Liburu gisa argitaratu ziren olerkiez gain, Manex Erdozaintziren beste hainbat olerki bildu dugu, haren paper eta koadernoen artean aurkituak. Gutxi batzuk aldizkarietan argitaratuak izan ziren; gehienak, ordea, argitaragabe eta ezezagunak dira. Batzuk gazte garaitik gordeak, argitaratzerik merezi ez zutelakoan beharbada, beste batzuk arduraz idatziak eta bilduak, noizpait argitaratzeko, beste hainbat amaigabeak dira, zirriborroak, olerki oso izatera heldu ez ziren zati eta saiakerak… 77 olerki bildu ditugu guztira. Horietatik 55 datatu ahal izan ditugu, bai autoreak berak data idatzia zuelako, bai testu barneko edo kanpoko daturen batek horretarako bide ematen zigulako. Olerki datatu horiek beste atal batean doaz (Olerki argitaratu gabeak I). Beste 28 olerki datarik gabeak dira eta atal honetan aurkezten ditugu. Gehienak eskuizkribuak dira, zirriborroak, asko amaigabeak, eta sarritan hainbat hitz ulertzeko zailtasunak izan ditugu. Hala eta guztiz ere, guztiak jaso ditugu, Erdozaintziren bilakaera eta idazte-prozesua ulertzeko interesgarriak izan baitaitezke.