonbait

Mamu baten gisan?

- Nondik dator haize epelaren bustia?

Sortu nindukan bizitzeko eta garraitzeko...

Baina, amets batek nerabilak,

Egun hemen bihar beste nonbait,

Beti-ta-beti urrunago, gaurkotik haraindian...

Gauak amets batean sortu nindikan hain segur

Eta berean bildu nik eta neramak!

................................................

Neure bizia duk ezin kokatua

Aspaldian itze bat bilatu diat

Iltze bat gogorra eta zorrotza

Neure bizia duk ezin itzatua

Egun hemen bihar beste nonbait

Neure bizia duk harat-honerakatua.

Behin eta nik uste gero, askotan ere,

Amets bat egin diat

Euskal Herriko haritz bat hautatzea

Euskal Herriko ibar zola batean

Haritz sendo bat hautatzea.

Egunak

Eta ilabeteak

Eta urteak iragan zaizkidak...

Haritz bat ez diat aurkitu

Euskal Herriko ibar zola batean.

Behin eta nik uste gero, askotan ere,

Burruka guzien artetik eta atzetik

Amets bat egin diat

Euskal Herriko gune gorde bat hautatzea

Euskal Herriko ibar zola batean

Gune goxo eta baketsu bat

Itzalpean.

Ametsak berritu dituk

Eta joan

Ortzian lanoak bezala

Gauean egunak bezala...

Eta asteak, ilabeteak, urteak

Joan zaizkidak

Oroitzapen hunkigarriekin batean...

Gune gorde bat ez diat aurkitu

Euskal Herriko ibar zola batean.

Neure bizia dukek nonbait ezin lotua

Arkatz bat bilatu diat

Soaren pausa leku...

Bederen soaren pausa leku

Egun hemen bihar beste nonbait

Neure bizia dukek erro gabetua.

Alta

Ametsetarik landa

(Zendako ez ametsak bultzaturik?)

Erroak egin nahiko nintikan

Euskal Herriko ibar zola batean

Laharren artean

Han nonbait ixil gune batean.

Laharrek beti pusatzen dikeie

Arkatz inguruak zainduz

Baina

Lagunik ez diat aurkitu

Neure ametsen heinekoa

Neure amodioaren betekoa

Eta

Banabilak

Egun hemen, bihar hantxet, etzi

Ez dakiat non

Neure ametsen heineko

Neure amodioaren beteko

Lagun baten bila...

Arkatzekin eta laharrekin eta iturriekin

Eta haizearekin

Adiskidetua den lagun baten bila

Burruka guzien artetik

Burruka guzien atzetik

Bere izerdian iratzeen usaina dariona...

Eta

Banabilak

Euskal Herriko ibar zola batean

Han nonbait gune ixil batean

Haritzpe bat izanen delakoan

Neure intzirien kontsolatzeko

Eta beharba

Lagun bat ere

Hilen naizelarik

Neure gorputza

Lur pean gordetzeko...

........................................

- Neure lagun, neure lagun izengabea,

Iruzkia gorde ziguk

Euskal Herriko mendietatik urrun

Eta gure Herriaren lurra

Uste diat arrotzek beretu digutela

Eta beldur nauk

Ez ditugunetz sekulako galdu

Geure ibarrak

Geure haritzak

Laharrak, iturriak, gaztainadiak eta arkatzak

Geure odolaren beroa?

- Nondik dator geure lurraren intziria?

Nondik haize epelaren bustia?

Sortu nindukan bizitzeko eta garraitzeko...

Ametsak hartu nik eta berean neramak

Gauak eguna bezala

Burruka guzien harainditik

Euskal Herriko ibar zola bat

Aurkituren dutalakoan

Eta beharba

Lagun bat ere

Hilen naizelarik

Neure odol beroa

Euskal Herriko lurrean biltzeko...

Tolosan 1971ko hazilan

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons