GUTIZIA
Gau bilduan
Nigar bat ixuri nuen
Izen baten gainean...
Bizitzaren adin borobilduan:
Akidura eta higadura
Joaten zaizkidan urteen nostalgia
Urrunean galtzen diren oroitzapen higatuak
Bizitzaren adin borobildua!
Gau bilduan
Nigar bat ixuri nuen
Izen baten gainean...
Nigar bat
Tristeziaz betea
Oroitzapen higatuen nigarra!
Mendi tontorrak lerro-lerro
Mendi tontorrak beren ospean
Goiz hontan miretsi ditut
Berriro
Jeikitzean
Mendi tontorrak lerro-lerro
Mendi tontorrak beren hedaduran
Goiz hontan argitu ditu
Eguzkiak
Eta miretsi ditut
Berriro...
Gauaren betean
Nigar bat ixuri nuen
Izen baten gainean...
Bizitzaren bihotz borobilduan:
Zauridura eta haustura
Joaten zaizkidan lagunen nostalgia
Urrunean erortzen diren amets deseginak
Bizitzaren bihotz borobildua!
Gau bilduan
Nigar bat ixuri nuen
Izen baten gainean...
Nigar bat
Nostalgiaz betea
Amets deseginen nigarra!
Izen ahantziak lerro-lerro
Izen ahantziak beren bizitasunean
Goiz hontan gogoratu zaizkit
Berriro
Atzartzean
Izen ahantziak lerro-lerro
Izen ahantziak beren saminean
Goiz hontan piztu dizkit
Suak
Eta gogoratu zaizkit
Berriro...
Gauaren suan
Nigar bat ixuri nuelakotz
Zure izenagatik...
Nigar bat
Epelduraz betea
Izen gogoratuen nigarra!
Bizitzaren gutizia borobilduan:
Hats eta izerdi
Heltzen zaizkidan eleen murmurika
Urrunean ageri diren begi bustiak
Bizitzaren gutizia borobildua!
Nonbaiteko
Elearen hitzak
Soaren dirdirak
Musuaren beroak
Soinaren mugimenduak
Itsasoarekin
Haizearekin...
Bizitzaren gutizia borobilduan
Igurikatzen ditut
Zure izenaren harainditik...
Zure izenaren honaindian
Nigar bat ixuri nuelakotz
Gutizia berrien nigarra!
1980ko abenduaren 30ean