AMAREN SABELEAN
Urrunetik
Gero-ta hurbilago
Herabe, arin, doi-doi
Soinu firrinda bat
Hauteman zuen haurrak
Amaren sabelean...
Uren higiduran
Gero-ta sakonago
Gora, apal, ozen
Ots firrinda lasterra
Hautematen zuen haurrak
Amaren sabelean...
Jauzi, irri, zalaparta,
Ipui, istorio-misterio, oihu,
Intziri, kalapita, maitasun:
Familiako batzarrea zen-eta...
Burrunba, hixtu, sakre,
Solas, tratu-misterio, desafio,
Erasia, arralleria, elkartasun:
Asteko merkatu eguna zen-eta...
Urrats, joko, musika,
Dantza, amodio-misterio, besarkada,
Kantu, irrintzin, adiskidetasun:
Herriko besta zela-eta...
Ama bazabilen
Batetik bestera
Etxetik merkatura
Lerden eta bipil
Merkatutik plazara
Airos eta alai
Ama bazabilen
Euskara lepotik
Haurra sabelean...
Gero-ta zaluago
Xotil, kartsu, erne
Sentitu zuen haurrak
Euskararen zirrara
Amaren ezpainetan...
Gero-ta biziago
Bilduki, arretaz, xuxen
Berexi zuen haurrak
Euskararen elea
Amaren bihotzean...
Sortu zeneko
Haurra bazabilen
Batetik bestera
Onakotik merkatura
Lerden eta bipil
Merkatutik plazara
Airos eta alai
Haurra bazabilen
Euskara lepotik
Amaren altzoan...