EGUNEAN EGONEKOTIK...
Bideko errautsa...
Biganazka, hirunazka, saldoan... bagoatzi ardurenik. Ibilki gara: guhauren burua ezin jasan, guhauren burua soberakin. Eta barne oldar batek bultzatuak besteeri buruz. Beti besteeri buruz. Nere baitan enoatua bezala. Bakartasunean naizelarik, oroitzen naiz larruak erretzen nauela eta sofritzen dut nere barneko munduan. Zirritutik argi iņara sartu zait ganberan: biziaren goizeko keinua. Barda noizbait lokartu nintzen, nere buruarekilako borrokaz etsitua. Jeiki ordu da. Ahanzten ditut larrua eta nere burua. Irriak argitzen du nere begitartea, lagunak juntatzean. Biganazka, hirunazka, saldoan... joaten gara lanera. Tabako toxa inguratzen da lagunen artean eta bakoitzak biltzen du bere zigarreta. Goizeko lehen zigarreta. Jatzartu gara. Jatzartuak gara. Usaiako gonbresak harrotzen dira lagunekin, lagun gisa: familiako harat-hunatak, hauzoko kalapitak, politikaren gorabeherak... Egun berria eta usaiako lana: atzo, egun, eta bihar! Usaiako urratsak eta betiko solasak: lagun xaharrekin! Ni bezala, gu bezala: biganazka, hirunazka, saldoan... betiko terrenteria, besteak ere abiatu eta joan dira lanera. Egun berriak ahantzarazten dizkigu larrua eta gure burua. Jendetartean larruak ez du sekulan erretzen eta gure burua ez dugu poxolu! gure burua ez dugu soberakin! Bideko errautsak ez du zikinik eta nihor ez da epantxutan!
Bakarrik eskelariak! Hauk dira beti epantxutan eta poxolu! Ustegabean, asterian, aterbeketa sukaldean sartzen direlarik. Baskaiten ari zarelarik oilaxko azpi bat murtxatuz, "hela" atean oihu egiten dutelarik. Eskelariak nonnahi dira poxolu: bide gainean eta eliza aintzinean, metroko aulki izkinean eta pubela artean... Eta beretzen dute bideetako errautsa, denek, hau bederen, urririk uzten diotelakotz. Zikinkeria ez da egoki jende garbiarentzat, omen. Eskelarien malurra: jende garbien kastaren samatsean sortuak izatea! Halere usatu gitzaizkiotegu karrika zolan turrustan doan ur zikinari bezala. Gure gohaindura ito dugu emeki-emeki, eta bi sos bonetan pausaturik joaten ahalko gara gure bidean. Nik baditut bi sos, garbietarik naizelakoan, bederen bi sos sakela zolan. Garbietarik naizelakoan eta samatsean ez naizelakoan sortua, ez naiz eskelari. Bideko errautsak ez nau harrapatzen. Bideko errautsak ez nau zikintzen. Ez naiz eskelari. Ez naiz epantxutan bide gainean. Oixtion aditu musika aireak - Parisen eskelariak badaki musika jotzen eta Euskal Herrian, aldiz, ditxoka-, segitu nau. Nahi-alaez musika sartzen zaitzu, inguratzen zaitu, oraino musika triste hura: eskelariak goibel du bere bihotza eta tristea da bere barneko kantua. Musika triste harek nonbait hunki eta juntatu nau nere barneko eremuan: ardurenik goibel da nere bihotza eta tristea nere barneko kantua!
Ardurenik hirur ziren
beste batzutan bospasei
goizero elkarretaratzen zirenak
Glaciaire karrika izkin batean...
ogi, zozizun eta gasna jatean
bazuten solas, bazuten irri,
goizero elkar juntatzen zuten kloxarrek
bederatziak inguru hortan
Glaziaire karrika izkin batean
bazuten jestu, bazuten molde
arno botoila zerabilaten arinki eta zalukara
batetik bestera lagunkiro eta alegera
ogi, zozizun eta gasna jatean
egun berriari keinu eta agurka
bazuten solas, bazuten irri, bazuten molde
eta, hein batean, zerbait dirdira ere
goizero Pariseko egun berria agurtzean...
Eta gero, ongi jan eta edan ondoan,
bata besteagandik berexten zen
karrikaz-karrika abiatzeko eta ibiltzeko
pubela artetik, metro ziloetan zehar eta gaindi
ahal zituzten zikinkeriak eta usain tzarrak oro
karrikaz-karrika, jenden artetik eta azpitik,
beren pilda higatuetan eta musetatxoan
biltzeko eta karreatzeko goizetik asteriraino...
Beren erreglamendua oso sinplea zen:
hiria buru batetik bestera trebeskatzea,
libro: oinez, autobusean, metroan ala taxian;
batez ere aberatsen kartier horiek
ximenki ikertzea eta zokokatzea
haatik hor gaindi zabiltzan beste laguneri
kalterik egin gabe
eta prioritateak errespetatuz;
ahal bazen eta hobekienik
sos kotsia ere zerbait gisaz biltzea,
baina ez zen inportanteena;
jendeak nolatsu konportatzen ziren
zehazki behatzea
hea umore poxi bat ezagun zitzaien
ezpain xokoan:
hau zen pundurik garrantzitsuena...
Ondikotz, mozkorrak eta loak hartuak, hor nonbait
aulki baten gainean edo metrobide zoko batean
kokatzen ziren biharamunaren haiduru, zurrungan...
Bazuten lan eta neke eta traba
goizetik-arrats, karrikaz-karrika,
jenden artetik eta atzetik eta azpitik,
Pariseko zikinkeriak ikertzen
eta usain tzarrak karreatzen
eta lo zurrungan hor nonbait gelditzea
egun berri hobeago bat amesten
keinuka eta agurka deitzen
oso normala dirudi...
Eta beti, biganazka, hirunazka, saldoan... bagoatzi. Alta ez naiz samatsean sortua: badut aterbe bat; jan-edanak nasaiki baditut eta lana ere; lagunak, adiskideak, ahaideak baditut. Ardurenik goibel dut bihotza eta tristea da nere barruko kantua! Alta badut dirua. Ahusamenduak baditut. Radioa, telebista... baditut: ondek juntatzen naute munduko mugimendueri. Ez naiz bide gune ahantzi batean galdua edo metro zilo ilun batean kukutua. Eta halere eskelaria bezain pobre eta beharretan nabila... Primaderako aro epelak gomitatu gaitu etxetik ateratzera. Zerbait airos bazen gugan: Udaberriko aro epelaren lehen pereka. Igande asteri batez egon naiz Pigalle aldeko ostatu aintzin batean basotra bat bierra hurrupatuz, adiskide bat sahetsean. Ilargia, bere gozoan, agertu zaigu platanen artetik keinuka: gurekin zen! Egon gara beha horko mugimenduari, igande asterietako mugimendu iheskorrari, Primaderako aro epelean, Pigalle aldean, Parisen. Harat-hunat ibilki jendeak ikusi eta behatu ditugu: biganazka, hirunazka, saldoan... betx ala xuri ala horail, arraza guzietarik, elea ezpainetan, irria merke, eskuak eskuetan tinki. Iduri zuten alegera zirela. Bizkitartean ezagun zen haien aurpegian halako zimur aire bat: euritzen balu! Haien soan halako galdu aire bat: argia ilun gerta baladi! Ibilki ziren gozatzen zuten zorion mementoa ebatsia ukan balute bezala! Sarri, orain bezala, eskelaria bezain pobre eta beharretan, guziak nonbait eta noizbait baratuko dira, barneko kantu triste baten errepikan ezin antzakatuak... Larruak erreko diote! Nonbait eta noizbait loak hartuko ditu zenbait orenentzat ahantzaraziz eskelariaren barneko marruma.
Alta, egunaz doatzi pinpirin eta burua xut
krabata soinean beztimenda ederretan
aberats ala pobre, nahas-mahas, kurukatzen dira
jaunxkila ala langile, jakitatedun ala ez,
bizardunak eta bizarrik gabeak
adinetakoak, gazteak eta haurrak
toki batetik bestera, bakoitza bere hartan eta bereari
mugitzen dira trotuarretan eta karriketan
itzulikatzen dira, jo eskuin jo ezker
doatzi, bakoitza bere ametsetan edo arrenkuretan
kokatua edo galdua edo ahantzia
pasatzen dira, pasatzen dira eta pasatzen dira
presan urruntzen eta itzaltzen...
sekulan, euritzen balu
edo goizegi iluntzen!
Baina eskelari kondizionea ez da galtzen. Uste nuen zerbait banakiela, eskoletan ibiltzearen bortxaz zerbait ikasi nuela: bere senarra edo laguna zuen mozkorra eta laguntzarik gabe utzi dut emazte malerus bat! Xede handietan barna bultzatu ditut lagunak eta diruan truk debalde utzi engeiatzeko orduan: geroztik jakina dut batzu preso sartu dituztela! Uste nuen bihotza sendimendu hoberenez apaindua nuela: nere buruaren agertzeaz ez naiz aspertzen! Uste nuen eskuetan zerbait banuela: eskuak hutsak ditut! Ikastuna nintzela... zioten garbiek! Bihotz ona nuela... zioten garbiek! Esku zabala nuela... zioten garbiek! Beren idurikoa, beren izarikoa nahi ninduten: mutil bat ongi hezia! Baina holako asmorik ez zidaten salatzen. Bideko errautsak bildu nau: kaskoa, bihotza eta eskuak ditut zikinduak! Eskelari bilakatu naiz eta baztergiak maite ditut iduritzen baitzaut hor gaindi mugarik ez dela. Bakarra ote naiz? Eskelari bilakatu naiz eta baztergiak maite ditut iduritzen baitzaut hor gaindi mugarik ez dela. Bakarra ote naiz? Eskelari kondizionea dukegu, nik uste, gu baitan poxolu eta ezin jasana. Zeren eta noren eske gabiltzan: nik ote dakita? Hasteko, gugan ezin egonak hartzen gaitu, zerbait huts edo eskas kausitzen dugulakoan eta ezin asean garelakoan. Biganazka, hirunazka, saldoan... eta beti eskasian: bilduak ez gaituelakotz betetzen eta emanak ez gaituelakotz husten. Beti eskasian: emaitzan ala hartzean, eman duguna ez dugulakotz eman gai ginduen neurrian, eta menturatzen ginduena ez zaigulakotz eskainia bete gintzazkegun ausarkian. Baina noiz eta nori gara osoki emanak: emaitzan beti poxi bat gordetzen dukegu oro gal beldurrez! Eta noiz gintazke osoki bateak: besteetatik ukanarekin ez dezakegu sekulan gaindi gure ohadura!
pasatzen dira, pasatzen dira eta pasatzen dira
espazio mugatu eta zainduetan
boulevard eta avenue largo luzeetan
puxantak, jakintsunak, buruzagiak, kargudunak
eta beren mutilak, armadak, unibertsitatekoak,
elizakoak, poliziakoak
dena titulu, grado, xingola, girgileria eta harma...
dena irri, ele, sino eta diru...
nagusitzen dira, nagusitzen dira, nagusitzen dira
gure espazioetan.
...eta giza-amodioaren neurria...
Ikusi nahi nukeena ez dezaketala ikus
haren soa nitaz haraindian finkatu delakotz!
Senditu nahi nukeena ez dezaketala sendi
haren sentsuek nitaz beste senditu baitute!
Entzun nahi nukeena ez dezaketala entzun
haren mintzoa ez baitzait beharrira heldu!
Mintzatu nahi nukeena ez dezaketala mintza
nitaz beste nahi izan baitu behatu!
Hunki nahi nukeena ez dezaketala hunki
ni hurbiltzean ihes itzali baita!
Nolakoa den geroztik
Nere bihotzeko goibeldura
Nolakoa nik haren gatik
Pairatzen dutana
Ez daki...
Eta horrek nau erotzen!
Baina
Nork daki
Ez duenez
Nitaz
Nerekin
Amets bat
Egin
Bere gogoan?
Nihork
Nihon
Nihoiz
Ez du
Jakinen!
Baina
Nork daki
Ez zaionez
Nitaz
Neretzat
Kantu bat
Sortu
Bere bihotzean?
Nihork
Nihon
Nihoiz
Ez du
Hautemanen!
Baina
Nork daki
Ez duenez
Nitaz
Neretzat
Nigar bat
Ixuri
Bere begietan?
Nihork
Nihon
Nihoiz
Ez du
Xukaturen!
Iragan da...
Eta joan...
Eta itzali...
Utzi dit bakarrik
Gustu kirets hau
Bihotzean
Eta
Ez daki!
Eta gertatzen delarik, uste gabean, zure soa jautsi zaiola begietan barna! hitz gabeko mintzaira bat abiatu dugula, bien artean! Nolako mundua ez bide zaigu harrotzen barruan! Baina! Hemen naiz: nere izatearekin, nere bizimoldearekin, nere hautuarekin eta araberako kurutzamenduekin, asmoekin, adiskideekin... Ez dakizu. Eta nik hobeki suma ote dezaket nere soak zu baitan harrotzen duen eta, beharba, aldeanbeste itzul lezaken mundua: zure izatea, zure bizimoldea, zure hautua eta araberako kurutza-menduak, asmoak, adiskideak?... Eta gertatzen delarik, uste baino barnago sartu zaiola nere soak ziokan amodio elea (mintzaira ez ote da ardurenik soatik hasten?) eta bigarren hitza izan dela deusik ez dezakegula batean nola bestean piztu amodio izpiak ezagut dezan hunkigiarik, batak eta besteak, istant hortan, sumatzen baitugu bi mundutan goatzila eta gaudela hetsiak. Orduan lehen soaren laņotasuna ez ote zaigu iluntzen? Gure begiak ez ote dira hesten, abiatu solasa ezin segituz, harrotu munduak hetsarazten dizkigulakotz? Ez gintazke izan bat bestearentzat, gure barneko munduak, dituen esteka, lokarri eta hautuekin..., debekatzen digulakotz! Joanen gara... Joanen naiz... Bata ala bestea joanen gara... bihotzean berriz ere ezaguturik bizitzeak daukan muga, amodioak daukan nahigabezko neurria. Eta ez duzu jakinen nola nere soaz inguratu zaitudan, nola ezin erranezko hitzak sortu zaizkidan eta, istant hortan, nola harrotu duzun nere barneko eremua... Ez dut, nik ere jakinen zertako bietan, hiruetan, lauetan... zure soaz mintzatu zaizkidan, herabe, sakonki bizkitartean? Ez dut jakinen ez ote duzunez so egin oraino, bostgarren aldikotz, etsidura mugimendu batean? Baina galdu naiz saldo anonimoan! Eta, segitu dukezu, zure barne gordean, "anonimo" honekin abiatu solasa, eta, beharba, zure barneko mundua izan da inarrosia? Joanen zara. Joanen naiz... Bata eta bestea joanen gara... gure xenderatik! Eta gerta balakigu berriz kurutzatzea, nolakoa litake zure seigarren soa? Nolakoa nerea? Baina anonimotasunak ez ote digu bati eta besteari ahantzaraziko nonbait noizbait elkar kurutzatu garela, nonbait noizbait elkar mintzatu garela? Gure xenderak kurutza ote ditzazkegu? Egin baginitzazke... ez ote gindezake gehiago sofri, xenderak kurutza ditzazkegularik, bizitzeak ez ditzazkegulakotz?
Bat, biga, hirur..., mila
Izan dira
Nere bidean
Kurutzatu dituztanak:
Mintzatu gara
Istant bat
Soaz
Amodioa
Errateraino!
Joan dira... Joan naiz
Bakoitza galdu da bere xenderan!
Bat, biga, hirur..., mila
Izanen dira beharba
Nere bidean
Aurkitu dituztanak:
Mintzatuko gara
Istant bat
Soaz
Amodioa
Errateraino!
Joanen dira... Joanen naiz...
Bakoitzak segituko du hartu xendera!
Bizitzeak ez ditzazkegulakotz batetara!
NOR zinen?
NOR ziren?
NOR nintzen?
Bidean: "anonimo" bat?
Ez dakike!
Ez dakikezue!
Ez dakiket!
Fite zoan bidean
Sobera fite
Goatzin bidean
Bakarrik, urrunean
Noizetik noizera
Kurutzatu ziren gure soak
Eta gure hitzak desegin ziren
Bidean...
NOR zinen?
NOR ziren?
NOR nintzen?
Bidean: fantoma itxura aldakor bat?
Ez dakike!
Ez dakikezue!
Ez dakiket!
Nihoiz.
Hasteko
Anonimo ala fantoma
Dakitana da
amodioa
Sofrikario
Gerta daitekeela
Askotan
Askorentzat
Nonahi!
... eta goizeko izarra...
Goazen halere, gure xenderak gure, nonbait noiztenka elkar aurki ginezakeegulako usteak bultzaturik. Goazen, eskelaria bezain eskelari, nonbait noizbait goizeko izarrari begira elkarrekin gerta gintazkeelako ametsaz hazirik: bat, biga, hirur... saldoan bil gintazke nonbait noizbait goizeko izarrari begira!
bideetako errautsak lotu badira
gure aurpegiko izerdiari
eta gure izerdiak gure pilda zaharrak
bustitzen eta usaintzen baldin baditu
zer inporta du?
baztergietako xendera harritsuek
gure oin zoletako larrua kozkortu badin badute
edo gure bizkar hezurra gogortu
zer inporta du?
haitzur giderrak edo burdina mehatzeak
gure eskuak zaildu baldin baditu
edo gure jestu eta mugimenduak tontotu
zer inporta du?
handi eta puxanten eta aberats okituen
jukutria, zitalkeria eta mehatxuek
gure bihotza borobildu baldin badute
eta gure izpiritua zorroztu...
orduan ba, orduan ba
honek badu bere inportantzia
gure ametsak eta gure gutiziak hazten diren
gure baztergietan
gure asmoak eta gure xedeak hezurmamitzen diren
gure espazioetan
honek badu bere garrantzia...
Holakoetan emateak sortzen digun bozkarioa: ordaindu diotan so goxoa; entzunarazi diotan ele beroa; sendiarazi diotan hor nintzelako segurtamena... Ixiltasunean, bihotz taupadak ditugula behatzen, besarkada tinkian, elkarren errespetuan... Berrituak garela xutitzen bata bestearen betean: batak besteari eskaini eta hartu dugulakotz bata eta bestearen hoberenetik; bata ala bestea izan garelakotz eskelari bata bestearentzat... Bekan bazen bekan, baina behar zen hartan, elkar ezagutu dugula: gure izenarekin, gure nortasun apartekoarekin, gure asmoekin, gure xedeekin, gure egia ezpalekin, gure amodio bultekin... Elkar hartu dugulakotz. Elkar entzun dugulakotz. Elkarrekin izar berari keinuka eta irriz agitu garelakotz. Holakoetan, bizitzeak ez ote dakar sofritzeaz beste itxurarik?
Bekan bazen bekan
Baina behar zen hartan
Eskuak hutsak ginituela
Bihotza goibel
Eta goizeko izarrari begira
Bilduak gertatu garen hartan
Besarka luzean
Gure bat izateak
Ez ote zuen bizia sortzen
Gaurko Euskal Herrian?
Gaurko munduan?
Parisen 1966ko Udaberrian