ITXAROPENA
Itxaropena...
Itxaropena...
Ez dut nahi
Ene itxaropenak
Uka
Edo
Arbuia dezan
Aldamenean
Ene lagunak daraman burruka
Bere kexuekin
Bere hasarreekin
Bere garrasiekin Gaua eta eguna
Ilargia eta eguzkia...
Delakotz!
Ene lagunak daraman burruka:
Bere goseetan
Bere egarrietan
Bere nekaldietan
Ogia eta arnoa
Irria eta kantua...
Delakotz!
Ene lagunak daraman burruka:
Bere herrikideentzat
Bere familiakoentzat
Bere adiskideentzat
Barkapena eta zuzentasuna
Zoriona eta maitasuna...
Delakotz!
Ene lagunak daraman burruka
Espero dut
Egunero
Bizia
Dakarkigulakotz...
Itxaropena...
Itxaropena...
Lur busti epelean hozitu hazia
Lanbroetan jeiki den eguzki flakoa
Ihintzean pizkortu goizeko lilia
Hautsaren pean gorde itxindu bizia...
Itxaropena...
Itxaropena...
Herriz-herri dabilen oihartzun alaia
Lanera dohatzinen urrats harrabotsa
Pesta egunetako giro dantzaria
Gauaren zaindari den Ama baten soa...
Itxaropena...
Itxaropena...
Gizon-emakumeen lokarri hestuak
Gaurkotik geroari begi irekiak
Giza iraultzarako esku trebatuak
Mundu berri bateko bihotz askatuak...
Aldameneko
Ene lagunaren
Itxaropena
Espero dut
Bizia
Dakarkigulakotz!
Loiola, 1979ko abendoaren 27-28an