BIAK BAT
Uztailako gau eder batez
Etxeko ateatik jelgitzen
Ikusi nintuen etxeko jaun-andere gazteak.
Etx'aintzinean jarri baitziren argizaitiaren parrean
Besarka koropilatuz tinki-tinkia
Elgarren berotasun gozoan
Gau hartako ixiltasun eztian.
Biak bat:
Bi gorputz;
Bi bihotz;
Amodio batean!
Gogo batean!
Biak Eskual-Herriko ume.
Eta beren gogoa etxondoan hazia
Egiazko Jainko bakarraren erakaspenean
Arbasoen zuhurtzia zintzoan.
Biak bat:
Gizaki-aziaz sendo;
Jainko-aziaz berme;
Amodio batean!
Gogo batean!
Biak lurgintzan usatuak.
Laborantxako lan mota guzietan azkar.
Esku beltz horiek ditu gure Jainkoak maite:
Langilearen esku adretak, esku gogorrak!
Egun batez alorreko hesi ondoan
Elgar hitzeman zuten betikotz
Biek bat egitea haragi batean
Biak bat izaitea izaite batean
Lurgintzan bezal-bezala
Amodiogintzan
Biziaren urratsean
Izaitearen etorkian.
Betikotz biak bat:
Bi gorputz haragi batean;
Bi bihotz amodio batean.
Biziaren urratsean
Izaitearen etorkian
Jainkoaren nahian.
Geroztik biak bat daude.
Berek moldatu ohantzearen erdian.
Beren amodio-batasunetik sortu haurren erdian.
Jainkoak eman haurren erdian.
Biak bat heien hazteko, altxatzeko:
Gorputzeko bizian;
Arimako bizian;
Giza-semeen artean;
Jainkoaren aintzinean.
Heien arpegiak ezdu gezurrik
Are gutiago faltsukeriarik.
Heien begiak dira zeruko izarrak iduri:
Argi eta laņo: ņir-ņir bake distiran
Eta bihotza beti amodio-kantari
Giza-semeen artean
Jainkoaren aintzinean.
(1959-02-20)