MANEX ERDOZAINTZI

LARRAZKENA

-1-

Bazterrak bere jauntziaz buluzten dituen sasoina!

Mendi gaineko zuhaitzak hits daude:

Ostoak berde-gorail,

Addarak idor, iduri hezur xukatu batzu.

Noiztenka, lano petik eskapatu iruzki arrai batek

Perekatzen dituela

Eta iduri beilukete jatzartzen bezala direla.

Bainan haize ukaldi batek baderamatza

Bere oldarrean, firristan,

Errepika trixte batean...

-2-

Banoa oihanetan gaindi

Behatuz, zeruan gaindi, ziuntan haizeak baderamatzan lanoak;

Adituz zuhaitz kaskoetan osto bakarrekin

Haizeak emaiten duen Larrazkeneko azken musika zatia.

Lurraren gainean pausatuz ene urats pizua

Banoa sendituz lur bustiaren usain gozoa,

Zuhaitz zango luze buluzien artetik

Bakar eta ixil, iratze gorrietan gaindi.

Ba ote ditake heben trixteziarik?

Ba ote nindaiteke izan ilun, natura guzia buluzten ari delakoan

Neguko gauean, bere pausuaren hartzeko, indarren berritzeko?

Ez.

Banoa bidean gogolari...

Pentsaketa eginez

Guk, gizonek, behar gindukela ikasi

Gure ziunta izigarrian noiztenka baratzen...

Behar gindukela ikasi

Gure baitan metatzen ditugun ez-deuskerietaz buluzten...

Jainkoaren baitan pausuaren hartzeko

Nor berarentzat jarri duen denboran.

-3-

Larrazkena azi sasoina!

Laboraria "goizean goiz jeikirik, argia gaberik"

Badoa alor(r)erat, erreposki,

Behi parea aintzinean eta akulua bizkarrean.

Lurra irauliko du

Ildoak trunkostatuko

Mokorrak ahiarekin porroskatuko

Belar zikinak bilduko eta erreko

Lurra untsa lantueta

Azia ereinen eta pausuan utziko

Neguko gauean ozitu arte.

-4-

Larrazkena bildutasun sasoina!

Goizik beita iluna jeusten lurrerat

Familia guzia, xitak bere amaren hegalpean bezala,

Biltzen da supazter xokoan piztua den su beroaren inguruan.

Paderatra bat gaztaina ari da erratzen

Aneia ttipienak duela inguratzen.

Zaretik bakotxak bonetraka hartzen ditu

Eta bere usaiako xokoan ttottoturik maxta-maxta jaten

Aita eta Amak marduenak hautatzen dituzte

Ez dutelakoan hortz haundirik.

Guk aldiz, iddorenak maiteago.

Noiztenka, botoila kaskatu baso azantz bat

Zintzurrean behera doan arno bixi freskoaren tturrusta.

Gero, Ama xutitzen da eta bolatra bat esne,

Kafe ttintta batekin nahas, deneri emaiten

Gogotik hurrupatzen beitugu.

Orduan, untsa aserik, oherat joaiteko prest gira.

___________________

Larrazkena lurraren sasoina!

Larrazkena urtearen asteri gozoa!

Gizonarentzat bildutasun sasoina!

Beitoa lurreko bideetan gogolari

Eta zeru alde Jainkoaren otoizlari!

Livry-Gargan-en, 1958ko urriaren 20an.

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons