MANEX ERDOZAINTZI

JAUNA MINTZO

"Halako jendetzea ikustearekin, mendirat igan zen Jesus
eta han jarri. Dizipuluak hurbildu zitzaizkon.
Predikuan hasi zitzaioten orduan..."
Mat.,V, 1-12

-1-

Palazio ederretan alojatuak zireztenak...

Dirua burrustan erabilki erhi punttetan

Eta xorroa mahain betean untsa kokatua;

Afera seriosen buru eta handi-mandien artean

Gorenetik mintzo, zigarroa ahoan;

Jende pegesa oin-petan eta langilea esku-makil;

Ustekeriaz lurreko erresumaren nausi

Eta nahi-al'ez bertzen lerroan lurrak lekuratzen...

So egizue, ixtant bat bederen, mendi alderat,

Jaunen JAUNA baitzautzue handik mintzo:

"DOHATSU GOGO ONEZKO BEHARTSUAK,

HEIENA BAITA ZERUETAKO ERRESUMA."

-2-

Galernak hertzetaraino jotzen duen itsasoaren idurira:

Harrabots eta ukaldi gaixto, dena zalaparta,

Neurriaren guntzetarik behar-gabe jauzten zireztenak...

Herraren errabiaz, aiher eta bortitz

Begia xorrotx, matraila idor, kopeta zimur,

Gogoa erne nun zeri lotzeko, ausikitzeko,

Klask, alegia deusez, ahulagokoen iresteko...

Odolaren edaleak, bakearen etsai amorratuak...

Bara zitezte, ixtant bat bederen, mendi kasko huntan

Bakearen JAUNA baitzautzue hor mintzo:

"DOHATSU EZTIAK, LURRAZ JABETUKO BAITIRA.

DOHATSU BAKETIARRAK, JAINKOAREN

HAUR DEITUAK IZANEN BAITIRA."

-3-

Haur sorhaio baten ibil-manera herrebesek

Poxika higatu Ait'Amen bihotzak...

Gau luzeetan ezin hetsiz egon diren begiak...

Neguan supazter xokoan argituko ez diren harpegiak

Eta bakartasunaren hotzak karrointzen dituen xaharrak...

Etxekorik ezagutu gabe handitu diren umeak...

Gorputzean eritasunak joak, arima goibel bizian doatzinak...

Zuek guziak, nahigabez kargatuak zireztenak...

Zatozte mendi gain huntarat JAUNAREN hitzaren edaterat,

Harroka xilotik ateratzen den ur xirripa bezain fresko:

"DOHATSU NIGARREZ DAUDENAK,

BOZKARIATUKO BAITIRA."

-4-

Uzinetako, miagia suerte guzietako langileak...

Bas-herrietan egonki eta gogorki lanari eman laborariak...

Bizi-nahiaren oldarrak elgarretaratu jende xumeak,

Gizona gizon begiratzeko eta zuzenbidean gora joaiteko,

Libertatearen odola zainetan irakitan,

Kaskoz nola bihotzez, dohain eta indar hoberenak baliatuz,

Beren Herriaren norbaitasuna ardietsi eta zaindu dutenak...

Arraza guzietako gogo onezko jendeak,

Elgarrekin besoz-beso, igan zitezte urhats berean

Mendi gain huntarat, kausi dezazuen ZUZENTASUNAREN ARGIA:

"DOHATSU ZUZENTASUN GOSE ETA EGARRI DIRENAK,ASEKO BAITIRA.

DOHATSU ZUZENTASUNAREN GATIK GAIZKI ERABILIAK IZANEN

DIRENAK, HEIENA BAITA ZERUETAKO ERRESUMA."

-5-

Bihotz berekoi, bihotz gogorrak...

Sagarroia bezala gauez-gau ibilki,

Nun zer bila selauru xokoan ohatzeko,

Kanpotik dena xixta, nehor ezin hurran,

Eta, edozoin aldetik hunki orduko, oso minbera...

Kusku barnean bildurik, munduko miserietarik aterbean

Beren bizia berentzat deramatenak...

Ate xilotik sartzen duzue egun hezurretan barna senditzen

JAUNAREN bihotzetik jalgi mintzoaren joa?

"DOHATSU URRIKALKORRAK,

URRIKALMENDU ARDIETSIKO BAITUTE."

-6-

Zuen irudimena amentsetako amodioan alatu

Eta bihotza tortatu sendimendu garbienak eihartzerat utziz;

Zuen gorputza lizunkerian ihalozkatu

Eta burua larru axalaren lilluran ahantzi;

Elhe ederrez bertzeak enganatu, koropilatu

Eta gal-bidean elgarrekin jautsi, zolaraino...

Han nunbeit, oihan handian, galdu zirezten gazteak...

Lanbro pean zuen begiek ikusten ahal ez dutena,

Zuen beharriek bederen adi dezatela,

Gau beltzean sokorritzailearen botza ezagutzen den bezala:

"DOHATSU BIHOTZ GARBIKOAK,

JAINKOA IKUSIKO BAITUTE."

-7-

Ala burdin ala murru zedarriez hetsirik

Eta presondegietan gakoturik zaudezten girixtinoak...

Fedezko urhatsetan zuen haurren bidatzeko

Arranguratu zirezten Ait'Ama fededunak...

Izpiritua erne, bihotza garbi, zangoak arhin,

Espanturik gabe zuen lagunen gidari

Agertu eta agertzen zirezten gazte argituak...

Lekuko eskualdeetan, urrungo leihorretan, giza-semeen bihotzetan

Jainko Aitaren erresuma landatu, hedatu eta finkatu duzuen Aphez, fraide, serora eta laiko misionestak...

Orori, Salbatzaile JAUNAK diozuete:

"DOHATSU ZUEK, MADARIKATUKO ZAITUZTENEAN,

GAIZKI ERABILIKO ETA GEZURREZ BELZTUKO ENE GATIK:

BOZKARIA ZAITEZTE ETA ALEGRANTZIETAN SAR,

SARI EDERRA UKANEN BAITUZUE ZERUETAN."

Ixil... kanpoko burrunbak, barneko marrumak...

Goiko-menditik, egun, JAUNA baita mintzo.

(1960)

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons