MANEX ERDOZAINTZI

KLOTCHEREKO KURUTZEA

Larrazken hastapeneko

Asteri edertsu bat zen.

Zeru garbi urdina

Lanho petan gordea;

Mendi eta zelaiak,

Bazter guzi-guziak,

Pausu trankil batean,

Bake gozoenean.

Bakarrik firristan

Zeruko airean

Asteri ondoan

Freskuraren hartzen

Gustian zabilen

Bele beltzaun baten

Hegalda pizua.

Ene ganberan nindagon,

Liburuak bazterturik,

Burua akitua

Ikastea utzia.

Betan chutitu nintzen

Eta hasi ibiltzen

Ganberaren barnean

Horgo leku hertsian;

Leihorat hurrandu

Kanporat behatu

Zeruari buruz.

Choraturik kantuz

Egon nintzen luzaz

Betez nere botzaz

Egoitza guzia.

Bi begiak zabaldurik

Kanpaina ikertu nuen

Ta ikusi hebentik

Zuhaitz petan gorderik

Lo dagon urmaela

Dena baltsaz betea;

Entzun osto artean

Haizea zirrimolan.

Nere aintzinean

Ikusi orduan,

Harritu beinintzen,

Chut-chuta agertzen

Eliza aldean

Klocheraren puntan

Kurutze haundi bat.

Kurutzeari so'ta so

Mila pentsaketa eder...

Jainkoa gizon egin

Eta gutarterat jin;

Nahi izan du bizi

Gu bezala osoki:

Jasainez lan dorpheak,

Penak, nahigabeak.

Gure Jainko onak

Amodiozkoak

Egin du guretzat

Haur dohakabentzat

Ongia nasaiki

Sustut bereziki

Osasuna eman.

Kurutzeari begira

Mila erakaspen sakon...

Gizonen erremuan

Jainkoa bizi izan,

Nazareth'en gorderik

Machtruguntzan ichilik

Kaskoz eta eskuez

Hogoita hamar urtez;

Galilea'n gaindi

Predikari haundi

Gero abiatu

Beharrez kunplitu

Bere michionea

Aitak manatua:

Denak berpiztea.

Kurutzean irakurtzen

Mila erakaspen sarkor...

Odolez idatziak

Guretzat hoberenak:

Jesus hil izan zela

Gachtagin bat bezala

Kurutzean dilindan

Golgotha'ko mendichkan.

Besoak zabalik

Begiak argirik

Bihotzetik jelgi

Burrustan ugari

Jainkozko odolaz

Gizakizko uraz:

Denak Jainkoratu.

Larrazken hastapeneko

Asteri edertsu bat zen...

Zeru garbi urdina

Lanho petan gordea

Mendi eta zelaiak

Bazter guzi-guziak

Pausu trankil batean

Bake gozoenean.

Nere aintzinean

Ikusi orduan,

Harritu bainintzen,

Chut-chuta agertzen

Eliza aldean

Klotcheraren puntan

Kurutze haundi bat.

Kurutzearen oinetan

Otoitzño bat ezpainetan...

Ororen Jainkoari

Guziz ospetsuari

Lurrean, zeruetan,

Gizonen bihotzetan

Adiaraz goraki

Eresi bat ederki

Ichiltasunean

Bakartasunean:

"Agur, Jaun Goikoa,

Oi Soberanoa!

Bizi dohatsurat

Otoi Zure ganat

Bil gizakentea."

Gure lurreko egoitzan

Chut-chuta zeru aldean

Ikusi nuen argitan

Kurutze bat klocherean;

Ikusi ere...aurrean

Argi pindarren distiran

Ingurumen zabalean

Goiko alegrantzietan

Nazione guzietarik

Leihor urrungoetarik

Irustasunez beterik

Denak bat besarkaturik

Kurutzearen oinetan

Belauniko lur hotzean

Eskuak luze luzean

Gizakiak otoitzean.

Ichiltasunean

Bakartasunean:

"Ospe, Jaun Goikoa

Gure Nagusia!

Otoi zure ganat

Askatasunerat

Bil gizakentea."

Ichiltasunean

Bakartasunean

Denek, murmurikan

"Agur, gure Aita

Zeruan zaudena!

Otoi zure ganat

Bizi dohatsurat

Bil gizakentea."

"............rat

Bil gizakentea."...

Oiharzunak zoan

Mendi mazeletan

Urrun-urrunean

Zeruko lorian.

"La Clarté-Dieu" Orsay'n
1957ko Urriaren 31'an

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons