MANEX ERDOZAINTZI

IRAUN BALEZA...

Haizea zen eta... zuhaitz adarrak intzirika!

Haizea zen eta... ganerrean saguak dantzan!

Gotorra da gotorra nere etxea bere zimenduetan

Berrehun urtez badu zenbait zafraldi senditurik

Bere gorputz zabalean, galerna kexuetan:

Nere etxeak, gogor, gaur ere ihardokiren du!

Gaua zen eta... zein goxo supazter xokoan!

Gaua zen eta... zein argi su-lamaren irria!

Bero da bero nere etxe-barneko eremuetan

Arbasoen itzala hor gaindi dabila, erne,

Bizi direnen artean, sekulako oroitzapenean:

Nere egoitzan, zurrungan, gaur ere lo eginen dugu!

Lo eginen eta... amets gaiztoak haizeak heziko!

Lo eginen eta... bihar goizean jeikiko iguzkia bihotzean!

Arin da arin nere gogoa bere pausuan

Mendiko xenderetan han-harat naramala

Artaldearen urratsean, erreketan gora:

Bazka gizenetan, deskantsuan, oraino alatuko gaituk!

Deskantsuan eta... zein goxo supazter txokoan!

Deskantsuan eta... zein argi su-lamaren irria!

Luzaz iraun baleza gau honen bakeak

Goi-ameslari ibil nadin, istant bat bederen,

Nere mundu gordearen eremuetan barna:

Bihar, indarberrituak, azkar abiatuko gaituk!

1965ko Apirilean

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons