Hemen aurkezten dugun hau Erdozaintziren liburutegia osatzen duten liburuen zerrenda dugu. Erdozaintzik Donapaleuko frantziskotarren etxean osatu zuen liburutegia bizitza osoan zehar bilduz joan zen bibliografiaren bilduma da: liburuak, hiztegiak, entziklopediak, aldizkariak, handik eta hemendik jasotako artikulu, kantu eta bertsoen bildumak… XX. mendeko argitalpenak dira gehienak, baina badira XVIII eta XIX. mendeetako liburu zahar eta dotrinak ere. Frantsesa eta euskara da liburuon hizkuntza, eta badira gaztelaniazko bai eta ingelesezko bakan batzuk ere.
Liburutegi hau idazlearen bilakaera intelektualaren isla paregabea dugu, haren interes eta gustuko gai eta materien erakusgarri baita: literatura, hizkuntzalaritza, historia, geografia, politika, soziologia, psikologia, erlijioa... eta euskal kultura eta Euskal Herriarekin zerikusia daukan oro. Liburuok badute beste balio bat ere: askok Erdozaintziren azpimarrak, oharrak eta paperak gordetzen dituzte, haren unean uneko interesen adierazgarri.
Bestalde, liburutegian gorderik daude Manexek talde, elkarte, ikastaro eta dena delako bilkuretarako prestatutako dokumentuak, txostenak eta lanak. Dokumentu horiek esparru horietako bakoitzean izan zuen harremanaren eta parte hartzearen informazio aberatsa eta zuzena eman digute.
Liburutegiaren ekarpen interesgarriena, ordea, Erdozaintzik gaztetatik hil arte sortu eta gorde zituen idatziak dira, eskuzko nahiz makinazko izkribuak: egunkariak, agendak, gogoetak, bizitzan zehar bidali eta jaso zituen eskutitzak, ikastaroetarako lanak, predikuak, argitaratuko zituen artikulu, eleberri eta olerkien zirriborroak eta aldakiak, idatzi argitaragabeak… Dokumentu horiek guztiak lehen mailako iturriak izan dira gure autorearen bizitzaren eta obraren azterketarako, bai eta 50-80eko hamarkadetako euskal literaturaren, eta bereziki Iparraldeko euskal literaturaren azterketarako ere.
Agurtzane Ortiz Lopetegi