MANEX ERDOZAINTZI

ZU IGURIKATZEAZ...

Gau eta egun

Igurikatu izan dut

Noiz agertuko zinen

Itsasoko lanbroetatik ateraia

Noiz etorriko zinen

Hatsantua eta izerditan

Noiz hautemanen nuen

Etxegibeleko bideskan

Zure urratsaren ots zalua...

Hainbeste gauza

Banizun errateko

Hainbeste asmo eta xede

Banizun aipatzeko

Hainbeste sentimendu bero

Banizun bizitzeko...

Eta beharba

Bizitzaren bide puskila bat

Elkarrekin eramanen genuela

Mendia eta itsasoa

Gugan behatuko eta miretsiko genituela

Eguzkia eta ilargia

Gugan juntatuko eta gozatuko genituela

Gaua eta eguna

Gugan menderatuko eta luzatuko genituela...

Ainitzetan uste izan dizit

Baina zu igurikatzeaz

Gutiziak oro

Pirka-pirka

Desegin

Zaizkit

Itsasotik lanbroa hedatzean!

Gauaren eta egunaren

Une luze aspergarriak

Bakartasun eta antsia

Bilakatu zaizkit

Ororen buru

Jasan ezinak

Eta arrenkuragarriak...

Ez baitakit zeren hutsak

Zeren faltak edo

Zeren eskasiak

Hola neraman

Eta dramatikoki

Kokatzen nauen

Aspaldian uretan itoa den

Ilusio iheskor baten hegalari...

Eta geratzen naiz

Alde orotatik tinkatua

Hainbeste gauza kondatu gaberik

Hainbeste asmo eta xede

Mila aldiz muntaturik eta deseginik

Hainbeste sentimendu beratz

Taigabe itxuraturik

Ilusio tematsu horren harian

Bidegain horietan bakar-bakarrik

Lanbro okaztagarri horretaz inguratua

Eguzkia eta ilargia ahantzirik

Geratzen naiz

Doi-doi hats izpi baten botereaz

Mamu baten antzo

Izialduraz bazter guziak

Kotsatu baldin banintu bezala

Ingurumen osoa mutu eta elkor

Bat-batean betikotz gertatu balitzait bezala

Geratzen naiz

Mamu baten antzo

Mutu eta elkor

Ingurumen etsigarri honen erdi-erdian...

Beharba

Halako batez

Nitarik hurbil ibiliko zara

Ilusio samin batek bultzatua

Gauak eta egunak

Kurrituko zara

Hatsantua eta izerditan

Jakingabe nondik nora

Ilusio iheskor horren atzetik

Aurpegia tiran eta desegina

Ibiliko zara etsitzeraino

Itsasotik ezin ateraiaz

Nitarik hurbil

Sentika eta hunkika

Hutsean

Lanbro hortatik ezin ateraiaz

Indarka eta kemenez

Saiatuko zara...

Eta zure itxura

Aldatuko da

Hautsiko da

Eta eroriko da

Damutua

Basamortu honen erdi-erdian...

Damutua...

Ez dizut deus kondatuko

Ez dizut asmo eta xederik aipatuko

Ez dizut sentimendurik agertuko

Nere bide puskila galdu zen-eta

Lanbroak itsasoa gainditzean...

Mamu baten antzo

Gauak eta egunak

Suntsitu ondoan

Mamu baten antzo

Zu eta ni

Berdinduak

Eroriko ginen

Basamortu honen

Erdi-erdian:

Gaitzeko boladan

Lanbroa zilatuz

Arranoak

Jautsiko ziren

Elkarri

Deika...

Baina

Halako batez

Zu igurikatzeaz

Ez banintz damutzen!

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons