MANEX ERDOZAINTZI

Biografia

Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Idazleaz gain apaiz frantziskotarra izan zen. Erlijioarekin, langileen mugimenduarekin, euskal politikarekin eta, oro har, euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Literatur lana

Manex Erdozaintziren bizitza olerkiari atxikia dago txiki-txikiko garaietatik, hamalau urteak bete zituenerako ohikoa baitzuen idaztea. Bere hasierako olerkigintza laborantza giro batetik sortzen da eta izadiaren, familiaren eta herriaren bizi-esperientziak markatua dago. Haurtzaro idiliko bat, supazterra, lurra, ama... hartzen du oinarri bere metaforen irudi-multzoan. Frantziskotartasunak ere eragin nabarmena du, izan ere izadia eta bere elementuak haraindira (Jainkoagana) iristeko bide gisa aurkezten baitira Manexen obran. Bitoriano Gandiaga poeta handiak –Manexen garaikideak- irekitako bideek zedarritzen dute, neurri handi batean, Manexen ibilbide poetikoa.

Denbora joan ahala, elizaren eta gizartearen bilakaeran ematen ari ziren aldaketa historikoen ondorioz, Manexen literatura aldatu zen eta, hasierako kutsu naturalista guztiz baztertu gabe, bere olerkia sozialago bilakatu zen, abertzaleago ere bai. Manexen elea tenkatzen da orduan eta herri langilea, Euskal Herri zapaldua... protagonista egiten dira bere lan berrietan; 60-80 hamarkadetako gordintasun politiko eta soziala lantzen ditu, herriaren alde egiten du, zapalketa eta alienazio mota oro salatzen ditu. Bere eleak gogoratuz: “Hitz hauek nahi ditut/ irakur eta konpreni erretxak/ nire Herri langilearen/ tripatik eta odoletik/ ateraiak direlako. Itxaro Bordaren erranez Manex Erdozaintzi-Etxart “herri ukatuaren poeta” da.

Olerkiaz aparte artikulugile dugu Manex eta bere garaiko euskal kazetetan idazki andana utzi zigun. Artikulu horietan bere pentsamendua agertu zigun, frantziskotar izpiritualtasuna, gizatiartasun itxaropentsua, langileen borroka soziala eta herri euskaldunaren askapen-gogoa txirikordatzen dituena.

Argitaratutako liburuak: Hinki Hanka (Elkar, 1978); Gauaren atzekaldean (Elkar, 1982); Herri honen erraietan (Maiatz, 1985); Bizitza pilpirak. Nafarroari poema irekia. Herri honen erraietan (Maiatz, 1994).

Bizitza eta pentsamendua

Manex Erdozaintzi-Etxart 1934an sortu zen Ibarlan (Nafarroa Beherea) laborari familia batean. Haur denboran giro guztiz euskaldunean bizi izan zen, eskolan hasi arte hautsiko ez zena. Horregatik, hain segur, Manexek bizitza osoan zehar euskaldun gisa definitu zuen bere burua, garai horretan usaia zenaren kontra. Hasierako ikasturteak eskola nazionalean burutu ondoren, Donapaleuko frantziskotarren seminarioan sartu zen zortzi urte zituela, eta bi urteren buruan, fraide-hautua finkatua ikusten zitzaiolako edo, Brive-ko Seminario txikira joan zen bost urterako; handik Bretainiako Quimper-era nobiziatua egitera, Okzitaniako Béziers-era filosofia ikastera, Okzitaniako Tolosara ikasketekin jarraitzera, harik eta 1958an Donapaleuko frantziskotarretan apeztu eta Euskal Herrian bizitzen geratu zen arte.

Haur eta gazte garai horietan Manexek bilakaera pertsonal handia bizi izan zuen. Familian eta gizartean zegoen fede-eredua “errigorismoa” zen, erlijioa gizarte-sistemaren beste atal bat bezala ikusten zuena. Sistema horretan apaizak rol sozial bat jokatzen du eta sinestunek men egin behar diete bai erlijioari bai aginte sozialari. Munduan lan egin eta zintzoa izan beste planteamendurik ez dago, jakinik aginteari edo erlijioaren araudi moralari uko egiten dionak behin betiko kondenamenduaren zigorra jaso dezakeela -zigor zibilaz landa-. Epaile zorrotz eta zigortzaile bat, munduko gauzen etsaia, horrelakoa da erlijio-eredu horrek erakusten zuen Jainkoaren iduria. Baina hasierako fede motz eta integrista hori eraldatzen hasi zitzaion kanpoan ikusi eta ikasitako teologi eta filosofi haize berrien eraginez. Mundua aldatzen ari zen, elizaren barrenean kontzilioa ate joka zegoen, orduko Europa II. Mundu Gerraren ondoko krisia gainditzen hasia, askatasun-haizea usaintzen zen giroan eta Manexek, mugimendu horren kariaz, ikuskera berri bat moldatzen jakin zuen fedeari zein giza izaerari zegokienean.

Kontzilioak zabaldu eliza aldatzeko aukerak hunkitu zuen Manex bereziki. Joan XXIII. Aita Santuaren deialdiak ordura arteko eliz sistema ez zegoela behin betiko finkatua sinestarazi zion. Zirrikitu bat ireki zen orduko eliz sistemaren egitura hertsian, bide berri eta zabal bat urratzen hasteko aukera: fedea, morala, erlijioso-bizitza… garaiko gizon-emakumeen bizipenetara, lengoaietara... egokitu behar ziren. Manexi, beste anitz kristauri bezala, Kontzilioak fedea susper ziezaiokeen paradigma berri baterako atea ireki zion.

Ondorengo urteotan lan pastorala eta lan politiko-kulturala uztartu zituen. Aita Lhande xiberotarrari buruz egindako ikerketak hasieran, “Enbata” mugimenduak urtero Iparralden antolatzen zituen “Journées des étudiants basques” delakoetan parte-hartzeak, “Jakin” aldizkariaren inguruko mugimenduan egoteak eta bere garaiko euskal kulturaren eragileekin izandako harreman pertsonalek azkenik, Euskal Herriaren aldeko hautuan konprometitzera bultzatu zuten Manex. Esnatzen ari zen Europa berrian Euskal Herriak bere tokia behar zuela aldarrikatzen hasi zen; abertzale egin zen eta internazionalista ere bai. Europako eta munduko justiziazko ordena herri zapalduen onarpen eta lehengoratzetik hasten zen.

Bestalde, frantziskotar ordenaren barrenean erreformaren beharra antzematen zen klarki. Teologia Politikoa Europan, Hego Ameriketatik zetorren Askapen Teologiaren oihartzuna... frantziskotarren artean ere gorpuzten hasiak ziren. Norabide horretan egin zuen aitzina Manexek, eta ardurak hartu zituen Akitaniako Probintziako frantziskotar-instituzioetan. Teologia ikasketak bukatu berriak zituelarik Tolosako (OC) fraidegaien hezitzaile aritu zen, eta lan horretan harrapatu zuen 1968ko maiatzak. Gero, Parisen psiko-soziologia ikasteko tarte bat egin ondoren, Probintziako idazkari nagusi izendatu zuten. Erdi Arotik zetorren apaiz-eredua gainditu nahi izan zuen; aurrerantzean langile izan nahi zuten, laikoekin eskuz esku aitzina egin, herri xumearen sentipenak sentituz, bide berriak urratuz. 1972an Donapaleuko komentua utzi eta fraide lagun batzuekin elkarte berri bat ireki zuen Domintxine herrian. Etxalde bat zen Domintxinekoa, ez komentu; bertan laborariak, kultur elkarteak, langileak, euskaltzaleak, erakunde politikoak, mugimendu kristau berrizaleak... biltzen ziren; aterpe-etxea izan zen hura oraindik ere instituzioetan tokirik ez zuen euskal mugimenduarentzat. Laikoek eta fraideek elkarrekin lan egiten zuten.

Lan berriaren dinamikak erakutsi zion aldaketaren izpiritua oinarriko kristau-elkarteetan konkretatzen zela. Emeki-emeki elkarte horiek eliza antolatzeko alternatiba gisa sendotu ziren harik eta hierarkiaren piramideari buelta emateko baliatu beharreko tresna bilakatu arte. “Fededunak” taldea sortu zen orduan Iparralden, Hegoaldeko oinarriko elkarteen parekotzat har dezakeguna; eta Manex han egon zen, taldeko idazkari eta bultzatzaile nagusi elkartearen ildo teologikoa zehaztean. “Herriarekin” filosofia bereko apez taldean ere konprometitu zen.

Berrogei urteko adinean bere anaia frantziskotarrek Akitaniako Probintzial hautatu zuten. Ordurako hasita zuten fraideek erlijioso-bizitzaren birplanteamendua, eta garai hartan Donapaleuko komentuan Manexekin bizi zen Bertrand Duclos anaia, “Frères du Monde” aldizkari antikolonialistaren fundatzailea, berarekin aritu zen egitasmo horretan. “Fededunak” taldeak, bestalde, gero eta erantzukizun handiagoa bereganatzen zuen. 1973an Udako Euskal Unibertsitateak Donibane Lohitzunen mintegi berezi bat antolatzeko eskatu zion “Fede krisia Euskal Herrian” izenburu pean. “Fededunak” taldeak eliz eredu berri batera abiatu zituen bere ahalegin pastoralak, non euskarak toki berezia izan behar baitzuen. Euskararen alde zintzo konprometitu zen Manex, Seaskako lehen irakasleen hezitzaile, AEKko Gau Eskoletan irakasle, eta laborariekin, Etxarriko laborantza-eskolan...

Hala ere, lan horren guztiaren zurrunbiloan, tarteak ateratzen zituen seroren komentuetara gogo-jardunak eta hitzaldiak ematera joateko eta tarte berezia ere olerkirako, bizia isilean dastatzeko, Manex gai baitzen, alegoriaren eskutik, biziaren misterioan barneratzeko.

Berrogeita hamar urteak betetzear zituela eraman zuen arreba Heriotzak. Bat-batean, Probintziako frantziskotar arduradunekin Tolosan (OC) zegoelarik, Pazko bezperan. Odol-isuri bat izan zuen 1984ko apirilean, eta egun batzuk beranduago, maiatzaren 1ean, bihotzean beti eraman zituen langileen egunean, ehortzi zuten.

Xabier Lasa Gorraiz

Iturria: Manex Erdozaintzi-Etxart. Bizitza eta Pentsamendua, Xabier Lasa Gorraiz, EFA, Donostia, 2000.

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons