MANEX ERDOZAINTZI

MIKELEK ERRAN ZIGUN...

         1

Bai gertatu zen:

Gure Herri hau madarikatu zutenen

Indarkiak sartu zirela

Alde guzietatik alde guzietara

Aldian aldiko bihurrikeria,

Azpikeria eta debrukeria guzien

Hitzarmenarekin, diruarekin, harmekin

Ibili zirela Herri honen lurretan

Ontasunak zangopilatzen, xurgatzen, xahutzen...

Plantatu zirela Herri hontako eremuetan

Jendeak berexten, zapaltzen, desterratzen...

Saiatu zirela Herri honen gogo-bihotzetan

Bertako kultura ereduak

Mespretxatzen, puskatzen, hondatzen...

Espainoleriaren

Frantsesiaren

Eredu liluragarriak

Enganagarriak sartu ziren

Urtetik urtera:

Handiak eta ttipiak

Aberatsak eta pobreak

Manatariak eta morroiak

Alfabetatuak eta analfabetoak

Zakitenak eta ez zakitenak...

                   Herri zapartatu bat utzi ziguten

            Gure Herri hau madarikatu zutenek!

 

                  2

               Gure etsaiak

               Gure kanpoko etsaiak

               Espainol eta Frantsesak

               Gure Herri barruko etsaiak

               Espainol eta Frantsesen

               Morroi esku-makilak

               Gure Herri hau

               Madarikatu zutenak

               Gure kanpo-barneko etsaiak

               Gure etsaiak izaten

               Iraunen dute zerbait gisaz:

               Portaera hau

               Salatu behar dugu

               Urbi et Orbi!

Bi ukaiak

               Bata besteari lotuak

Bi zangoak

               Bata besteari estekatuak:

                          Holako moldeetan idatzia digu

                                  Gure Herri langile honek

                         Bere erresistentziaren historia!

 

          3

Hitzok ez dut nahi

Akademikoak izan ditezen

Dena itzuli-mitzuli

Hitzok ez dut nahi

Jende handiek errekupera ditzazten...

Hitzok nahi ditut

Irakur eta konpreni erretxak

Ene Herri langilearen

Tripatik eta odoletik

Ateraiak direlakotz

Hitzok nahi ditut

         Zorrotzak

                       Harri

         Kozkorrak

Bezal-bezalakoak

Ene Herri langilearen

Karriketan eta ostatuetan

Bilduak dituztalakotz

Hitzok nahi ditut

Gure sentimenaren

         Erraile

Gure ikus-pentsamoldeen

                     Aitorle

Hitzok nahi ditut

         Gure karriketan eta ostatuetan

Beren bizitza segitzeko...

Hitzok erabiltzen ditut

Eta nahi ditut zaindu

                 Gure herri langilearen hitzak

                           Direlakotz!

 

                          4

                 Mikel ixildu zenean

          Oihartzunak zekarkigun

                 Gure odol kexuaren

                         Garrasia!

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons