MANEX ERDOZAINTZI

ITXURAK

1

Erreka doha

Ibarrean behera

Bere inguru-itzuliekin

Etxe guzien parrean edo

Ondoan

Erreka doha

Zuhaitzen artetik

Zuhaitzek zaindua

Erreka doha

Ibarrean

Behera...

Miraila mugikorra

Behera dohan errekatik

Datorkit

Ene aurpegi itxura

Ur zolaren zolan

Ene begiak

Ene kopeta

Ene ahoa

Ene kokotza

Higitzen dira:

Bizi pilpira bero bat

Sentitzen dut

Gorputz guzian...

Erreka doha

Ibarrean behera:

Ur zolaren zolatik

Ene aurpegi itxura

Mugikorra

Pilpiran

Datorkit!

2

Zazpi Probintziak

Bata besteari lotuak

Zenbat eskualde loretsu

Oztibarre, Amikuze, Otxagabia,

Basaburia, Pettarra, Baztane,

Goiherri, Galdakano,

Garazi...

Zenbat eremu dohaintsu

Beren izenekin

Beren izanarekin

Beren bizi nahiarekin

Bata besteari estekatuak

Bata bestean errotuak

Historia luze batean zehar

Odol beraren bustiaz haziak...

Bila nabilen

Bila gabiltzan

Herriaren itxura

Datorkit

Datorkigu

Zazpi Probintzien

Batasunean!

Mendiz-mendi

Ibarrez-ibar

Itsaso hegietatik

Zazpi Probintziak

Bateratz dohaz:

Historia zolaren zolatik

Gure Herri itxura

Mugikorra

Pilpiran

Datorkigu!

3

Ukaiak

Kate koropiloak dira

Gure Herri langile honen

Zangoak

Haritz enborrak dira

Burruka luze baten historian

Koropilatuak eta

Enbortuak

Gure Herri langile honen

Ukaiak

Eta

Zangoak

Historikoak dira!

Ukaiotan

Zangootan

Bila gabiltzan

Herritasuna

Mugikorra

Pilpiran

Datorkigu!

<< Kantuen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons