MANEX ERDOZAINTZI

POPULU BAT XUTIK

Bidean ibilki denari agertzen zaizkio, aintzina joan arau

itxura eta apaindura bereziak.

Aldiz, leku gainean egoten denari, nihora mugitu gabe

ikusmenean dituenak histen zaizkio

eta goibeldurak hartzen dio bihotza!

Ibilki dena, bizitzeari lotua dena,

barneko oldar batek darama eta bultzatzen du.

Ez dut maite barne hertsi eta hetsi batean

gakoturik edo, zakurra bezala, estekan egotea.

Maite dut urratsa eta bideko errautsa!

Maite dut odola bero zainetan

eta bihotza pil-pil, jauzika, senditzea!

Munduko gora-beheretan eta gertakarietan

alatzen dut izpiritua.

Eta nahi dut barnago sartu

sortzen ari den mundu hontan,

atzokotik sortzen ari den mundu berri hontan.

Halako herabe batekin haatik

ezin dezakegulakotz aintzinetik erran

nolakoak izanen dituen bere aztura eta molde berriak.

Halako herabe batekin haatik

Baina ere bozkarioetan

“esperantxetan”

mundu berri bat sortzera doala!

Eta nere baitan sumatzen dut

-kitzi

euskaldun berri bat sortzen,

euskal populu berri bat itxura hartzen:

Europan!

Munduan!

Ezin dut sinetsi

Euskal populua

eri edo hiltzer dela:

ezin dut sinetsi!

Euskal populuak badu bizia nasaiki

burrustan

eta bizi-nahiak darabil!

Bere batasun forma hartzera doa:

Europa berrian!

Munduaren agerian!

Galdu baitu beldurra

eta ahalgea.

Behin mugak eraiki zizkiguten

etsaiek, tratulantek, makiñunek, zapaltzaileek.

Orduko nagusitzaileek uste zuten

horrela bentzutuko gintuztela

eta betikotz arrunt ixilaraziko!

Gu, ez ginen hortarik ari.

Mugak: Euskaldunak elkarretatik berexteko,

estekatzeko eta panpatzeko.

Baina gu, ez ginen hortarik ari.

Euskal populua zuzenkontrako muga batzuetan

ahal balitz bezala!

Ez dute ezagutzen

edo ez dute sinetsi nahi

Euskal populuaren aspaldinoko istorioa.

Lehengo Euskaldunek ere bazuten bertute gisala:

mugak eraiki zizkioten

betiko etsaiek, tratulantek, makiñunek, zapaltzaileek

eta Euskaldunak eskapi zizkiote mundu guzira

sekulan galdu gabe beren lurra

sekulan ahantzi gabe beren mintzaira

sekulan ukatu gabe beren nortasuna

“Ni, Euskalduna naiz”

munduan zehar ibili zaizkiote

orori aitortuz, xutik,

begiak bipilik

lur zabalean mintzatzen diren hizkuntzetan:

lehengo Euskaldunek ba omen zuten bertute!

Gaur ere

populu berak

galdu baitu beldurra

eta ahalgea

xutik aitortzen du:

“Ni, Euskalduna naiz”

Europaren agerian

mundu bazterreko leihor gogorrenak inarrosiaraziz.

Zenbait mus partida eta irri karkaila

badute eginik bide horietan

eta zenbait ase tiraturik ostatuz-ostatu!

Gu baino berantago moldatu Estaduek

-Fraternité

-Libre

in USA

nahiko zuten

beren pezeta eta frankoetan truk

ixildu bagine

herrestan apaldu eta galdu bagine

nortasunik gabeko beren populukerietan!

Baina, ez ginen hortarik ari.

Gaur, hemen gara

Euskaldunak batetaratuak

uste ez zuen anaitasunean:

populu bat xutik bere lurrean

bere hizkuntza ezpainetan dantzan

bere nortasun gogorrarekin.

Euskal Herrian egon direnak

eta sort-herritik urrundu direnak:

populu bat xutik.

Egundainotik

Euskaldunek maite izan dute

zafla-zafla, libro, laxoan

eremu zabaletan kurritzea, hedatzea eta finkatzea.

Bizi-nahiak holakatuak ditu:

nonahi laketu dira eta erroak egin dituzte

mundu osoa beren lurra balute bezala.

Gaur ere

ez litake mundu guzia

beren bizi-leku eta aberri?

“Baina bihotzak dio: Zoaz Euskal Herrira...”

Urrunetik, urrungo leihorretan

bihotzak badu bere pausa-lekua

eta bere ametsen sor-gunea:

Euskadi!

Gaur, populu batek, xutik, kantatzen du:

“Gu gira Euskadiko gazteri berria,

Euskadi bakarra da gure Aberria...”

eta ez omen du galtzen mundu zabalerako tirria

eta ez omen du ahantzi nahi denak anaiak dituela!

1967ko Uztailean

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons