Liburu gisa argitaratu ziren olerkiez gain, Manex Erdozaintziren beste hainbat olerki bildu dugu, haren paper eta koadernoen artean aurkituak. Gutxi batzuk aldizkarietan argitaratuak izan ziren; gehienak, ordea, argitaragabe eta ezezagunak dira. Batzuk gazte garaitik gordeak, argitaratzerik merezi ez zutelakoan, beharbada; beste batzuk arduraz idatziak eta bilduak, noizpait argitaratzeko; beste hainbat amaigabeak dira, zirriborroak, olerki oso izatera heldu ez ziren zati eta saiakerak… 77 olerki bildu ditugu guztira. Horietatik 55 datatu ahal izan ditugu, bai autoreak berak data idatzia zuelako, bai testu barneko edo kanpoko daturen batek horretarako bide ematen digulako. (Azken kasu horretan, alegia, data hipotetikoa denean, parentesi artean ipini dugu.) Beste 28 olerki datarik gabeak dira, eta beste atal batean doaz (Olerki argitaratu gabeak II). Olerki horietako gehientsuenak eskuizkribuak dira, zirriborroak, asko amaigabeak, eta beste batzuk irakurgaitzak.