MANEX ERDOZAINTZI

EMAZTEKI BAT ENE BIZIAN...

Guztiek ezagutu diagu gure bizian emazteki baten itxura: gure Amaren itxura. Batzuk eta bestek, haurretik gizon adineraino handitu arau, beti hobeki, beti barnago, beti osokiago... zilatu izan diagu emazteki horren itxura... Nola ene bizian ene Amaren itxura sartu izan den eta nola ezagutu izan dutan handitu arau, ber denboran haren amodioa ene izaiteari untsa josirik senditen nuela: hori duk "Poematxo" honen muina, mamia eta iturria, gure hizkuntzako hitzetan ene bihotzak bere maneran kantatua!

I

Oraino haurra nintzelarik

Bospasei urte, ez niakikek xuxen erran...

Udako arratsalde eder batean

Beroak samin joiten baitzuen

Otteka nindabilen, haurra jostetan.

Eta ikusi nikan pentze ordokian,

Putzundeko pentze hertsian

Belarka ari ziren hirur gizonen ondotik

Emazteki bat

Belar undarren biltzen.

Otteka, haur bat jostetan

Puntzundeko pentze ordokian

Eta emazteki ttipi bat

Belar undarren biltzen

Denborarik galdu gabe

Hirur gizonen ondotik:

Txapela buruan

Bokanesa lepoan

Izerdi trenpan.

Puntzundeko pentze maxelan

Haur bat irriz jostetan

Otteen ondotik arranguran

Eta hirur gizon serioski lanean

Belarra airatuz xixpen puntan

Eta emazteki bat haien ondotik

Belar undarren biltzen

Ez hainbeste xahar

Ez hainbeste gazte

Baina ainitz akitua

Lanak eta penek higatua.

Hirur gizon azkar:

Gazteena orgen gainean;

Beste biak, zoin erneago, sahetsetatik

Xispatraka emaiten.

Eta beti, haien ondotik,

Emazteki ttipi hura:

Txapela buruan

Bokanesa lepoan

Izerdi trenpan

Belar undarren biltzen.

Oroitzen nuk, emazteki horri

"Ama"

Nakola oihu egiten,

Gizon bat "Aita"

Beste bati "Ellande"

Eta beste batzueri "Piarraño", "Anbroxi", "Agustin"

Erraiten nioten bezala,

Ez bainakien zendako!

Ez bainakien zer gisaz!

Oroitzen nuk, emazteki horri

"Ama"

Nakola beti erraiten,

Zuhaitz bati "Haritza"

Txakur bati "Llabri"

Behi bati "Adar-xaala"...

Erraiten nioten bezala,

Ez bainakien zendako!

Ez bainakien zer gisaz!

Alta senditzen nikan ez zela arras berdin!

Iguzkia mendi handien gibelean

Gorde orduko

Belarrak bildu ziteztean.

Arrestelua bizkarrean,

Urrats pizu batean,

"Ama" jin zitziakan ondoraino

Eta eskutik hartu nindikan:

"Hea haugi etxerat"erranez.

Otteak utzi nintikan

Amarekin etxerat joaiteko;

Amaren eskuan

Ene esku ttipia ezartzeko.

Etxerat abian ginelarik

Ene begi ttipiekin

Petigora behatu niokan

Amaren aurpegi eztiari:

Txapela kendua zikan

Eta biloak ziozkan kopetaraino eroriak.

Orduan, lehen aldikotz

Ohartu nindukan Amaren begieri:

Bi begi argi,

Zeruko urdina baino urdinako.

Oh... lehen aldikotz

Ohartu nindukan Amaren ezpaineri:

Bi ezpain gorri,

Udako beroa baino beroago,

Eta biloek doi bat kukuturik

Bi beharri ñimiño

Bata zoin bestea baino ederrago!

II

Gaztarorat doi-doia heldua

Etxetik joan behartu izan zitziakan eskoletarat,

Diotenaz gain oraiko mendean

Ez dela jakitaterik gabe ibili behar!

Utzi nintikan ene etxekoak:

Ene Aita nigarretan,

Lagundu baininduen bideberriko xeheletaraino

Lagundu ixil-ixila bideberriraino

Bihotzean gordez bere pena izigarria.

Ene Aita gaixoa, bere gizon bihotzarekin

Iduri hetsia eta hain baitzuen zabala!

Iduri gogorra eta hain baitzuen beroa!

Aitaren bihotza bere semeentzat!

Aitaren bihotza bere umeentzat!

Bere beso idorretan finki tinkatu baininduen:

"Izan untsa, Mañes", erranez...

Eta egon baitzen bide gainean luzaz

Pauxaldeko bixkarrean

Ni arrunt gorde artino.

Utzi nikan bide gainean nigarretan

Lur hontako egoitzan

Gehiago besarkaturen ez dutana...

Lur hontako egoitzan

Gure alorretan lurrarekin borroka,

Gure Ostogian ot’epeiten,

Etxondoko bazterretan dailuka

Gehiago ikusiren ez dutana...

Lur hontako egoitzan

Zenbait ilabete etxetik urrun egon ondoan

Gilbelerat itzuliko naizen aldietan

Supazter txokoan, beroki

Gehiago elekaturen ez dutana...

Ene Aita gaixoa!

Ene Aita maitea!

Utzi nitikan ene etxekoak:

Ene Ama akitua nigarretan

Sukalde barnean

Ez baitzuen ene laguntzeko kuraierik.

Utzi ixil-ixila sukalde barnean...

Pott bat emanik ezpainetan

Ur benedikatuaz kurutzearen seinalea

Kopetan markaturik:

"Kasu bide horietan minartu gabe", erranez,

Eta bere nigarrez ene begiak garbituz...

Ene Ama gaixoa, bere emazte bihotzarekin

Deneri zabaldua eta hainbeste nihauri!

Deneri emana eta hainbeste nihauri!

Amaren bihotza bere semeentzat!

Amaren bihotza  bere umeentzat!

Gau eta egun ene altxatzeko

Dena arrangura, dena nahigabe;

Gau eta egun ene hazteko

Dena urrats, dena eskukaldi

Lokartu orduko berriz jaiki behar;

Holaxet egun batetik besterat

Gaurik ezagutu gabe...

Enetzat higatu duen bihotza!

Eta ni, haur ezazola, jakin ukan banu!

Baina nola zer nezakeen konpreni

Ama batek bere haurrarentzat

Duen Amodioan?

Betidanik betikotzat

Bere bihotzean maite ninduen

Nintzen bezala...

Ene Ama gaixoa!

Ene Ama maitea!

Amaren ezagutzeko

Nolazpait konprenitzeko

Behartu izan zitziakan

Etxekoak utzirik

Ene sor-herritik urrundu

Kanpotiarren amodio hotza senditu

Eta, erran-zaharrak dion bezala,

Kanpoko salda jastatu.

Amaren altzotik urrunduz geroztik

Zenbait denboraren buruan

Gau batez bakarrik nindagoela

Gogoa ilun gaueko ilunpe beltzean

Ikusi nikan, ez bainakike zer nola esplika,

Amets batean bezala,

Emazteki bat

Lehenago, haurrean, Putzundeko pentzean

Belar undarrak biltzen

Ikusi nuen emazteki hura ber-bera.

Ene aintzinean xutik ziaukan.

Haren aintzinean xutik nindaukan.

Bere bi begiez ene bi begietan so egiten ziakan.

Ene bi begiez bere bi begietan so egiten niokan.

Eta biak ginauzkan gure bi begiez elkarri so:

Iduri elkar nihondik ezin ezagut;

Iduri elkar nihondik ezin konpreni!

Ene aintzinean xutik ziaukan.

Beraren aintzinean xutik nindaukan.

Eta biak ginauzkan gure bi begiez elkarri so...

Oh... Emaztekiaren begietan

Miraila batean bezala

Ene bi begiak ikusi nintikan:

Bi begi argi

Zeruko urdina baino urdinago;

Berdin-berdina, ene begietan

Miraila batean bezala

Emaztekiak bere bi begiak ikusi zitezkean:

Bi begi argi

Zeruko urdina baino urdinago...

Emaztekiaren ondoraino hurrandu nindukan

Ezpainak ezarri haren ezpainetan;

Ene ondoraino hurrandurik

Ene ezpainetan senditu nintikan emaztekiaren ezpainak

Uda beroa baino beroago;

Elkarren ondoraino hurrandurik

Ezpainak ezpainetan

Bere ezpainetan senditu zitezkean emaztekiak ene ezpainak

Uda beroa baino beroago...

Orduan jatzartu bezala ninduka

Ezagutu bainuen lehengo emaztekia

Erran niokan:

"Ene Ama"

Oihartzunak ihardesten duen bezala

Amak ihardetsi ziakan:

"Ene haurra!"

III

Gaua argitu zukan enetzat

Eta bihotzean sartu bozkarioa

Undarrean ezagutu bainuen

Kaskoz bezala bihotzez

"Nor" zen

Lehengo emazteki akitu hura:

Ene Ama!

Orduan bihotzeko bozkarioak

Jauziarazi ziakan nigarra burrustan

Begietan gaindika...

Amak besoetan hartu nindikan

Lehengo denboretan bezala,

Iratze metatik erortzen nintzelarik;

Bere altzoan pausatu zikan

Ene gazte gorputz gordina,

Bularraren kontra tinkatu

Ene buru iluna,

Bere hatsaz berotu

Ene aurpegi hoztua,

Eta bere begiez xukatu

Ene begi bustiak...

Nigar egin nikan

Burrustan nigar egin bozkarioz

Gau hartan ezagutu bainuen

Eta betikotz ezagutu eta konprenitu

Lehengo emazteki ttipitto hura

Ene Ama dela

Eta ni haren haurra

Haren sabeletik sortu umea

Haren haragitik moldatu haragia

Haren odoletik hazi odola...

IV

Zenbait urteren buruan

Ene etxondorat

Itzuli nintzen batez...

Negua zukan: denbora iluna,

Mendi kasko, landa eta alorrak...

Elurraren pean.

Biloak beti beltxaun, matelak pollit,

Eriak iddor, zainak esku gainean ageri...

Ene Ama hatzeman nikan

Supazter xokoan

Su handi baten aintzinean

Berotzen ari.

Lehengo Ama,

Betiko Ama:

Bi gegi argi

Zeruko urdina baino urdinago;

Bi ezpain gorri

Udako beroa baino beroago;

Bi beharri ttipi

Bat zoin bestea baino ederrago

Bilo petan gorderik;

Eta bihotz bat

Nihongo gazte batena baino gazteago

Amodio fresko batez beti gainditua

Amodio iturri freskoa

Amaren bihotza!

Parisen 1958.ko Urrian

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons