AMENTSAREN LANA
Aneia eskualduna. Aspaldi abiatu haiz munduko bideetan, tilin-talan, hire gosea ase beharrez.. Etxetik kanpo, sor-herritik urrun, hoa amodio poxi bat eskatuz giza-semeen artean: bainan ez dauteie eman ahal izan! Orduan ba-hoa aintzina, noizbeit hartu bidean, soa ilun, bihotza trixte... Hire soan irakurtu diat hire gogo gordearen berri... Dei bat bezala hire aneieri. Dei horri die oihartzun egiten ene bihotzetik jelgi olerki-nota horiek.
Batzutan gizon egina dabila gogolari
Doluminekin behatuz bere haur-denborari
Arrangura gutirekin iragan aroari
Uste beno fiteago eskapi zaionari.
Munduko egoitza huntan ezdauke soseguan
Beti irustasun gose bere barne-barnean
Doa eskuin eta ezker lurraren zabalean:
"Bizia egin behar dut", deramala kaskoan.
Herritik urrunduz geroz: xorterik garratzena!
Bihotzean senditu dut trixturaren samina
Bai ere gorputz guzian, zamarik pizuena:
Gaitz horren inarrosaldi ikaragarriena.
Hiriz-hiri kurritu naiz, erautsez zikindua
Pilda histu batzuekin goiz-arats beztitua
Karga guti bizkarrean: Amak eman mujeta
Etxe zonbeitetan bildu ogi kaskoz betea.
Burua arrunt mensturik, bi zangoak herrestan;
Begiak gorri hanturik, hain usu nigarretan;
Bidez-bide ibili naiz ibili tilin-talan
Ezagutzen eznintuen erremu galduetan.
Eskelari bat iduri, gorputza banotua
Zinez hezur eta larru, arpegia histua
Batzutan goseak hilik osoki unatua
Lorik ere ezin egin hain nintzan ezindua!
Nindoan, beti aintzina noizbeit hartu bidean
Begiak gorri hantuak hain usu nigarretan
Amodio poxiño bat bilatuz debaldetan
Ezagutzen eznintuen gizonkien artean.
Ene etxetik ninduen diru-minak urrundu
Ordutik, nehork ni ezpeinu sekulan lagundu,
Denbora luze gabe dut irustasuna galdu
Ene izaite guzia sekulakotz gaizkondu.
Eskual-Herritik orai nau herri-minak hurrandu
Hartu bide makurretik sofritzeak xuxendu:
Bakartasun, apaltasun, gudu'ta pairamendu,
Nahigabe'ta auhenek gehixago gizondu.
Urrundik ikusten zaitut sor-herrixka maitea
Lau mendi haundien zolan zoin iruski gordea!
Anitzetan oroitzen zaut zure begitartea
Zure altzoan daukazun dohatsuen bakea.
Noalarik bidez-bide, holaxet tilin-talan
Ezjakin sobera norat, urats pizu batean
Mende huntako jendeen kurridaren ziuntan
Amodio poxiño bat eskatuz debaldetan.
Urrundik ikusten zaitut sor-herrixka maitea
Lau mendi haundiren zolan, hoin iruski gordea!
Noalarik nunbeiteko erremu galduetan
Amentsetarik ikusi jauregi ederretan!
Orsay-n 1958ko otsailak 28