MANEX ERDOZAINTZI

EDOUARD HERRIOT

Jakin, 3. zk., 1957, 97-106. orr.

Zonbeit urthe hontan jakintzak egin du urhats haundirik alde guzietarat; oldar gaitzean badoa bethi barnago bere ikhertzetan, bethi hobekiago bere asmatzetan. Ez dakigu geroan zer izanen diren jakintzaren ondorioak, on ala tzarrak. Bena orai dakiguna da erresumen arteko mugak gainditzen ari dituela eta herri-aldeak elgarretarat hurantzen. Hortarakotz gire erresumen artean geroago eta gehiago elgarrekin mintzatuko, elgarrekin kurutzatuko, elgarren berri jakiteko, elgarren arrangurak ezagutarazteko, ez bakarrik kultura zeretan bena bereziki ekonomia eta gizarteko zeretan, baitezpada politika zeretan. Horrek erran nahi du oraiko gizonek beharko dutela gogoa lehengoek baino zabalago; kaskoa hobekiago egina; bichta bat frango urrun eta zabal ikusten ahalko duena; hitz batez gizonago beharko dute agertu zuzentasunaz, zintzotasunez betheak; besten zeretaz hartuak.

Egun Edouard HERRIOT beitugu gure idaztiar ekheia, erran dezakegu zerbait gisaz gizon horietarik bat izan dela, beharba Ameriketan, Russian eta Angletarian Frantzian baino gehichago estimatua. Gogo haundiko gizona baitezpada, bena anitzetan bakarrik zoanan... eta oraiko egunean nehor ezin ibili bakarrik, nehork ezin egin zerbait bakarrik; bena bere ber ibiltzea eta lanean artzea ez othe da Frantsesen defaut bat, Euskaldunena bezala.

Edouard HERRIOT aipatzera goatzi. Ez alta nahi ginduken bezala, ezen gure ahalak ttipi baitire eta gure jakitatea arras labur. Norbait, entzutez baizik, ez delarik ezagutzen biziki neke da hartaz zerbait erraitea edo idaztea. Besteñez ere goizegi da Frantziako edestian holako tokia atchiki duen presuna batetaz zerbait aipatzea. Bestalde ere, ez dugu nahi gintuen idazti eta chehetasunak bildu ahal izan. Barkamendu galdegiten dugu gure irakurler heien izpiritua goserik baizik ez beitugu utziko. ez dugu aipatuko HERRIOT radikal-alderdiaren buruzagi bezala, ez dugulakotz aski ezagutzen haren gogaia bakarrik haren norbaitasunaz dirdiraño bat bederen...

* * *

Marchoaren 26-ko arratsaldeko lauak eta laurden ziren Edouard HERRIOT-k eman duelarik bere azken hatsa. Jadanik duela lau ilabete bazuen eritasunak beretu zuela; ordu berean eremateko. Haren azken hitzak izan dire "La Ruhr, la Ruhr" orhoitaraziz bere politiko biziko aspaldinoko gertakari bat.

GIRICHTINO IHORZKETAK

Uono ezagutza osoa zuelarik, astelehenean, bietan galdatu zuen, Andere HERRIOT bere emaztearen aintzinean, GERLIER kardinaleari girichtino ihorzketak ukhaitea. Nahi bezala ukhan ditu ostegun goizean, "Sainte-Eugénie" ospitaleko kaperan. Ba omen zen jende: GERLIER kardinaleak eman du absolbea. Zeremonia hortan aurkitzen ziranetan ezagutzen ahal ziren Jules JULIEN jauna, minichtro ohia, VOYANT eta BRUYAS jaunak Rhône-ko zenaturrak, CHARRET, deputatu ohia eta beste anitz jaun ospetsu...

Edouard HERRIOT hil aintzin Eliza katolikoari buruz itzuli dela! Bere alderdi-kideko askok, bereziki Edouard DALADIER jaunak, beltzuri batekin ikusi dute HERRIOT-en egitate hori eta ez dezakete sinets zer gisaz itzuli ahal izan den Eliza Amaren eskuetarat; entsegatu dira Eliza zerbait gisaz nahiz beltzatu eta HERRIOT-en egitate hori nahiz ukhatu. Maltzurkeriak bethi zerbait estakuru pentsatzen du!

Eztabada hortan nehork ez dezan dudamudarik ukhan huna GERLIER kardinaleak "l'Echo-Liberté" Lyon-eko kasetaren egileari egin dion aithormena:

"Artchapezpikutegiak ezagutarazi duelarik "Sainte-Eugénie" ospitalean izanen zen zeremonia girichtinoa, anitz elhe kurritu da bazterretan; orduan nahi ukhan dugu jakin GERLIER kardinalearen ahotik beretik berri horren segurtamena.

Huna zer aithortu daukun, "Sainte-Eugénie" ospitalean egina izan den cherbitchuaren ondotik: "Jakinik HERRIOT presidentaren osagarria nolakatua zen, laster ethorri naiz Cannes-tik, igande aratsean. Bereala telefonatu dut "Sainte-Eugénie" ospitalerat; jakinarazi dautet eritasunak ari zuela osoki hartzen. Astelehenean, goiz-alde ondoan, joan naiz HERRIOT presidentaren ohe-bururat, hogoi urthe hontan elgarren adichkide gindelakoan. Hatzeman dut ezagutza osoan. HERRIOT Anderearen aintzinean egin diotan galditza huni "onhartzen tuzia girichtino ihorzketak?" President jaunak garbiki ihardetsi du "BAI".

Gure solasaldia jarraiku dugu aintzina beste ekhei batean. Gerochago, uste ukhan dut zuhurtzia zitakela ene galderaren erreberritzea: "onhartze tuzia gitichtino ihorzketak?" Lehen aldian bezain deplauki ihardetsi daut: "BAI"

Horra zer dion bere artikuluan "L'Echo-Liberté" Lyon-eko kasetan, Martchoko 29-ko zenbakian. Diote bestalde, soñatu duen serorak, hil aintzin presentatu dion kurutzefikari pot eman diola anitz aldiz, erraiten zuela Andere Serorari: "Andere Serora, lagunt nezazu huntsa hiltzen".

HERRI IHORZKETAK

Lyon-eko hirian eginak izan tzazko herri ihorzketak. Hiriko etchean emana izan da hilaren kutcha eta Lyon-eko jendea gau eta egun luzaz ibili da haren aintzinean, bere auzaphez ohiari egiteko omenezko agurra. Martchoaren 30-ean, iagitz atsaldean, herri ihorzketak egina izan dire, René COTY Errepublikako Presidentaren aintzinean. Mintzaldi bat bakarrik: Guy MOLLET-ena, ziola: "osoki errepublikanoa zen eta, politiko alderdi guzien gainetik, kontseilari errespetatu eta behatua, haren esperientzia aldi bat baino gehiagotan izan baita baliosa".

* * *

Nahi ginduke orain zerbait erran Frantziak galdu duen gizon haundi horren biziaz. Aithortu behar dugu berriz ere chehetasunak frango eskas ditugula, ezen, gure ezagutian bederen, ez baita oraino lan mamitsuri eginik izan HERRIOT ekheiaren gainean. Beharko da zonbeit ilabete edo anhitz urthe idurikatu zerbait agertu aintzin, ez baita dudarik Frantziako edestian HERRIOT jaunak zati eder bat bethe izan duela eta norbait idazlek egun batez nahiko dakola eskaini zor zaion ospea.

LYON-EKO AUZAPEZ

Troyez hirian sorthua zen 1972-eko Uztailaren bostean. Ez izanagatik familia aberats batean sortua, bere ikhasteak egin zituen eta jarraiki mail gorenetaraino. Hartze hona izan behar zuen, ezen erakutsi du anhitz aldiz kultura zabal eta aberats baten jabe zagola. Ez balitz politikan sarthu, beharba Frantziako idazle hobenetarik jelgiko zitaken. Hogoi ta bi urthetan lehen jelgi zen agregazioneko konkurean eta hogoi ta amabi urthetan presentatu zuen letra-dotergoaren ekheia "Madame RECAMIER et ses Amis" deritza idazti aipagarria eta bikaina. Liburu horrek erakusterat emaiten dauku berdin edeslari gothorra jelgi ahalko zitakela edesti sailean. Deskantsatzeko bezala idatzi ditu beste zonbeit liburu, hala nola: "LYON N'EST PLUS", "FORET NORMANDE", "JADIS". Musika sailean aldiz utzi dauku: "VIE DE BEETHOVEN" 1929-ean argitarazia.

1904-eko urthean Ampère ikhastegian erakusle bezala aurkitzen dugu eta ber urthean Lyon-eko zen nechkato batekin ezkondu zen. Ber urthean ere Lyon-eko kontseiluan izendatua izan zen eta ordutik gioz sekula ez da kanporat igorria izan, auzaphez kargua jasan behar izan duela 1905-etik heriotzeraino. Lehenik achuant gisa hautatu zuten eta gerochago 1950-ean, Victor AUGANEUR-en ereplazant ezarri zuten Lyon-eko auzaphez.

Frantziako haundienetarik den hiri nagusi huntan HERRIOT jaunak ibili dituen lanak anitz dire: ala bizitzalen osasunaren artatzearen alde; ala ikhaskuntzaren alde; ala hiri hortako induztria eta komertzioaren estranjerean ezagutarazteko eta salbiden errechteko. Nola ez aipa orai mundu guzian halako fama eta arrakasta duen Lyon-eko feria, 1916-ean moldatu zuena? HERRIOT-en obretarik ederrena ere "GRANGE-BLANCHE" ospitalea; nahi ukhan zuen tresna hoberenetaz muntatua izan zadien. Gisa berean asko obra balios eta Frantzia guziaren ongiarentzat.

JAUN PRESIDENTA

1936-etik 1940-erat: Deputatuen Ganberaren President.

1946-etik 1954-erat: Nazioneko-Biltzarraren President.

Atseginekin ikhusten zuketen gizon haundi hori mintza-alkhirat iragaiten; atseginekin aditzen haren botz ozena, sartzen bezala zela bihotzetan barna, gogoak berotuz, kheinu batez finkatzen zuela bere gogaiaren garrantzia. Bazakien ederki mintzatzen, ez segurki jendea nahiz lilluratu, bena charmatuz nahiz aijeago izpirituetan sararazi bere doktrina. 1946-ean Frantsesek deitzen balin bazuten Nazioneko-Biltzarraren president bazakiten ez zutela gizon gazte eta ez ezagutu bat deitzen (deja berrogoieko gudua aintzin bost urthez ber kargua kudeaturik ukhana zuen), bena bai omen haundiko gizona, hartan ezartzen zutela beren konfiantcha. Kargu berri hortan ere enplegatu ditu bere indarrak eta ez da egon ahal izan auherrik. Palais-Bourbon-eko aldean den president-otelean erezibitzen zituen bijitatzaileak, bethi gisakoki eta beroki. Haatik, Alemanek erbestu beitzuten, gibelerat itzuli zen bere osagarria azkarki anderaturik; gerlako ondorio horiek bethi emendatuz bazoatzin eta jenatzen zuten bere moimendu eta harat-hunatetan; haren urhatsa eztitua zen. Halere ez zuen galtzen laneko kharra. Chankha bat eskuan, beste eskua bere ucheraren sorbaldaren gainean pausaturik, egun guziez bazoan bere apartamenduko barnetarik Biltzarraren saletaraino eta biziki nekez jartzen bere alkhian.

Etsitu gabe, deputatuen jardunak kudeatzen zituen artoski, bere larderia guziarekin. Gorputz higatu horren barnean ezagun zitaken haren izpiritu chorrotch eta biphila bere distiran.

1953-eko Abendoaren 1-ean, ezaguturik bere indarrak ahulduz zoatzila, Biltzarrari ezagutarazi zuen, LE TROQUER jaunaren medioz, ez zuela presentatu gei 1954-eko urtharrila, ez ziola geiago ihardok Presidentgoako karguak dakarzkan eginbide dorpheri. Orduan Biltzarrak eman zion ohorezko titulua eta eskeini egotegi bat Parisen berean.

GOBERNAMENDUKO BURUZAGIA

1924-eko bozkak.

DREYFUS-en afera denboran (1898-1900) HERRIOT sarthu zen politikan. Ordutik ikusten dugu sail horri osoki emana. 1924-ean bozkatzeak egin zirelarik Léon BLUM zen Zozialichten aintzindaria eta Edouard HERRIOT aldiz Radikalena. Bi alderdi horiek patchuerkatu ziren "CARTEL DES GAUCHES" deritzan batasunaren moldatzeko. Batasun hori dela medio HERRIOT kontseiluko President gisa hautatua izan zen bozkatze horietan. Berehala bermatzen da erresumen arteko aferen antolatzerat, ala ekonomia ala gizarteko zeretan. Halere Frantzian barnean ez dezakete Laizizmoaren alde lehentchago hasi oldarra bara eta huna HERRIOT-ek Frantzia barnean jarri gei duen politikaren programa, lau phuntutan:

- Laiko-legea Alsace eta Lorraine eskualdetako eskoletan jartzea.

- Kongregazionen kontra 1901-ean bozkatua izan zen legea finkatzea.

- Vatican-eko enbachadorea kentzea.

- Eskola bakarra (Gobernamenduko eskola).

"Cartel des gauches"-en egintzak.

I.- Alsace eta Lorraine eskualdeak.

1801-eko akordioaren arabera eraikiak ziren eta kudeatuak Frantziako eskualde huntako eskolak: lehen mailako eta normaletako eskolak sinendunen araberazkoak (Protestant, Judio, Katoliko). Bigarren mailako eskoletan girichtino ikaskuntza obligatu da. Eskola horiek guziak Gobernamenduak behar ditu lagundu eta pagatu.

HERRIOT-ek nahi izan duelarik eskola laiko legea jarriarazi Alsace eta Lorraine eskualdetan, jendetze guzia harrotu da eta 24 deputatu Alsaziano eta Larrainiano altchatu ziren "statu quo"-aren alde. HERRIOT-i behartu zitzaion Alsaziano eta Lorrainiano jenden nahiari amor eman.

II,. 1901-eko legearen finkaraztea.

Lege hau bozkatua izan zen WALDECK-ROUSSEAU minichtro zen denboran. WALDECK-ROUSSEAU aphezen kontrakoa zen eta zion Kongragazionek egin lana galgarri zela erresumaren batasunarentzat. Orduan asmatu zuen chedea Kongregazioneak behar zirela Errepublikaren pean sumetitu, ziola Frantzian sobera nonbre haundian zirela eta ontasun anitzen jabe; beren eskoletan gazteria guztia biltzen zutela eta erlijione katolikoan altchatzen; errepublikaren alderako ahiergoan atchikitzen. Ez zituen alta Kongregazioneak nahi ezeztatu bena bai haien indarra ttipitu, haientzat dretchoaren araberako zerbait aphailamendu nahiz eraiki. Orduan izan zen bozkatua 1907-eko Uztailaren 1-eko legea: Kongregazione zonbeiti bakarrik uzten zuena eskolen zabaltzeko dretchoa eta emaiten erakusteko baimena. Kongregazionen kontrako gudu hori garrazkiago jarraikiko du COMBES-ek, WALDECK-ROUSSEAU-ren ordain hautatua izanen delarik 1902-ean. Huna hiru phuntutan COMBES-en programa:

- Kongregazioneak gudukatzea.

- Ikaskuntza erreberritzea.

- Eliza eta gobernioa elgarretarik behechtea.

HERRIOT-en politikak ez du garratz aire hori. Bena ez dugu ahantzi behar errotik errepublikano dela eta beraz ideia errepublikanoez hantua, Elizaren alderateko ahierkune bitchi batekin. Besteñez ere behar gire ohartu haren gogoa hazia izan dela laiko doktrinan eta 1900-etik hunarat izan diren aharra eta eztabadetan zerbait gisaz, guti edo aski, parte hartu izan duela. ez da aren harritzeko bere aintzinagokoen ber oldeari jarraikitzen balin bada. Haatik behar dugu erran badakiela gauzen abilkiago eta ederkiago presentatzen. Bena aski abila izan bazen ohartuko zen aije 1924-eko jendetzea ez zela 1900-ekoa bezalakoa;1900-en eta 1924-en artean izan dela 14-eko gerla eta geroztik Frantzian beste mentalitate bat zela, gerla aintzinokotik arras diferenta. Frantziako populuak bazuen aski elgarren arteko aharraz eta eztabadez; asko sofritu izan du Alemaniaren kontra egin behartu zuen gerlan eta orai bake pochi bat baizik ez zuen bilatzen. Aije ulertzen dugu orai HERRIOT-ek bere programa nahi ukhan duelarik aplikatu Kongregazionen kontra, nola jende chehea altchatu zen lege horren kontra. Jende cheheak ez du nahi utzi bere burua lilluratzerat, are gutiago engantzerat. Bere jite bereziaren arabera maite du zuzentasuna eta ez dezake onhart gerla denboran etsaiaren gudukatzen ikusi dituen aphez eta fraideak berriz ere izan ditezen kasatuak, lehengo denboretan bezala. Ezen ohartu beita heiek zaukatela bihotzean Aberriaren alderateko egiazko amodio bizia. Ez du nahi Kongregazionen kontra zerbait egina izan dadien eta bere gain hartzen du heien begiratzea. Zer egin dezake gizontto batek, izanikan ere zonbat nahi boteretsu, jende chehea, populua, baetsan, oldartzen delarik bere gustuko ez duen zerbaiten kontra? HERRIOT-ek ez zuen gehiago aipatu legerik! Ichil ichila amor eman behartu zitzaion!

III.- Vatican-eko enbachadorea kentzea.

Zenatoren ganberan phuntu hau ez zen onhartua izan.

IV.- Eskola bakarra.

Nahiko zuken Gobernamenduko eskola bakarra. Ez zitaken beste eskolarik zabal.

Katolikoek ederki ihardoki zuten eta HERRIOT-en amentsa horrela baztertu. Haatik ereusitu zuen urririk haurrak eskolatuak izaitea bigarren mailako eskoletan; gisa hortan iduritzen zitzaion langile ta laborari semek aijeago egiten ahalko zuztela beren ikasteak, aijeago ere heltzen ahalko zirela goragoko mailetaraino.

* * *

Artikulu hau urhentzean pentsaketa egiten dugu zer jujamentu ekhar HERRIOT jaunaren gainean. Haladere gure begi kolpea gurea da eta ez beste batena. Halber jujamenduarentzat: gure jujamendua osoki gurea da. Nola ere begistatzen beitugu norbait eta barneraino ikertzen, halaber gure jujamenduaren mamia. Ez dugu emanen jujamendurik, ezen gizon baten aintzinean ez baita gauza baten aintzinean bezalako izamena ukhaiten ahal. Gizon bat behar da bethi errespetuz behatu. Jainkoak egina duelakotz eta Jainkoak bakarrik beitezake bere osoan (gorputz eta arima) ezagut, eta beraz jujamendu egiazko bat ekhar. HERRIOT-en gainean dakiguna da, bere biziko azken mementoan Jainko maiteari hel egin diola, Eliza Ama sainduaren alderat bere begitartea itzuliz. Nor giren Jainkoaren aintzinean, hortan dauke guzia. Zer izan den gure bizia Jainkoaren aintzinean; zer gure gogoeta eta gure egintzak.

Alta badute gizonek ere jujamendu bat ekartzeko, ezen gizona gizonen artean bizi beita eta beititugu elgarren alderateko eginbideak. Denek bizi behar elgar lagunduz eta elgar maitatuz. Bizi behar ere erresuma baten barnean, eta erresuma horren ongia arthoski bilatu behar. Gizon bakochak baditu bere eginbideak bere Aberri eta Gobernamenduaren alderat; anitzetan eginbide horiek ahantzirik, gure dretchoak baizik ez ditugu aipatzen. Guk ere behar dugu pharte hartu gure lurreko erresuma bakotcharen egiten; nahi ukan behar dugu gure erresuma bakotcharen izaitea eta haren haunditasuna, haatik lurraren gainean moldatu izan diren beste erresumak errespetatuz bai ere oraiko denboretan alde guzietan moldatzen ari diren erresuma berriak.

Frantziarentzat HERRIOT-ek egin du anitz ez dezakegu guk erran zonbat, ezen ez baititake chuchen izart gizon baten lana edo merezi duen bezala aski estima. Anitz egin duen hortan bada on eta tzarrik; kalte frango egin duke bere ideologiari jarraikiz, ez dugu uste gachtakeriaz edo martzurkeriaz; uste zuen untsa egiten zuela eta, bere gisan, Frantsesen ongia bilatzen zuen. Eta uste dugu, gure iritziz bederen, Frantziako edestian toki berezi bat emanen zaiola, gizon politikero haundi bati zor zaion bezala.

F. Arnaud ERDOZAINZY-ETCHART (ofm)
ORSAY-n (Paris)

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons