MANEX ERDOZAINTZI

ERRESPETUZ

Hostoak lehertu ditut

nere zangopetan kraskatu dira

eta ez zaizkit kexatu

hostoak lehertu ditut

metatuak dira urtetik urtera

eihartuak

lur axalean etzanak

zuhaitzen itzalpeetan

errespetuz lehertu ditut

eta mamiraino intzirika kraskatu dira

gainean luze-luzea etzan nintzelarik...

Atzo eta herenegun eta lehengo urteetan

zuhaitzen bular eta edergailu

eta haizearen lagunkinak

gaur lurrera eroriak

barreiatuak, hedatuak, lodi-lodia metatuak

urtetik urtera lurraren ongarri eta bazka bilakatuak

gaztain ondo eta haritzen atzoko mintzo eta edergailuak

errespetuz lehertzen ditut

bihar edo etzi edo geroxago

beren ohantzean bilduko nauten

hosto ixilduak...

1973ko Udan

<< Kantuen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons