MANEX ERDOZAINTZI

DENAK ESKUZ ESKU, SAIL BEREAN

Herria, 1956ko maiatzaren 10a

P.L. Jauna, milesker erraiten dautzut igorri dautazun ihardespenarentzat; ez zaut batere gaitzitu, bainan bai atsegin haundirekin irakurtu eta arra-irakurtu, gogoeta eginez. Ezen zuk eman argitasunak chuchen aurkitu beititut eta uste beitut elgar mintzatuz, elgarri gogoa zabalduz dukegula zerbait eginen eskualdungoaren alde.

Ainhitzetan ez dugu aije onhartzen bertzetarik zerbait oharpen ukhaitea; urguluak gaduzka itsuturik. Eta uste dut gazteak behar duela zaharragokoeri behatuz bere gogoa chorrochtu, osotu, finkatu; bai ere zaharragokoek behar dutela gaztek eman oldarra onhartu, kudeatu, aladere elgarren alderako eginbideak baditugu.

Horrela denak eskuz esku lothurik, zerbait eginen dugu, guhauren ber, muthurturik, zokho batean baratzeko orde. Egiaren legea da gizonek gizonen artean behar dutela bethi egiazki mintzatu eta obra bat eraiki egiaren eta zuzentasunaren zimenduetan.

DENAK OHART GAITEZEN...

Ez dugu auhenka artzerik, bainan nahi ginduke eskualdun guziak ohart ditezen beren Herriaren alderako eginbideeri, ezen gure Sor-Herriarekin zorretan beigaude, eta denak deliberatzen bagine gure bizi tokian bereziki Eskual-Herriko hirietan (Baionan, Miarritzen, Donibane Lohitzunen, Hendaian, Senperen, Saran, Khanbon, Hazparnen, Donibane-Garazin, Donapaleun, Maulen, Atharratzen...) zerbaiten egiterat: eskuararen erakusterat familietan; eskual-kantu eta dantzen deneri erakusterat; eskual-teatro, mintzaldi eta deskantsuen herri guzietan moldatzerat,... Eskual-Herriak har lezake oldar berri bat, azkartasun bat, bere biziarentzat bil beilezake segurantza.

Uste beitugu badirela indar ainhitz Eskual-Herrian gaindi gorderik dagotzinak; beitakigu badirela osoki eskualdun direnak, bihotzez, izaitez, behar ditugu lagundu agertzen, beren Sor-Herriaren eskutan hartzen eta gora eraikitzen.

TRESNA BERRIAK ESKUARAREN ALDE...

Laborantzako zeretan ageri dire, gizon argitu eta jakintsunek, Eskual-Herriko laborantchako ikhastegiek abiatu sailaren ondorio onak. Laborariak hartzen du gustu laborantchan; lurrak ikher-arazten ditu eta azi berrien entseguak egiten; hartzen du konfiantcha eta nahi du bere etchondoa azkartu, edertu bere egoitza maitea izan dadien bere haurren haurren... egoitza choragarria. Ainhitz herritan eletrika ere ari dute ezartzen eta fitechko tresna suerte guziak eletrika indarrarekin ararazten ahalko dituzte. Sarri radioa erosiko dute, bainan nahi lukete, adituko dituzten aireak, entzunen dituzten mintzaldiak, eskuarazkoak izan ditezen; ezen, beren etchondoa azkartuz geroz, finkatuz geroz, nahi beilukete beren eskual-norbaitasuna begiratu. osotu, edertu; bahi beilukete beren etchondoan bethi izan Etcheko-Jaun eta Etcheko-Andere. Eletrika jinez, negu eta igande aratsetan aije izanen beita irakurtzea, nahi luzkete eskuarazko irakurgaiak berentzat, bai eta ere beren haurrentzat; ezen aijetasunean ere nahi beilukete eskualdun izan.

Hortakotz, herrietan behar litake nechkatto edo muthiko gazte bat deskantsuetaz okupatzeko izendatu, irakurgaiak Baionatik ekhararaz, gero igandetan herrian barrea eta sal litzazkena. (Erlijionearen kontrakoek badakite segur ahalgerik gabe beren paper eta kaseten hedatzen eta ez zaiote iduritzen denborarik galtzen dutela!)

ESKOLA-SOLAS

Berezikiago Eskual-Herriko Eskola libro guzietan eskuara behar litake erakutsia izan; hortakotz, ez da gobernamenduaren permichionerik behar; aski da Jaun Aphezpikuaren eta eskola hoietako buruzagien baimena.

Bainan hori ere eskualdunek berek behar dute nahi ukhan. Eta eskualdun aphez, erreint eta erreintsa erakuslek behar dute fermuki dretcho hori galdegin eta ardietsi artino, ez barkhatu. Behar da nahikunde, amodio, zintzotasun. Frogatua da ere eskuara erakutsiz, frantsesa hobekiago haurrek ihasten dutela. Horrela eskuara erakutsiz eskualdun haur guziek obligatuki, gustu hartuko dute eskuararen irakurtzen, mintzatzen; barnago sarthuko zaiote eskuaraz eman erakaspen girichtinoa eta geroan izanen dire Eskualdun-Fededun.

NOREN GAIN?

Nork behar duen eskua eman sail hortan? Denek, izan ditezen laborari, langile, ala jakintsun. Denek, berezikiago ikhastegi nausietan beren ikhasteen egiteko eta bururatzeko chantza ukhan duten eskualdun guziek, beren eginbide-hertsitzat behar dute hartu eta begiratu: eskuararen erakustea; eskual-dohain berezien eraikitzea, hogoigarren mendean izan gaitezen lehengoetan bezain eskualdun-fededun eta guri behatuz, gure herri auzoetako gizaldeek ikhas dezaten Jainkoaren eta gizonaren errespetua; Jainkoaren eta gizonaren amodioa.

Denak eskuz-esku sail berari eman gaiten. Eskual-Herria aberats daukagu, balia gaitezen. Eskualdun girelakotz eta nahi dugulakotz bizi orai eta bethi, ez gaiten etsi.

M.O

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons