MANEX ERDOZAINTZI

SARRERA GISA

Haur baten itxura datorkit gogora. 1957.ko uda zen. Italian zehar eskolier andana batekin bidaiaz ibilki nintzen. Erroman ginen bi egun hautan. Eta kolizeoaren ondoan gertatu ginen halako batez. Hor ba zegoen hamabi urteko haur bat. Akordeona jotzen zuen. Biloak harro, bere soan zekarren barruko musika goibela. Hitzetan bildu baino lehen, bere mintzoa haizeak han-harat zeraman kolizeo inguruko plazan gaindi. Untzixka batean pasaiantek utzia, sakelara biltzen zuen. Haur baten itxura datorkit kolizeoaren itzalak inguratua. Bere soan zekarren sofrikario zerbaiten musika goibela. Eta berriz gure bidean abiatu ginen. Haurrak akordeona jotzen segitu zuen. Joan ginen eta urrundu. Urrunean galdu ere zitzaigun haurtxo honen musika goibela.

Zenbait ilabete geroxago nere aita galdu nuen. Etxetik urrun nintzen, Parise ondoan, nere istudioak egiten. Eguerdi inguruan, telegrama bat etorri zitzaidan. Telegrama irekitzera ezin menturatuz mementu luze bat pasa nuen ikaretan. Anaia bat banuen Algerian. Telegrama azkenean zabaldu nuen. Aitaren hil berria zekarren. Aita hil zitzaigun. Ezin sinets nezaken. Aitaren ehortzetako etxondora sartu nintzen. Goiza zen heldu nintzelarik. Neguko goiz bat ikaragarri garbia. Etxeko samatsean, Ellande, nere anaia zaharrenetarik bat, hor zegoen nere haiduru. Eta kondatu zidan, ele gutiz, aita nola tipust-tapast hil zitzaigun klinika batetan, etxetik kanpo, Eguberri baino zenbait egun lehentxuago. Hirugarren egunean aita ehortzi ziguten.

Urteak joan dira, joaten dira. Norberak daki nolako betea daramaten berekin. Norberak, bere ixilean, daki ere nolako gertakariez hunkia izan den eta zenbatetaraino oratua edo berdin hautsia. Mintzo nitzaizunean edo idazten dizutanean, murmurikatu edo idatzi hitzek daramazkizue, parte batean, urteetan bilakatu naizen honen ezpalak eta herrestoak. Baina, bizitzera, saiatuak izanagatik, bizia doakigu. Nere sort-herriko lagunak, beren estakuru guztiekin, bizitzera saiatzen dira. Ni ibili naizen toki guzietan, jende seriosak aurkitu ditut. Ibili naizen bideetan elekatu dituztan guziak, bizitzera saiatzen ziren, batzu ziren plantakoak, besteak ergelak, omen, beste batzu ziren eriak edo azkarki minartuak. Neri iduritu zitzaidan denak bizia maite zutela edo bederen ez zutela hastio. Hala agertzen zitzaizkidan beren ekintzetan, beren ametsetan, beren kexuetan, beren solasetan, beren nigarretan. Baina bizia doakigu. Eta berarekin zerbait galtzen dugu. Urruntzeak galerazten baitigu haurtxo baten musika goibela. Edo telegrama batek, batzutan, baitakar aita baten hil berria. Biziak, ontzi zilokatu batean, berarekin daramazkigu ixuri nigarrak eta egin irriak.

Jendeak, gauzak, espazioak, garaiak, gertakariak, sendimenduak, sensazioak, hotz-beroak, mugimenduak, burrukak, atsedenaldiak eta beste... ez nahiz ahantzi nabila, gabiltza. Ez dakit baina beharba hola sortzen daiteke gugan poesia. Betikotz galdu ditugunak eta urrunduz joaki zaizkigunak ez nahiz ahantzi. Lore baten apaindura miresgarria eta usain gozoa, asterietako sehena eta goizetako ihintza, orgabide batetako ilunpe bildua eta han entzun karrankak, haizearen pereka bustia larrazkenean, supazterreko bilgunea neguan, sasoin bakoitzeko margoak, aro aldiak, hiri baten atzartze nagia goizetan eta holako... Hots, izadian, gure begi-beharriek ikusi-entzunak, gure ezpainek hurrupatuak eta ahoan murtxatuak, gure eskuek haztatuak, hunkituak eta perekatuak, amultsuki eta ikaretan, gure sudur loriosak usnatuak, gure bihotzak maitatuak edo hastiatuak, gure kaskoak bilduak eta aztertuak. Lehengo eta betiko poesia gauzak eta izakiak berextea eta izendatzea, ez arrunt ahanzteko.

Gainera, beldurra eta ausartzia, alaia eta goibela, kiretsa eta gozoa, arina eta pizua, zoriona eta zoritxarra, tirria eta astioa, amodioa eta gorrotoa, nahas-mahas gugan daramazkigu. Kanpokaldea eta barnekaldea ezin bereiziak ditugu, hain baitu kanpoak berarekin barrua eta barruak kanpoa. Kexu bultak, samurgoa, maitemindura, irekidura, bizi nahia, odolaren mintzoa, hauk guziak, ederra eta itsusia bezala, hitzetan eta hitzekin, musikan eta pinturan, eskulturan, arkitekturan eta artearen beste agergailuetan, nornahik nonahi zerbait gisetara agertzen ditu.

Edo hobeki edozeinek zerbait gisetara agertu nahi lituzke. Eta hau da gertatu: edozeini debekatu egin diotela kantatzea, dantzatzea, irri egitea, jostatzea, eguzkiarekin eta ilargiarekin maitemintzea. Nola kanta, nola dantza, nola irri egin, nola josta, nola itzalpera... neurriak badira oso finkatuak. Irakasten eta ikasten direnak. Beraz jakin eta segitu behar direnak. Neurriak badira kutxa baten barruan poesia errexiarazteko. Neurriak badiren bezala lanegiteko, familiatzeko, eta hil ondoan ehortzia izateko. Neurriak ez dira gainditu behar. Bestela, kasu zuri. Eta poesiak, orduan, amets egiten du nola kanta, nola dantza, nola irriegin, nola josta, nola ere burruka... bizitzea libro balitzaio. Eta poesia amets bat agertzen da anitzetan edozeinen begietan, ezpainetan, eskuetan, zangoetan, gorputz osoan... Iragana eta geroa orainean lotu nahi lituzkeen amets bat, espazioak bildu nahi lukeen amets bat. Ezin errexitua da poesia. Neurrietatik kanpo doa eta dabila, ametsaren bidez, idurimena finkatu nahiz egur eta harri puska batean, musika aire erauntsietan, margoen nahastekan, etxegintza paratetan, literatura idaztietan, izadiarekilako loturetan... Baina jende langilea, laboraria, uzinetako obreroa, ikaslea, irakaslea, zu eta ni, zuek eta gu, jarri neurriek mugatzen eta hertsatzen gaituztelarik, poesia gugan tristatzen da, goibeltzen, eta noiztenka, kexatzen ere da. Beharrik poesia, gugan, ezin errexitua sortu zitzaigun. Eta hezgaitza!

Hemen ez da buru-buztanik bilatu behar. Poesia urrunago, gorago bezanbat barnago doa eta dabila. Poesia ez da berez seriosa edo ergela. Poesiak giza errealitatea barna hunkitzen eta senditzen du: bere gutizietan eta izialduretan, bere plazerretan eta desplazerretan, bere ahaletan eta mugetan, bere ekintzetan eta ezineginetan, bere mintzaldietan eta ixilaldietan, bere sortzean, higatzean, zahartzean eta heriotzean. Poesia, bakoitzaren bizitzeak dakarren tirabiraren gunea dirudi, eta honen elea dela erran nezake. Poesia drama bat da. Poesiak ez du buru-buztanik, baina ez da gezurtia. Zoaz, goazen ostatuetara, merkatuetara, lantokietara, uzinetara, baserrietara, itsasoetara, bortuetara, errautsak karrika eta bideetan zikintzen duen jende ostearen ondotik, lurrak, ikatzak, burdinak, zurak, tinduak, keak... itxuraldatzen duen jende ostearen urratsean..., hor gaindi dabila poesia edo hor gaindiko tirabiran mintzo da poesia. Poesia drama bat da eta giza errealitateaz beti mintzo da.

"Hinki-hanka", hor gaindi dabila eta mintzo da zu eta ni bezala leporaino aseak garelarik, edo okaztatuak garelarik mintzo garen bezala, edo, zorobiatuak, iraun nahi dugula erraten dugularik egur eta harri puska batean, musika-kantu-aire erauntsietan, margoen nahastekan, etxegintza paratetan, literatura edaztietan, izadiarekilako lokarrietan... Lehengo eta betiko poesia hau ere dela, uste dut.

Arren, poesia ez da zu eta ni bezalakoetarik kanpo gertatzen. Gurekin sortzen da. Gugan bizi da. Bulta hontan ohartua naiz laborariak, langileak, ofizialeak, beren eskuez materia hunkitzen, erabiltzen eta moldatzen dutenak, poetak direla. Beren begiez, beren beharriez, beren mihiaz izadia eta izakiak ikusten, entzuten eta jastatzen dutenak, poetak direla. Nere anaia laborariak eta ofizialeak, aspaldian ohartua naiz, poetak direla beren urratsetan, beren lanetan, beren inguruetan, beren asmoetan, beren gustuetan, beren eleetan. Nere sort-herriko laborariak, Bilboko ela Donostiako ala Mauleko langileak beren fabriketan, artzainak beren mendietan, arrantzaleak itsaso gainean, ohartua naiz langile mota guziak poetak direla. Kexatzen direlarik, manifestazionetan elkarri tinki-tinkia lotuak, karrikaratzen direlarik ala, besta egunetan, ostatu eta plazetan edo berdin gure elizetan alaiki biltzen direlarik, gure herriko langile mota guziak, poetak direla nik ongi badakit. Eta poesia ez dela soilki sendimendu bat. Tripako min bat ere da: intziri, garrasia, oihu eta otoitz! Burruka baten elea da: gure kasuan, bi parte puskatua izan den herri langile baten elea; bi mende hautan zapaldua eta herrestan ibilia izan den herri langile baten mintzoa. Egia erran, hori zaie zenbaitzuri ez gustatzen gure poesian. Nahiago zuketen errorik gabeko arbola baten itzala, hotzak hilik erortzen den txori baten azken kantua, bizia galdurik ixiltzen den herri baten azken hasperena... Kontzientzia lasai, zenbaitek hori bera nahiko zuten gure herri langileari gertatu balitzaio. Baina gure herri langileak bere poesia ez du ahantzi eta galdu. Gure herri langileak emeki emeki sortu ere du bere burruka elea. Poesia burruka bat da, bere buruaren jabe izan nahi duen herri langile baten elea; bere manifestazionetan, bere teatroetan, bere bertsolari saioetan, bere kantaldietan, bere toberetan, bere ikastoletan, bere alorretan, bere uzinetan, bere portuetan, bere elizetan, bere artista-lantegietan, bere karriketan... daraman bere burrukaren neurriko elea. Dudarik gabe, hau ere da, neretzat, lehengo eta betiko poesia.

Ez da beti ele hautatua eta pollita: bere gatz biperrekin dabila erne-ernea. Ez da beti arrunt hezia eta, beraz, maltsoa: bere xixta zorrotzak ateratzen ere ditu bipil-bipila. Ez da ele saindua. Ez da ele apaindua. Sofrikarioan nekez sortzen dena baizik. Eta hinki-hanka dabila gutartean bere pilda hitsekin, bere esku zikinekin, bere izerdiaren urrin bortitzarekin. Baina ahalgea galtzen ari du. Beldurra ere galtzen ari du. Ez du nahi beraren izenean besteak mintza ditezen. Ez du ordezkaririk nahi. Ez eta ere bitartekorik, nihori deus ez baitu eskatzekorik, nihori deus ordaintzekorik. Hinki-hanka ibiltzeaz ez da ahalge. Bere hitzekin mintzatzeaz ez da beldur. Eta hau guzia zenbaitek ez diote batere barkatzen!

Baina, nola urak harroka artetik, poesia honek bere bidea zilatzen du. Eta ez da dolamen kantu bat, azken hatsetan den jende gaixoaren zirrinta mehea. Berarekin dakar gizarte berri baten eredu zainarta: denenak baldin badira argia eta iluna, beroa eta hotza, eguzkia eta lanoa, mendia eta itsasoa..., zendako ez litezke denentzat berdin izerdiaren gustua eta lanaren emaitza? Zendako ez litezke denentzat ugari itzalaren freskura uda minean eta lano artetik keinuka ari den ilargiaren irria? Jendea jende baldin bada eta jendeak jendea balio baldin badu edozein tokitan, edozein ofiziotan, edozein adinetan..., zendako arren jendarteko desberdinkeria horik? Zendako sos eta ontasun kondu horik? Zendako handi eta ttipien arteko sailkatze hori? Zendako batzu nagusi eta besteak mutil? Zendako batzu buru handi eta besteak burugabe? Poesia honek, burruka ele honek, berarekin dakar langileriaren elkargorako kalapioa: hinki-hanka, haztamuka, gizarte berri baten ezpalak jauzarazten ari da, langile gizarte baten kuskua puskatzen ari da. Eta poesia hau, esperantza ele bat da: bere kuskutik ateratzen ari den langile gizarte baten elea!

Horiek hola..., bide on zuri, irakurle adiskidea, eta agian ikus arte!

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons