MANEX ERDOZAINTZI

HERRI HONEN ERRAIETAN

Jende multzo ederra bildu zenean soroan

bere oinetan atabala pausatu zuen Herri-mutilak

eta, bere papertxoa sakelatik ateraturik,

zintzurra bi karrakaldiz garbitu ondoan,

hasi zen oihu egiten doinu latz batez:

HEMEN, GEURE HERRI ZAHARRAREN ERRAIEN

ATARIAN GAUDE.

SARTU AINTZIN, HONA ABISU BAT:

Jendea dena begi-belarri eman zen…

HONA SARTZEKO: INORK EZ DU BAIMENIK

EZ ETA PASAPORTERIK BEHARKO.

EZ DA ERRATE BEHARRIK: INOR EZ DA FITXATUA IZANEN.

HAATIK, IPURDI –BARKATU– BELARRI MOTZAK...

Jende guzia irriz hasi zen...

Herri-mutilak letaginak atera zituen...

BELARRI MOTZAK KONTROLATUAK IZANEN DIRA

EA BELARRI ZULOAK GARBI DITUZTENETZ.

ESKALAPOINEZ –ABARKAZ HOBE– IBILTZEA HAIZU.

EZ DA BARUR EGUNIK: BERAZ JAN-EDANAK LIBRO.

NAHIKO ZIGARRO ERRETZEN AHALKO DA.

Haizolbean Txominek marfundia bildu zuen:

Urtzainka hasi zen eta animaleko uzkerra eskapi!

Soroan, jende guzia irriz karkailan hasi zen...

Herri-mutilak bekainak zimutu zituen...

ZAKUR ONGI HEZIAK BAIZIK EZ DIRA LAXOAN UTZIKO

ZAKUR ERRABIATUAK ALDIZ, KALITUAK IZANEN DIRA.

ERRAIETAN BARNA JOANEN GARELARIK,

NAHI DEN PENTSAMENDU GAIZTOA, ONA, BIHURRIA, ZUZENA

NORNAHIK EDOZEIN TENOREZ HAUSNAR DEZAKE;

BAINA SOLASEN BURU-BUZTANAK ORRAZTATUAK IZANEN DIRA...

HAU DA LEHEN ETA AZKEN ABISUA.

Jende guziak burua makurtuz eta balantzatuz

abisu haur onetsi eta onartu zuen bere osoan...

NOR EDO NOR XEHETASUN BAT EDO BESTEREN

BEHARRETAN GERTA BALEDI,

HOR LUKE BERE ZERBITZUKO, GAUERDITIK GAUERDI ARTE,

ERROIMENDI LEPOAN, BASA AHUNTZEN ARTEAN, ORHI JAUNA!

Herri-mutilak bere papertxoa plegatu zuen,

atabala bizkarrean eman; eta denak abiatu ziren

HERRI HONEN ERRAIETAN barna.......

Lehen oharra:

Gure herri zahar honen egoeraren

minaz kolpatuak direnek

badakite nolakoa den

egunero daramaten borrokaren saria!

Beren buruaz axolatuago direla

eta beren ideiak nagusiarazteko ari daitezkeela

orenak eta orenak, egunak gau,

uste dutenak

oso jende nahasiak direla

salatu behar da goraki,

herri guziaren agerian...

Alegia

orotan badira jende nahasiak

baina ez

gure herrian bezala

jende nahasi sabantak!

Gure mendietako erreka, zelai, kaskoetan

teknikak zilatu ditu aldapak, urratu ordokiak

zabaldu xenderak, eta bide egokiak ireki…

Gure herri zahar honen erraietan barna

doanak: ez du bide legunik aurkituren

ez eta ateka garbirik…

Zeiharka eta belauniko eta herrestan askotan

ibili beharko du haztamuka, itsura,

adina ere ahanzten den eremu honetan!

Etxe aitzinean pentzea

eta pentzearen zolan

haritz handi baten sahetsean

oihanetik ez hain urruti

haur denborako iturriaren

musika zoragarria...

Dakar:

haizea ta arkatza

herri honen iraultza

hotza

gure odol hezgaitza

uhaitza...

Ttortta

ttortta

ala

tturrustan

nondik hator ur garbi xirripa?

Hiri beha, beha ta beha

ezin aspertuz niagok oren luzeak

oren luzeak bakartasun betean

irriz ala kantuz...

Ttortta

ttortta

ala

tturustan

noiz abiatu hintzen ur garbi xirripa

haritz handi honen pean eta itzalean

sortzeraino?

Ezin isilduz niagok orenak eta orenak

oren luzeak atseden gozoan

iriz ala kantuz…

Nondik hator

non gaindi ibilki haiz lurpez-lurpe

haritz honen sahetsean jalgitzeraino

ta nire lagun bilakatzeraino?

Ttortta

ttortta

ala

tturrustan

biltzen dizkidak neure etxekoen

oihuak, aita-amen bihozkadak

anaien zalapartak...

>Hiri beha, ezin aspertuz, hiri beha

>eramaten nauk ametsetan

>heure musika zoragarrian...

ttortta

ttortta

ala

tturrustan

ekartzen dizkidak neure herriaren

lanak, gorabeherak, izerdiak, nigarrak...

>Hiri beha, beha ta hi entzunaz

>ezin aspertuz niagok egunak eta egunak

>eure herriaren historia ikasten...

Neure herriko lanak, izerdiak, nigarrak,

ipuiak,

aita-amen bihozkadak, karkailak, abestiak

etxondoko bazterretan

hasten gaituk kantatzen, kantatzen

xoriekin

ezin aspertuz, ezti ala azkar,

polliki eta finki, polliki eta gora

ibiltzen gaituk orenak eta orenak

lurpez-lurpe

herritarren intziriak biltzen…

Nondik hator

non gaindi ibilki haiz herri honen erraietan

zehar

eta haritz honen sahetsean jalgitzeraino?

Ttortta ttortta ala tturrustan

nora hoa ur garbi xirripa?

hiri beha eta hire lagun, lurpez-lurpe

ezin aspertuz niabilak, zoratua, oren luzeak

egunak eta egunak, irriz ala kantuz

hi entzunaz bakartasun betean

hiri beha eta hire lagun, lurpez-lurpe

herri honen ele itoaren bila…

>Non galdu ote da

>herri honen historia?

>nork hautsi ote dio

>gure herri honi

>bere izana?

Hiri beha eta hire lagun

lurpez-lurpe eta oren luzeak

oren latzak, oren goibelak

baina halere

eramaten nauk

eramanen nauk

herrestan behar bada, aspertu gabe,

irriz ala kantuz, eta, beharbada, nigarrez

hi entzunaz eta hire lagun

geure herri hautsi honen

historiaren bila...

Heure musika zoragarrian

kondatuko dizkidak

herri ukatu honek

galdu ez dituen lanak, borrokak,

ipuiak

eta salatuko didak

bila nabilan herri honen

izena...

Neure herriaren garrasiak, borrokak

iraultzak mendeetan

zehar

aita-amen bihozkadak, zotinak,

anaien jauziak, karkailak eta abestiak

etxondoko funtsetan

gaur

hasten gaituk kantatzen, kantatzen

xoriekin

ezin aspertuz, ezti ala azkar,

polliki eta finki, polliki eta gora

aritzen gaituk orenak eta orenak

lurpez-lurpe

herri isildu honen historia

mintzatzen

gaur...

Apurka apurka

jakinen diagu ere

nork

zuen gure herri hau zatitu eta

saldu

nork zion

bere izana hautsi

eta nork zuen

isilarazi...

Nora eraman ote dute

herri honen historia?

Nola ukatu ote diote

gure herri honi

bere izana?

Ttorta ttortta ala tturrustan

hire musika zoragarrian eramana

niagok orenak eta orenak

egun luzeak bakartasun betean

bizi nahi duen herri honen barruan

bizia pil-pil bere beroan senditzen den gunean

niagok historia eder bat ikasten...

NEURE HERRIAREN BORROKA, ERDI-MINAK

GAUR

AITA AMEN BIHOZKADAK, IZERDIAK, ZOTINAK,

ANAIEN JAUZIAK, ABESTIAK IRRINTZINAK

GAUR

HASTEN GAITUK KANTATZEN, DANTZATZEN

XORIEKIN

EZIN ASPERTUZ, EZTI ALA AZKAR,

POLLIKI ETA FINKI, POLLIKI ETA GORA,

ARITZEN GAITUK ORENAK ETA ORENAK

PLAZAZ-PLAZA

BIZI DEN HERRI HONEN HISTORIA

MINTZATZEN

AGERIAN

GAUR...

Ttortta ttortta ala burrustan

hirekin narabilak oren luzeak, luzeak

egunak eta egunak, ezin aspertuz

bizia pil-pil bere beroan

hurrupatzen den herri honen betean

niabilak irriz, kantuz, dantzan

hire musika zoragarrian eramana

plazaz-plaza

gaur...

Noiz behinka halere

niabilak urduri

nork zituen jarri

muga eta zedarri?

nork zuen ezarri

gure herri zahar hau

gartzela bat iduri?

nork zion bihotzean

askatasuna ebaki?

Nola amets ilunak

lo zorroaren gozoan…

halaxe herra eta gorrotoa

libro izan nahi duen

herri zahar honen

barru barruan!

NEURE HERRI ZAHAR HONEN BARRUKO

HERRIA ETA GORROTOA

ZIARABILTZAAT

PLAZAZ-PLAZA

NOIZ BEHINKA…

 

Bigarren oharra:

 

Jende onak

ez arren beldur izan

nire herri zahar honen

odolaren kexuaz

herra eta gorrotoa

kantatzen baldin badizuet

musika hautsi batez...

Ez samur

herri gartzelatu honen

gateak

apurtu

nahi baldin baditut

herri isildu honen

eleaz

mintzatu

nahi baldin badizuet...

Herri zahar honen barruko

herra eta gorrotoa

darabiltzat

odolean-eta

nabila urduri

plazaz-plaza...

Arren

ez otoi kexa

jende onak!

NEURE HERRIAREN BORROKA, ERDI-MINAK

GAUR

AITA-AMEN BIHOZKADAK, IZERDIAK, ZOTINAK

ANAIEN KEXUAK ETA KOLPEAK

GAUR

HASIAK GAITUK KONDATZEN, MINTZATZEN

ESKU-BESOEZ

EZIN ASPERTUZ, EZTI ALA GOGOR,

POLLIKI ETA FINKI, POLLIKI ETA SEGURKI,

ARI GAITUK ORENAK ETA ORENAK

PLAZAZ-PLAZA

BIZI DEN HERRI HONEN HISTORIA

EGITEN

AGERIAN

GAUR...

 

DAKAR:

HAIZEA TA ARKATZA

HERRI HONEN IRAULTZA

HOTZA

GURE ODOL HEZGAITZA

UHAITZA...

Non gordeak ote dira

geure bizi espazioak

ebatsi dizkigutenak?

Geure askatasunaren gustua

kendu digutenak?

Gure larruko izerdiaz

irri egiten dutenak?

Ttortta ttortta a la tturrustan

Nondik hator ur garbi xirripa?

Hiri beha, beha ta beha

Ezin aspertuz, niagok oren luzeak

Oren luzeak herra eta gorrotoa

Bihotzean...

Non gaindi dabiltza

Nire gudu lagunak?

Nongo mendietan?

Nongo xenderetan?

Nongo kaleetan?

Nongo gartzelan sartu dituzte

Nire gudu lagunak?

Hik

ba ahal dakik

ur xirripa garbia?

Hemen niagok

borrokaren bakartasun latzean

neure lagunen haiduru

nonbaitik

bederen

bat

noiz

etorriko

den

?

BAKARTASUN LATZA

GIZONAREN HOTZA

GALDURIK BIHOTZA:

BESO-ZANGO MOTZA!

Ttortta ttortta ala burrustan

hirekin narabilak oren luzeak, luzeak

egunak eta egunak, ezn aspertua

borroka gogorra bere beroan

eramaten duen herri honen betean

niabilak goibel, urduri, isil-isila

hire musika hautsian murgildua

xenderaz-xendera

gaur…

Kalez-kale umezurtza erne doa

tiroz hil eguneraino

mendiz-mendi bere aita zihoan bezala

aitaren oroimenaz

begi bustiak

amaren babesean

xukatzera

kalez-kale

umezurtza

doa...

borrokaren bakartasun latzean

haiduru dagoen andre baten intziriak

tiroak eta gartzelak

umezurtzen negarrak

lagunen berriak

lagunen irriak

galtzen dira

kalez-kale...

Noiztik noizera

niabilak kezkati

nork zituen nahasi

erloien orenak?

Nork zion ebatsi

herri alai honetan

azkorria gauari?

Nork zuen hil zorian

gure herri zahar hau

maitasun gabez ukatu?

Nola euri uharrak

gau izartsuen lilluran...

halaxe borrokaren ukaldiak

egunak gauean galdu dituen

herri zahar honen

hezur-mamietan!

Herri zahar honen

borroka erraietan

ahanzten ziazkidak

munduko erlojuaren

oren banatuak...

noiztik noizera...

 

Hirugarren oharra:

Arren

neure herriko sinesdunak

inori ez diot zorrik

baina

barka

umezurtzak izanen direno

musu baten sari ostiko bat ukanen duguno

nire gudu lagunak

mendiz-mendi doatzino

haizatuak, tirokatuak, gartzelatuak,

zanpatuak

izanen direno

gure herri honek

gartzela bat iduri

diraueno

eta gauak

egunak bihurtu ez direno

guretzat besteentzat bezala

barka

nire herriko sinesdunak

neure Fede

apurtua...-

Zer derasak?

Zer derasat?

Hau hortxe

behar dela

hori hemen

hau horrela

egin behar litzatekeela

hori bestela...

Itzuli mitzuli

zer derasak?

zer derasat?

GURE BORROKAK

LEHER EGITEN DIK

LEHER EGIN DIK...


Zer derasagu

HIL ZORIAN DEN

HERRI ZAHAR HONEN

IZENEAN?

....... zibilizazio hil baten jestu hilak errautsetik zaintzen.......

Balentria handiz

berriz eta gero

joanen gaituk

haritz erori baten

enbor usteldua

agurtzera...

edo

lehenagoko gizon famatu

baten bati

eraiki harri

monumentuaren

inguruan lerro lerro

humiliatuak

isil une

triste bat

lortzera...

edo

bazkari oparo baten

bultzada beroan

geure buruen

ehortzetak

euskaraz

kantatzera...

 

Eta haurrak hazten baldin badire

neska mutilak eskolatzen

berriz eta hobeki

laster ikasiko ditek

zigarroa pipatzen

whiskyaren zaporean

le 14 juillet

frantses guziekin

el 18 de julio

espainol mota guziekin

betan eta bezala

bezperak

ostatu

batetan

zelebratzen

jainkoaren lorian!

LEHER EGITEN DIK

LEHER EGIN DIK

GURE IRAULTZAK

HIL ZORIAN DEN

HERRI ZAHAR HONEN

IZENEAN...

Alta

ez dituk ez

jende guziak

irri gose

zenbaitetan!

MERKATUAN

edo...

eman dezagun

MUSEAN

Irriz ari dituk irriz

karkailaz usteltzekotan

MERKATUAN

makiñunak galdu... Ez...

makiñuna izorratu dutelarik... Ez...

makiñunak

HAUZOKOA

izorratu duelarik

edo...

eman dezagun

MUSEAN

pare dobleak lagunak atera dituelarik

eskutik

hogei ta hameka

keinurik gabe...

MERKATURA

zihoan Maritxu

Baionara

La Côte d'Argent fabrikak

Biarritz Shoes eta

Biarritz Chaussures-en ondotik

porrot egina zuen-eta

Maritxuk bere beste lagunekin

galdu hogei ta hameka

eskutik:

irabazpidea eta

izerdiaren bustia

Jende guziak

ez dituk ez

irri gose

zenbaitetan...

FABRIKA BAT EDO BESTE

hesten delarik

edo...

eman dezagun

MARITXU

bihotza samur

gurutzatzen delarik

negarretan...

Irriz ari dituk irriz

haurrak jostetan

eta iparraldetik jaitsi

udatiar aberatsak

(udatiar pobreak ez dik irri egiten langilearen atorra zikinaz!)

Euskal Herriko ondartzan

iguzkitan larrua beltzatzean

beren pentzetan eta alorretan

baserritarrak belar biltzen,

ogi epaiten, nekatuak

ari diren sasoinean

eta Baionako merkatutik etxerakoan

Maritxu lanik gabe

murritz gauez-gau

bere senargaia besarkatzera

doalarik...

Irriz ari dituk irriz

patxaran

langilearen bizkar

hogei ta hameka

eskuratu dutenak

eta diru xahutzen

ezaxolki, joko lekuetan

dabiltzanak

eta urrutian

langileariaren kexua

ahantzi nahi luketenak...

FABRIKA BAT EDO BESTE

HESTEN DELARIK

ETA...

LANGILEEN KEXUA JAISTEN

DELARIK KALEZ-KALE

BASERRITARREN KEXUA ABIATZEN

DELARIK BIDEZ-BIDE

LANGILEAK ETA BASERRITARRAK

METATZEN ETA AGERTZEN

DIRELARIK PLAZAZ-PLAZA

HANDI-MANDIEN HEZURRAK

HASTEN DIRA KRASKATZEN

BELDURRAREN IKARAZ...

Maritxuk

xukatu zituen

bere begi bustiak

alai, gauez-gau

bere senargaia besarkatzera

izarren bidetik

zihoan...

SORTZEAR DUK

GURE IRAULTZA

BIZI NAHI DUEN

HERRI ZAHAR HONEN

ERRAIETAN...

NEURE HERRIAREN BORROKA, ERDI-MINAK

GAUR

AITA-AMEN BIHOZKADAK, ZOTINAK

ANAIEN KARKAILAK, ABESTIAK, IRRINTZINAK

GAUR

HASTEN GAITUK KANTATZEN, DANTZATZEN

MARITXUREKIN

EZIN ASPERTUZ, EZTI ALA AZKAR

POLLIKI ETA FINKI, EZTI ALA AZKAR

POLLIKI ETA FINKI, POLLIKI ETA ARIN

ARITZEN GAITUK ORENAK ETA ORENAK

PLAZAZ-PLAZA

BIZI DEN HERRI HONEN IRAULTZA

MINTZATZEN

DANTZATZEN

AGERIAN

GAUR...

Ttortta

ttortta

ala

tturrustan

nondik hator ur garbi xirripa?

Ez dizkidak aipatzen

Viet-Nam eta Palestina

Txiletarren askatasun itoa

Giscard d'Estaing-en Frantzia

Franco-ren Espainia...

baina

salatzen dizkidak

herri ukatu honek

ukatu ez dituen izerdiak, lanak, borrokak,

ipuiak

eta

ibarren

isil-isila

iraultzen ari den

mutil sendo baten izena...

HIRE BEGI LARRIAK ETA

HIRE ESKUAK,

FREDERIKO,

ZERBAIT DITUK

HASTEN DIRELARIK MUGIMENDUTAN

AZTAPARKA LOTZEN DIRELARIK

HIRE ESKUAK

PINDARKA HIRE BEGIAK

IREKITZEN

BIZITZEARI…

Aurten ere

gure herri langile honen izerdiaz

busti dituk pentzeak, alorrak,

zuhaitzen hostoak...

BAINA

herri xume honen haurretan

zenbat

ez ote dira lanik gabe gertatu?

ALTA

badakik

ez zituan ez

jende herrebesak

edo diruzaleak

edo hemendik joan nahiak

bederazka

behereko bide horietan abiatu direnak

eta Baionako edo Kostaldeko

uzinetan lanean ari zirenak...

HIRE BEGI LARRIAK ETA

HIRE ESKUAK,

FREDERIKO,

ZERBAIT DITUK

KEXATUAK DIRELARIK MUGIMENDUTAN

AZTAPARKA LOTZEN DIRELARIK

HIRE ESKUAK

PINDARKA HIRE BEGIAK

IREKITZEN

ZUZENTASUNARI...

Aurten ere

iguzkiak berotu zizkiguk

geure mendiak, zelaiak, itsas-hegia...

BAINA

herri xoragarri honen erraietan

zenbaten begiak ez ote dira lanbrotu

han edo hemen

etxalde edo lur peza bat

nonbaitik etorriek erosi dutela

jakitean?

Geure herri langile honen lurra

ari ziguk intzirika

itsasoak berak ez zirokek

oraindik kontsola...

ALTA

ez zituzkean ez

jende makurrak

beren etxaldea

edo lur poxia

horrela saldu zutenak

beharbada

nork daki

diru beharretan edo

diru gehixagoren beharretan?

HIRE BEGI LARRIAK ETA

HIRE ESKUAK,

FREDERIKO,

ZERBAIT DITUK

JAUZTEN DIRELARIK MUGIMENDUTAN

AZTAPARKA LOTZEN DIRELARIK

HIRE ESKUAK

PINDARKA HIRE BEGIAK

IREKITZEN

EUSKAL LURRARI...

Ez dituk ez

jende herrebesak

edo jende makurrak

edo beldurtiak

gure herritarrak...

BAINA

ez baitakite beti

nola planta

nola joka

eta norekin

gure herri honen borroka latza duk eta

mementoka gogorra

luzea, luzea...

askatasunerako bideetan

ahanzten ere baita berdin

noiz behinka edo betiko

Euskaldunak garela

gure herri hau duk puskatua eta

alde guzietarik ukatua

gogorra duk gogorra

eta luzea, luzea...

gure herri honen borroka

askatasunerako bideetan...

 

HIRE BEGI LARRIETAN ETA

HIRE LANGILE ESKUETAN,

FREDERIKO,

ZENBAIT DITUK

HERRI HAUTSI BATEN OGIA

ETA ARNOA

ETA HERRI XUME HONEN

BORROKA...

 

HIRE BEGI LARRIAK ETA

HIRE ESKUAK,

FREDERIKO,

HASTEN DIRELARIK IKARATAN

AZTAPARKA LOTZEN DIRELARIK

HIRE ESKUAK

HERRI HONEN OGIA OREZTATZEAN

PINDARKA HIRE BEGIAK

JAUZTEN DIRELARIK

MAHATSA BRENTSATZEAN...

 

HERRI LANGILE HONEN ERRAIAK ERE

BIZI BERRI BATEN SORTZEAZ

HASIAK DITUK INDARTZEN…

Ez dituk ez

jende herrebesak

edo jende makurrak

edo beldurtiak

gure herritarrak...

geure herri honen borroka

duk gogorra

askatasunerako bideetan

eta luzea, luzea, luzea...

Ttortta ttortta ala burrustan

hirekin nabilak oren luzeak, luzeak

egunak eta egunak, ezin aspertuz

bizia pil-pil bere beroan

hurrupatzen den herri honen betean

nabilak irriz, kantuz, dantzan

hire musika zoragarrian eramana

plazaz-plaza

gaur

.....

 

ZUBEROAKO MENDIETARAINO…

ZUBEROAKO MENDIETAKO

LORE BIKAINA

KRISTINA

HEURE HEMEZORTZI URTEEKIN

JOAN DEN NEGUAN

SUBAZTER XOKOAN EZAGUTU

HINDUDANA…

MINTZATU NAHI-TA FRANTSESESZ

behartu hire kezka larria

euskara galdua

adiskideei salatzera…

hire odolaren beroa lagunei

erratean:

"Zendako ez dit ikasi euskara?"

hire soiburuen mugimendua

gitarra jotzean, polliki eta finki,

hire ezpainen ikara

Mauleko antzokian

kantatzean:

"Zendako ez dit ikasi euskara?"

ZUBEROAKO MENDIETAKO

ABOTS BIKAINA

KRISTINA

HEURE HEMEZORTZI URTEEKIN

AURTENGO UDAN

EUSKARA IKASTEN HASIKO

HAIZENA…

Ez ditun ez

jende uzkurrak

edo jende herabeak

edo lotsatuak

gure herritarrak…

abestuko diten hire gitarraren

kexua, gozoa, marruma,

lankietan, iraztorretan, plazetan

datorren neguan…

HERRI KANTARI HONEN ERRAIAK

BIZI BERRI BATEN SORTZEAZ

HASIAK DITUN ALAITZEN...

ZUBEROAKO MENDIETAKO

EUSKARA BIKAINA

KRISTINA

HEURE HEMEZORTZI URTEEKIN

AURTENGO BORROKAN

HERRIA BILATZEN ABIATU

HAIZENA...

Hirur ehun milako jendetze

honen barruan

heure lagunekin garrasiaz

besteei juntatu hatzaiena

egunero, taigabe,

herri hau askatzegatik

hirur ehun mila harri koxkor

pikatzea eta hedatzea

erabaki dutenekin...

hirur ehun milako jendetze honek

gaurtik jakin dezan

nondik nora doatzin bere zorionbideak...

Hirur ehun milako jendetze

honen barrutik

hire lagunekin errabiaz

besteekin mintzatzen haizena

egunero, taigabe,

herri bat lortzeagatik

hirur ehun mila hitz gogor

zorroztea eta baliatzea

erabaki dutenekin…

hirur ehun milako jendetze honek

behintzat jakin dezan

nondik nora doatzin bere eskubideak…

Egunen batetan, taigabe,

hirur ehun mila ipui

asmatuko ditun eta kondatuko

heure lagunekin eta besteekin

gitarraren musika zoragarriaz...

hirur ehun milako jendetze honek

biziaren pilpira sendi dezan

bere hezur-mamietan...

ZUBEROAKO MENDIETAKO

NESKA LIRAINA

KRISTINA

HEURE HEMEZORTZI URTEEKIN

AURTENGO BEDATSIAN

IPUIAK KONDATZEN HASI

HAIZENA...

POETA DEN HERRI HONEN ERRAIAK

IPUI BERRI BATEN HAZIAZ

HASIAK DITUN ERNALTZEN...

...... Zeren hirur ehun milako jendetze honetan

gure herri gizonak ez baitira notableak,

baina jende baliosak eta ohoragarriak:

hedadura handikoak, zerbitzu egileak,

politika segurrean Herria kudeatzen

dakitenak... Omen!......

Baten batek pentsatzen dikek bere barru beltzean:

–Zertarako honenbeste buruhauste patxaran bizi garen sasoinean?

–Zertarako honenbeste kalapita leporaino aseak garen mahaian?

–Zertarako honenbeste amets nahiko diru xurga dezakegun giroan?

–Zertarako honenbeste bazter nahasle ordrean finkatua den gizartean?

–Zertarako?... Zertarako?...

eta Herriak ziarabilak foklolarien soinuan!

Handi-mandien seme puxantak aho betean irria joaki dira besta jantzian itzulikatuz gerria: trosta gaitzean zaldi zurian pasatzen dute herria zeren baitute saldu beharra artoz gizendu zerria!

Garkoan gora alan ari zen animaleko zorria!

Gure hizkuntzaz mintza baledi kilikatuz belarria

anitz uste dut erranen lukeen berri bat harrigarria:

Benetan barur egun beltzetan hauxe duk bazka joria!

 

 

Holaxe hil nahiko digute poeta den
geure herri librea… baina behin ere
ez da entzun poeta herri bat holaxe
hiltzen denik...

 

Laugarren oharra:

NEURE HERRIKO EUSKALTZALEAK

GUDULARIAK BADIRA MILATAN

NI BAINO AUSARTAGOAK

ETA IDAZLEAK MILATAN UGARIAGOAK

ETA POETAK MILATAN FINAGOAK…

BAINA

UTZ NAZAZUE

NEURE HARRITXOAK MARMOLAN PIKATZEN

NEURE HITZAK ELEAN ZORROZTEN

TITULURIK EZ DUEN HERRI HONEN MAILAN

FAMARIK EZ DUEN HERRI HONEN BARRUAN

OHORERIK EZ DUEN HERRI HONEN APALEAN

HIRUR EHUN MILA IPUI BERRI ASMATUAK

IZANEN EZ DIRENO

HERRI ZAHAR HONEN HEZUR-MAMIAK DANTZAN

ARIKO EZ DIRENO

TXISTUEN MUSIKA LIBRE ZORAGARRIAN… ETA

GEURE HERRI ZAHAR HONETAKO EMAKUMEAK

MANTELINA XURITAN ATERAIAK

IKUSIKO EZ DITUGUNO…

UTZ NAZAZUE

HIRUR EHUN MILA HARRI XURIZ

HIRUR EHUN MILA HITZ GOGORREZ

ZAPALDUA DEN HERRI HAU

ALTXATZEN...

HIREKIN ETA HIRE LAGUN

GUDULARI BEILARIA

Gauean berant jakin ondoan

hil lagun baten berria

hautsaren pean kukutu zuen

ikatz hondarkin gorria;

bi eskuz hartu mailu giderra

ta belauniko jarria

lapitz hotzean pikatu zuen

hamabosgarren harria!

Bihotz barruan oraindik dakar

heriotzaren dohaina:

hamabosteko hil-herri baten

izen lerroen labana!

Zori gaiztoak goizegi hartu

anaia gazte lerdena

asteri batez neguak hautsi

bere aitamen adina...

UTZ NAZAZUE

HIRUR EHUN MILA HARRI XURIZ

HIRUR EHUN MILA HITZ GOGORREZ

HERRI ZAHAR HONEN ERRAIETAKO

POESIA

LIBRATZEN…

UTZ NAZAZUE

 

Bosgarren oharra:

Ale hau galtzen baldin bada

nonbaiteko polizier baten eskuetan

edo suan sartua zentsore zital baten manuz

edo, beste gauza ezdeusen artean,

pubelagian suntsitzen baldin bada

ez dolu ukan

eta...

krima bat izan bazen...

barka

zeren

holako aleak

mila ta mila baitaude gordeak

harri xuriekin nahastekatuak

hitz gogorrez estekatuak

herri zahar honen erraietan.

GEUK NAHI BALDIN BADUGU:

Herri Batuen hauzitegian

ez da sekulan erranen...

Zapaltzaileen mintzaldietan

ez da agian entzunen...

Historiaren horri beltzetan

ez da nonbait idatziren:

Europa zahar honen lurretan

behin herri bat izan zen!

...... hola ziotean

Herri zahar honetako erraien barruan

gertatu eta juntatu zirenek

bizia pil-pil bere beroan eta garrasian

senditu eta hurrupatu zuten egun hartan...

Erabaki zitean eta

zin egin:

EZ DITEK ERRANEN

EZ DITEK ERRAN BEHARKO:

HERRI BAT IZAN ZEN!

ZIN EGIN-ETA GERO...

Kexu minean hasi zituan

zedarri-mugak gainditzen...

Lotsagabeko zapaltzaileen

indarkeriak ordaintzen...

Kartzela-herri bihurtu zuten

ate ustelak botatzen:

Tinkatu herri honen jendeak

har zitezen oldartzen...

LEHER EGITEN EZ BALDIN BADUGU…

Kalda gaitzean ari zituan

harri xuriak pikatzen...

Arnas kolpeka izerdi trenpan

euskara hitzak limatzen...

Burdin beltzaren golde gogorraz

lur lehortu hau iraultzen:

Herri agortu honen erraiak

has zitezen ernaltzen...

ORAINDIK INORK EZ DIK ERRANEN:

HERRI BAT IZAN ZEN!

GEURE HERRIAREN BORROKA, ERDI-MINAK

GEURE HERRIAREN BORROKA, ERDI-MINAK

GAUR

AITA-AMEN BIHOZKADAK, ZOTINAK, NIGARRAK

ANAIEN KARKAILAK, ABESTIAK, IRRINTZINAK

GAUR

HASTEN GAITUK KANTATZEN, DANTZATZEN

GUDULARIEKIN

EZIN ASPERTUZ, EZTI ALA AZKAR

POLLIKI ETA FINKI, POLLIKI ETA ARIN

ARITZEN GAITUK ORENAK ETA ORENAK

PLAZAZ-PLAZA

BIZI DEN HERRI HONEN IRAULTZA

HIRUR EHUN MILA HARRI XURIREN ARTEAN

MINTZATZEN

DANTZATZEN

ARIN-ARIN

AGERIAN

GAUR

HIRUR EHUN MILA HITZ GOGORREN

MUSIKA ZORAGARRIAN...

GAUR ETA GERORAKO

GAUR ETA BETIRAKO

UTZ GAITZAZUE LIBRE

HIRUR EHUN MILAKO JENDETZE HONENTZAT

HIRUR EHUN MILA HARRI XURIZ

HIRUR EHUN MILA HITZ GOGORREZ

HERRI ZAHAR HONEN ERRAIETATIK

POETA DEN HERRI ISILDU HONEN

IPUIA

SORTZEN...

GAUR ETA GERORAKO

GAUR ETA BETIRAKO

GAUR ETA BETIRAKO

UTZ GAITZAZUE LIBRE.

ERDOZAINTZI-ETXART Mañex, 1974

<< Olerkien zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons