DOLOREZKO IZARRAK!
Diote izarren dirdira xoragarri dela zeru zolan!
Izarren argia, hain gora, pozgarri gau beltzean!
Azkorrian, eguna jatzartzean, izarrak ihes doatzi
Ihes ere... nere bihotzean izarrek sorrarazi
Bozkario gozoa!
Luze da eguna
Oi zein luze!
Gauaren haiduru dagoenarentzat:
Noiz agertuko diren
(Ez balire agertzen?)
Bozkarioaren izarrak!
Bizian han-harat noa: bizia daramat egiaz!
Zein luze bizkitartean bakarrik doanarentzat!
Bizia daramat bihotza ideal baten jabe:
Goi-ideal batek hartu, sutu bainau
Nere bizitzearen azkorrian!
Bero da eguna
Oi zein bero!
Gaua igurikatzen duenarentzat:
Noiz eztituko diren
(Ez balire eztitzen?)
Goi-ideal izarrak!
Gogoa, gorputza, gaztetasuna, naizen guzia
Ideal horren gatik ditut betikotz eskainiak!
Gaztetasunak sortzen duen oldar beroan
Bide gogor batean abiatu naizela lerden
Alegrantzia bihotzean
Naiz konturatzen!
Luzeegi da eguna
Oi zein luzeegi
Gauari deika dabilanarentzat
Noiz agertuko diren
(Ez balire agertzen?)
Pausuaren izarrak!
Ideal horren suak berotu nau eta botatu jendeen artera
Lekuko behar baitiotet agertu:
Argi bat ilunpeetan!
Amodio bat hersturetan!
Guzien agerian eta entzunean
Guziek hunkia, erabilia, berdin baliatua!
Baina,
Mundu bihurri hontan:
Nor da argi beharretan?
Nor
Amodio eskasian?
Ikusten ditut nere ondotik iragaiten:
Ez zaizkit ohartzen!
Ez zaizkit hurrantzen!
Entzuten ditut nere inguruan ibilki:
Nere mintzoa ez dute aditzen!
Nere kantua ez dute hautemaiten!
Nere mintzaira ez dute ulertzen!
...Badoatzi, badoatzi...
Irriz, kantuz
Eta ere zeingehiagoka
Aharra gorrian
Beren bideetan gaindi:
Ni naraman bidea
Hutsegin ote dute?
Dorpe da eguna
Oi zein dorpe
Gauaren haiduru dabilanarentzat:
Noiz itzaliko diren
(Ez balire itzaltzen?)
Dolorezko izarrak!
1965ko Apirilean